Ustelkeria zaharra, abiadura handian

  • Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren azken eskandalua, Saudi Arabiako AHTren eraikuntzagatik jasotako eskupekoa, monarka espainiarrek aspaldi hasitako zerrenda luze baten enegarrena da. Borboi Etxearen ustelkeria sistematikoa, huts egin duen estatu ahul baten sintoma besterik ez da, eta garaian garaiko arduradun politikoen laguntza interesatua beharrezko izan dute horretarako.

Suitzako Tribune de Géneve egunkariak pasa den martxoaren 3an argitaraturiko esklusiba, kontrolik gabe handitzen ari den pilota bihurtu da Espainiako errege-etxearentzat. Albistearen arabera, Suitzako fiskaltza Juan Carlos Borboikoa ikertzen ari da, Saudi Arabiako monarkiak 100 milioi dolar oparitu zizkiolako, ustez, Mekara doan AHTren aurrekontua merkatzearen truke –Espainiako enpresa publiko eta pribatuen talde batek eraiki zuen trena–. Diru hartatik 65 milioik Corinna Larsen enpresari eta espainiar erregearen bikotekide ohiaren kontu batean amaitu zuten, Bahametan.

Handik egun gutxira The Telegraph-ek Felipe VI.a bera nahastu zuen auzian: Mekako AHTren komisioak Lucum izeneko Panamako offshore fundazioaren bidez egin ziren eta haren onuradun gisa agertzen da Espainiako erregea. Are gehiago, hegaldi pribatuak baliatzeko beste fundazio baten zerbitzuak ere jaso omen zituzten.

Herrialde batek estatu gisa duen ahultasunaren seinale da bere egiturazko ustelkeria, eta artaldea besteren sorotik gizentzen, Borboiak txapeldun izan dira historian zehar

Felipek, bere irudi publikoa garbitze aldera, uko egin zion aitaren herentziari martxoaren 15ean –ez ordea beragandik jasotako koroari–, Covid-19agatik Espainian Alarma Egoera ezarri zen egun berean. Eta horrekin, nolabait aitortu du askorentzat ageriko dena: ustelkeria izan dela Borboi-etxea eraikitzeko argamasa nagusietako bat.

Trenbideak Borboien negozio

Herrialde batek estatu gisa duen ahultasunaren seinale da bere egiturazko ustelkeria, eta artaldea besteren sorotik gizentzen, Borboiak txapeldun izan dira historian zehar, Sapiens aldizkari katalanak ekaineko erreportaje batean gogorarazi digun bezala.
Esaterako, obsesio berezia izan dute monarkek trenbideen negozioan sartzeko; ez alferrik Maria Cristina erregeordeak baimendu zuen “bere” errentak hipotekatzea 1837an, Kuban lehen ferrokarrila egiteko Habana eta Güines artean. Hala, gerrako presoen eta esklaboen izerdiaz eraikitakoa, 3.500.000 milioi pesotan saldu zuten handik urte gutxira, azukre-oletako aberatsekin –asko euskaldunak– esku hartuta.  

Urte batzuk geroago, Madril eta Aranjuez artean beste tren linea bat eraikitzerakoan ere erregeordeak José Salamanca bankariari esleitu zion zuzenean obra, eta zeharka bere ama eta aitaordeari. Gobernazio ministroa irregulartasun horren jakitun zen arren, operazioa ezkutatu zuen. Trenbidea 1851n jarri zen martxan, baina jenderik apenas eramaten zuenez, baratzeko produktuak garraiatzeko erabili zen; geroztik “Marrubien trena” izenez ezagutzen da eta egun turistentzako erreklamo huts baizik ez da.

Izan ere, denona dena norberarentzat hartzeko monarken zaletasun hori, ez litzateke posible izango estaldura politikorik gabe. XIX. mendean Europako lurralde gehienetan absolutismoa kapitulatuz zihoan bitartean, Espainian Borboien dinastiak botereari eutsi zion lurjabe handien laguntzaz. Aristokrata zaharrek eta finantzari berriek zerikusi zuzena dute Zarzuelako jauregiko katanarruak nola loditu diren aztertzerakoan.

Felipe V.ak Amerikako kolonietako merkataritzaren monopolioa baliatu zuen iruzur bidez dirua egiteko, tartean esklaboen salmenta. Bere aita Luis XIV.ak erakutsi zion denon ondasuna bereganatzeko bidea: “Estatua nirea da” esan omen zuen.

‘Beltzen asientoak’ eta ondare partikularrak

“Estatua nirea da”, esan ei zuen Luis XIV.a errege frantziarrak. Eta Felipe V.ak  literalki konplitu zuen aitonaren dogma, 1700ean Borboi dinastiako Espainiako lehen errege bihurtu orduko. Amerikara esklaboak eramateko monopolioa eskuratu zuen eta beltzen asientoak esleitu zizkion bera eta aitona parte ziren Gineako Konpainiari. Horrela, bidaia bakoitzeko etekinen %25 poltsikoratzen zuten batak zein besteak.

