Hiru hilabete etxekoturik egon ondoan, jendeengan, plazara ateratzeko halako gutizia pizgarria sentitzen da. Hasieran distantzia soziala deitzen zuten egikerak zedarritu bakartasuna jasanezina izan da askorentzat. Bizidunak, landareak, abereak eta humanoak, nola ez, sortzetik beretik, izaki sozialak dira, beren on eta gaitzekin. Sendia hurbilaz eta tribuaz harago bildu nahi dugu gainerakoekin, pataskatzeko, maitatzeko edo xede kolektiboak aitzina eramateko.
"Ez dugu isolatuak egon nahi, hori ez, saldoan baizik, batzuetan zaila bada ere, bata bestearen bihotz taupak entzuten jarraitzeko"
Munduan zehar, ikusten denez, bereziki Georges Floyden Minneapolisko hilketa salatzearen karietara, jendeak karriketan dabiltza, multzoan, maskarak soinean, edo gabe, trinko eta tinko, polizia ezberdinei buru eginez. Elkarrekin izateko, ibiltzeko eta gas negargileen azpian ezezagunen artean sustatzeko gogoa dagoela ezin uka, masa anonimotan urtzeko bezala, hala nola tabakoa erosteko Dantxarinean edo Donostiako parte zaharrean pintxoak dastatzeko.
Beldur gara musukoak ez ote diren gure ele-zaparradak mugatuko dituzten burdinazko idi-muturretakoak bilakatuko. Ez dugu isolatuak egon nahi, hori ez, saldoan baizik, batzuetan zaila bada ere, bata bestearen bihotz taupak entzuten jarraitzeko.