argia.eus
INPRIMATU
Sasikumeen ‘capo’a
David Bou 2020ko ekainaren 24a

2011ko maiatzaren 27an Jordi Arasa Viñas Mossos d ‘Esquadrako inspektoreordea zen, eta ARROko buruzagiordea. Talde horrek, besteak beste, istiluen aurkako funtzioak ditu. Egun hartako irudiek munduari bira eman zioten. Arasak eraso egiten zien lurrean eserita Katalunia plazako M-15eko kanpaldia hustea eragozten saiatzen ari ziren pertsonei. Emaitza: 121 manifestari zauritu, plaza berrokupatuta eta gaur egunera arte oso eztabaidatua den ordena publikoaren eredu bat.

Arduretatik apartatu ordez garai hartako gobernu autonomikoak, Artur Mas buru eta Felip Puig Barne Sailaren arduradun zituena, ekintza justifikatu eta bere egileak goratu zituen. Hori dela eta, azken hamarkadan eskubideen urraketa etengabeak ikusi ditugu Bartzelonako herri mugimenduen protesta mota guztien aurka Arasaren eta bere gizonen eskutik. Etxegabetu dituzten auzokide ugarien atari aurreko erresistentziatik hasita, duela aste gutxiko Vila de Gràcia plazako gertakarira. Konfinamenduaren osteko lehen elkarretaratzeetako batean neska gazte bat atxilotu zuen Arasak, mobilizazio herritar baten protagonista sadiko bihurtuz –enegarren aldiz–.

"M-15eko kanpaldia husten saiatu eta bederatzi urtera, Bartzelonako Auzitegiak bi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eta gaitasungabetzea ezarri dio joan den astean"

Jakin gabe, agian egun hori izan zen ustez zerbitzatu behar duen jendartearen eskubideak jarrera arroan zapaltzen ikusiko dugun azken eguna –aldi baterako behintzat–. M-15eko kanpaldia husten saiatu eta bederatzi urtera, Bartzelonako Auzitegiak bi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eta gaitasungabetzea ezarri dio joan den astean, betikotutako bi lesio delitu egotzita –bi, besterik ez–. Hori guztia, egun hartan poliziak eraso egin zien 57 lagunen kemenari eta inoiz amore eman ez duen abokatu taldeari esker, kereila kolektiboa aurkeztu zutenak akelarre errepresibo harengatik.

Hurrengo egunean, Mossoen komisario buruak TV3 telebistan iragarri zuenez, Arasa ordena publikoko eginkizunetatik kanpo geratu zen, Auzitegi Gorenak Arasaren abokatua –Generalitateko diru publikoarekin ordainduta– prestatzen ari den helegitea aztertu eta zigor irmoa ezarri bitartean. Aurreikuspen bat egitera ausartzen naiz: ez du inoiz espetxea zapalduko. Baina argi daukat: hala ere, merezi izango du.

Azken urteotan kazetari gisa ikusi ditut manifestarien eta polizien aurkako epaiketa kontaezinak, joan den otsailean Arasaren aurkako epaiketaren hiru auzi saioetan izan nintzen. Saioz saio egiaztatu dut sistema judizialak polizia-kidegoak babesten dituela, arduradun politikoek txalotzen dituzten modu berean. Adibide argigarri bat: epaiketa egin ondoren, Arasa inspektore mailara igo eta Bartzelona osoko ARROen buru bihurtu zen.

Horregatik uste dut dela hain garrantzitsua epai hau, inoiz beteko ez badu ere. Partida beren jokalekuan irabaztea lortu da, beren lotsak publikoki erakustea, beren ekintzak gutxiestea eta babesten dituen sistema barrutik seinalatzea. Arasaren biktima askok ez diote inori kartzelarik opa, ezta berari ere. Ez dute uste ere justizia egin denik, benetan bilatuko balute ez baitzuketen inoiz auzitegietara joko. Ez isiltzea erabaki zuten, ez besterik. Eta orain, krisi hau aberatsek ordaindu behar dutela oihukatzeko berriz ere kalera irteten direnean, Arasak bulegotik pentsatuko ditu, larrituta, zigorgabetasunaren aurkako borrokan atsedenik hartuko ez dugun kideak gogoan.