XVIII. mendeko konpainia pribilegiatu mistoen joko horretan bete-betean sartu ziren euskaldun ugari. Inbertitzaile partikularrez gain, erregea bera ere izaten zen akzioduna, baina honek zerga eta eskubideen bidez ordaintzen zituen kredituak, dirutan beharrean. Halaxe egin zuen, esaterako, Caracaseko Gipuzkoar Errege Konpainiarekin: 200 akzioen truke ez zuen txanpon bakar bat ere jarri. Bankuak bezalaxe, erregeak ez du sekula galtzen.

300 urteko historian Borboi familiako kideek ondasun publikoari egindako arpilatzeen berri ematen digu Sapiens-eko Arnau Cònsul kazetariak, Bartzelonako Unibertsitateko historia irakasleek gidatuta. Fernando VI.aren emazte Bárbara Bragançak, hildakoan, 10 milioi errealeko fortuna utzi zuen testamentuan; eskandalu hark agerian utzi zuen erregeek Koroaren altxorra eurentzat hartzen zutela. Fernando VII.ak, aldiz, dekretu bidez pribatizatu zituen jauregiak eta pintura baliotsuak 1814an, Napoleon garaituta berrezarri zutenean: “Hor ikusten da Espainiako Estatuaren disfuntzionalitatea, seguruenik gaur arte iraun duena”, dio Cònsulek.

Jauregiko laguntxoak  

Espainiako erregeen poltsiko sekretua, hau da, euren gastuetarako “B” kaxa antzeko bat, handitu besterik ez zen egin urteen poderioz. Baina horretarako ezinbesteko izan zuten jauregiko ganbera edo camarilla delakoaren laguntza; kargu ofizialetatik harago itzalpean hariak mugitzen zituzten bankari eta elite boteretsuek osatzen zuten talde hori –inbertsioak non eta noiz egin aholkatzen zuten, kartak aurretik markatuta zeuzkatelako–. Maria Cristina erregeordearen garaian ustelkeria sare horrek goia jo zuen: trenbideak, esklaboen salmenta, gatza… negozio ilun orotik ateratzen zuen etekina Borboiak.

Haren alaba Isabel II.ak bide beretik jarraitu zuen, harik eta 1866an Europako lehen finantza krisi handiarekin batera, Espainian trenbideen inguruan sorturiko burbuila lehertu zen arte. Handik bi urtera tronua utzi eta erbestera alde egin behar izan zuen.

Suitzako kontuak

Ezkutuko inbertsioak –adibidez, Marokoko Riffeko mehatzeetan–, zerrenda “zibilen” bidezko diru-sarrerak, luxuzko altzari eta eraikinen salmenta –esaterako, Donostiako Miramar jauregia–… dirua egiteko makinari eragiteko modu praktikoak izan dira Espainiako monarkiarentzat, XX. mendea ondo sartu arte.

Alfonso XIII.a Azpeitian Urolako trenbidea inauguratzen 1922an; urte gutxian bere fortuna hirukoiztu egin zuen. (arg.: Kutxa Fototeka)

Egungo erregearen aitonak, Juan Borboik, frankismo garaian erbestealdian egonagatik ere bizimodu oparoa izan zuen eta 728,75 milioi pezeta utzi zizkion haren semeari Suitzako kontu batean. Hori da Juan Carlos I.aren fortunaren jatorrietako bat. Hala, Espainiako Estatuaren “berezko ahultasunaren ondorioz”, dio Cònsulek, monarkia konstituzionala berrezarri zenean, honek jarraitu zuen “errepublika aurreko egitura ekonomiko eta influentzia berak josten”. Bankari eta enpresariz inguratu zen, faboreen bidez bere arbasoei ikasitakoa egiteko: kobratu. Forbes-en arabera 2003an jadanik 1.790 milioi eurokoa zen bere kapitala.

Un rey golpe a golpe (Errege bat kolpez kolpe, Ardi Beltza, 2000) biografia ez autorizatuan Rebeca Quintasek maisuki azaldu zituen Juan Carlos Borboiren harreman horiek; kazetariaren esanetan “PSOEren garaia bereziki izan zen aberasgarria”. Behin, enpresari katalan batzuek Porsche bat oparitu zioten erregeak 50 urte egin zituelako, baina Zarzuelara hurbildu zirenean harrituta geratu ziren hango garajearekin, BMW etxeak emandako zilindrada altuko luxuzko autoz beteta baitzegoen. Jakina, erregali hauek “ez ziren bere errenta aitorpenean sartzen”.

Felipe VI.a armagintzako “negozioak” egiten Saudi Arabiako Mohamed bin Salmán printzearekin.

Ekainaren 15ean errege emerituaren irudia kendu zuten Nafarroako Parlamentuko egoitzatik, Mekako AHTren komisio ilegalen afera dela-eta –Espainiako Auzitegi Gorenaren esku geratu da kasua–. Harrigarria izan liteke PSN ados egotea erabaki horrekin, ez hainbeste Espainiako Kongresuan alderdi sozialistak berak ikerketa galaraztea, Vox eta PPrekin bat eginez. Iñaki Anasagasti EAJko senatari ohiak asko idatzi izan du Borboien monarkiaren inguruan ezarritako zentsuraz, eta Kongresuko alderdi horien jokaeraren zergatia azaldu dio Sapiens-i: “Estatuko botereek ez dute ezer egingo ‘trantsizio zoragarriaren’ kontakizuna izan denaren kontra, zeren, eta hemen dago gakoa, Espainiaren batasunaren eta iraupenaren sinbolo baita”.

