Eusko Alderdi Jeltzaleak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenean gertatu gabea zen Zaldibarko desastrea. Hura itzali orduko, mun-dua sutu behar zuen COVID-19 pandemia heldu zen. Zorte txarra, benetan.
Eusko Legebiltzarra sakabanaturik, Iñigo Urkulluk eta bere alderdiak kudeatu dute pandemia, PSEko sozioak mutu. Herritarrek apenas entzun edo ikusi duten oposiziorik. Alternantziak eta alternatibak ez dira guretzako.
Mundu osoan bezala, Espainian ere Estatuak hartu du alarma egoeraren kontrola bere eskuetan. Indar autonomiazale eta subiranistek protesta egin ondoren, gero kudeaketari abantailak ateratzeko negoziatu dute, beste barik.
Koronabirusak Euskal Herrian Mendebaldean leku gutxitan bezalako hondamendi humanoa eragin du. EAEn are larriagoa. Ekainaren 21a arte Euskal Herriak 2.142 heriotza zeramatzan kontatuak, milioiko 675. EAEk milioiko 732: Arabak 1.133, Bizkaiak 807, Gipuzkoak 431.
Inork txintik atera gabe, Eusko Jaurlaritzak gai honetan erlikia bihurtu ditu Lurralde Historikoen Legea eta foralitatea (zergatik hautatu Legebiltzarra 25+25+25 formulaz?): hirurak bat bihurtu ditu, estatistiken maneiuan bezala konfinamenduaren epeen kudeaketan hiru hain ezberdin berdinduz. Eskandalagarria jokabidea, interes elektoralek baizik esplikatu ezin dutena.
Europako eskualdeen artean autonomia fiskal eta ekonomikorik handienetakoa dauka EAEk. Herritarren irudipenean askoz hobeagoa da hemengo osasun sistema publikoa ingurukoena baino. Hala ere, tragedia handi honek eskatzen du zorrotz berrikustea Eusko Jaurlaritzatik urteotan bai osasungintza eta bai zaharren zaintzarako hautatutako ereduaren oinarriak: funtsezko atal osoak zerbitzu pribatu ‘low cost’ bihurtu, ikerketa publikoa merkatuaren mende utzi, prebentzio eta hurbileko zaintza pobretuz diruak bioteknologietako proiektu eta produktu pribatuetara bideratu…
Karrikako solasei eta argitaratzen diren iritziei kasu egitekotan, herritarren artean kezka badago, baina gauzak hain txarto joan diren sentsaziorik ez. Seinale EAJk 4o urteotan antolatu eta sendotu duen makineria sofistikatuak ondo lotuta dauzkala informazioaren agenda eta iritzi publikoaren formazioa kontrolatzen duten hedabide nagusiak, publikoak eta pribatuak.
Ororen buru, 2008ko krisiaren ondorioak areago katramilatuz irakiten dago 100 urteotan munduak ikusi duen krisirik larriena. EAEn oraingo agintari berdinek jarraituko baitute hauteskundeen ostean –hori segurua da– hurrengo erasoak herritarrok harrapatuko gaitu 2020 udaberriko hondamendi humanoaren dolua txukun egin barik. Halako sargorietan lehertzen dira ekaitzik bortitzenak.