Ikusi behar bere seme Felipe gai ote den aitak hain garai jarritako tronutik ez erortzeko. Oraingoz, 500.000 euroko Mercedes-Benz dotorea atera du paseatzera Sevillan, diru publikoz erosita noski.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako monarkia ezbaian
Felipe VI.aren hamar urteko agintaldiaren alde ilunak

Felipe VI.ak hamar urte bete ditu boterean ekainaren 19an. Vilawebek bildu ditu erregealdiko unerik ilunenetako batzuk. Horien artean daude bere aita Juan Carlos I.ak Arabiar Emirerri Batuetara ihes egin zuenekoa eta 2017ko urriaren 3an Kataluniako erreferendumaren aurkako... [+]


Carlos Fonseca kazetaria
“O-23ko estatu kolpean, erregeak jeneral bati baimena eman zion kontzentrazio gobernua osatzeko”

Espainiako armadak antolatu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea, baina helburua omen zen Alfonso Armada jeneralak gidatuko zuen zibilez osatutako kontzentrazio gobernu bat eratzea, eta Juan Carlos I.ak baimendu egin zuen gobernu hori. Hori dio Carlos Fonseca kazetariak... [+]


Hego Euskal Herriko biztanleen gehiengo zabalak nahiago du errepublika monarkia baino

Elektomaniak egin du galdeketa. Gipuzkoa da estatu guztian lehenengo postuan geratu dena, Bizkaia bigarrena eta Nafarroa eta Araba, berriz, laugarren eta bosgarren.


2022-05-24 | ARGIA
Monarkiaren kontrako adierazpenak despenalizatzeko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk

Espainiako monarkia iraintzeagatik se hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra aurreikusten du zigor kodeak. Lege hori bertan behera uzteko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk.


Galiza non ten rei

Itzuli da Juan Carlos eta Galizia aukeratu behar izan du erakusteko berak jarraituko duela egiten borboiaren puntan jartzen zaiona. Diotenez, diskrezioa eskatua zion Espainiako Errege Etxeak, ez zaiolako show handirik komeni, monarkia krisi existentzial bat bizitzen ari baita... [+]


Eskandaluak eta balizko maniobrak

Goiko esferetan mugitzen diren gizaseme zoriontsu guztiak antzekoak dira, eta egin behar ez luketen zerbait egiten atzematen dituzten guztiak berriz, bakoitza bere modukoa. Boris Johnson eta Iñaki Urdangarin, BoJo eta Besoluze –horrela deitzen omen dio Juan Karlos... [+]


2021-03-25 | Juan Mari Arregi
Sistema “ez dago prestatuta” gutxieneko pentsioetarako, baina bai hauen soldatarako...

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren ustez,  “sistema ez dago prestatuta” 1.080 euroko gutxieneko pentsioetarako. Baina bai, antza denez, berea bezalako soldatetarako. Ba al dakite horiek guztiek 950 euroko gutxieneko soldatarekin, 650eko DSBEarekin edo... [+]


2021-03-11 | Juan Mari Arregi
Errege “negozioen” estaltzaileak

Iraingarria da lehen Juan Carlos I.a Espainiako erregearen “negozioak” eta barrabaskeriak estaltzea ahalbidetu zutenek, orain hipokresiaz erreakzionatzea. Borboiak hainbeste milioi pilatu bazituen, ez zen bere lanagatik izan, baizik eta Espainiako errege izateagatik... [+]


2021-02-18 | ARGIA
Bi urte eta erdiko beste zigor bat ezarri dio Lleidako auzitegiak Haséli, espetxean sartu eta gutxira

Lleidako auzitegiak Pablo Hasél rap abeslariaren kontrako beste zigor bat berretsi du ostegun honetan, kasu honetan epaiketa batean "lekukoari mehatxu egiteagatik". Nolanahi ere, oraindik Espainiako Auzitegi Gorenean errekurritu dezake zigorra. Bigarren gauez... [+]


Felipe VI.aren estatua eraisteagatik deklaratzera Auzitegi Nazionalera otsailaren 9tik 12ra

Otsailaren 9tik 12ra deklaratu beharko dute Urriaren 12an Iruñean egindako prostestan parte hartu zuten gazteek. Urtarrilaren 12an ziren deklaratzekoak, baina Madrilek bizi zuen Filomena ekaitza medio atzeratu egin zuten.


Sortuk Espainiako monarkiaren amaiera eskatu du Iruñeko kaleetan

Iragan urriaren 12an Iruñean Sortuk antolatutako ekitaldi batean Felipe VI.a Espainiako erregea eta Kristobal Kolonen estatua sinbolikoak eraitsi zituzten. Horren karietara, Espainiako Auzitegi Nazionalak hamabi gazte deitu ditu deklaratzera. Horiei babesa agertzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude