“Ari gara gure buruak ehorzten, zuloa guretzako egiten. Oso gutxi sinesten dugu gure baitan”

  • Goizeko ordu txikietan kantuz hasi nahiko luke, edozein tabernatan, baina beldur da bitxiki begiratuko ote dioten, galtzen ari baita lagun artean kantatzeko ohitura. Ez da izanen errepertorio faltagatik, baina bai, agian, euskaldunok gure kantagintzari begiratzeko dugun moduagatik, hartu diogun zahar usainagatik. Hala uste du Ihitz Iriartek (Aloze, 1987), Iruñean bizi den abeslari, kantu taldeen gidari, kultur ekintzaile...zuberotarrak. Jatorriari buruzko topikoei tiraka abiatu da elkarrizketa.

"‘Muga’ esan, eta ikusten dugu marra bat, eta begiradak bi aldetara, bakoitza berera; baina iruditzen zait justuki toki horiek elkarguneak direla, eta kulturak, azken finean, eginak dira elkar ulertzea posible delako" (Argazkia: Josu Santesteban)

Hara, zuberotar bat kantuan.

Zuberotarra zarela esan eta askotan eskatzen dizute zerbait egiteko: “Kantatu, dantzatu... Badakizu, beraz emaguzu zerbait”. Ez da denei tokatzen zaien ibilbide bat, baina oso erraza da zuberotarra izanik bide hori topatzea. Zuberoan kantuak mantendu du funtzioa, festan, ezkontzan edo hiletatan; bada manera gordin bat, eta sentsibilitatez betea, zerbait edertzeko.

Izanen da desafinatzen duenik ere.

Bistan da [barrezka]. Baina egia da herri kantari batean sortzeak belarria lantzen laguntzen duela, eta kantuak ezagutarazten. Eta gainera, eta ez da bortxaz onerako, Xiberoan oso ongi kantatu dezakezu euskaraz kantaldi oso bat, baina euskaraz jakin gabe, edo euskaldun sentitu gabe. Pastoralak, maskaradak, oso deslotuak dira euskaldun izatetik, oso ohituretan sartuak.

Hor bada alderik Hegoaldearekin?

Ez derrigor. Iruñea Kantuz-en jende ezberdina ikusten dut, baina ez dakit min gehiago zerk egiten didan: ikustea euskaraz jakin ez baina euskaldun sentitzen den norbait euskal kantuak kantatzen, irudiz bezala nahikoa zaiola, edo euskara ez dakien eta bere burua Euskal Herrian ere kokatzen ez duen norbait euskaraz kantatzen, baina bere pentsamendua urrunago eraman gabe.  

Aberri Egunean, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak hautatu ziren kanturako. Izan zen galdetu zuenik ez ote genuen beste kantarik partekatzen.

Oso gutxi dira denok partekatzen ditugun kantak. Euskara dakigunon artean ere, zenbat dira ez dakizkigunak? Pastoral bakoitzean urtero sortzen dira lau-bost. Maskarada bat urtero? Beste kantu bat. Haur kantari txapelketetarako sortzen direnak. Milaka. Egiten dira behin, baina ez dira sartzen gure errepertorioan. Horregatik mingarria zen bi kantu horiek hautatzea, esatea bezala: “Euskal herritarrak gutxi gara, txiki gara, beraz tira, Hegoak... eta bestea”. Baina oso pobrea da, eta ari gara gure buruak ehorzten, zuloa guretzako egiten. Oso gutxi sinesten dugu gure baitan; gure kantuak oso zaharkituak direla uste dugu, aspergarriak. Ez gara kapaz kantuen poesia garai bakoitzari egokitzeko, eta baztertzen ditugu.

Argazkia: Josu Santesteban

Mugan aurrera eta atzera ibiltzen zara. Zer aldatzen da Dantxarineatik Ainhoara?

Justuki hor, deus. Bi tokitan da bertsua natura, bizitza, kultura egiteko modua. Egia da Iparraldean oso begi-bistakoa dela herri kultura, libertimenduak, kabalkadak. Baina uste dut hemen ere, Nafarroan, funtsean ekitaldi bertsuak direla, adibidez Lantzen edo Altsasun, inauterietan. Plaza gainekoa ez da berdin-berdina, baina herri bat biltzen da festa bat aurrera eramateko, sortzen dira harremanak, eta desegin. “Muga” esan, eta ikusten dugu marra bat, eta begiradak bi aldetara, bakoitza berera; baina iruditzen zait justuki toki horiek elkarguneak direla, eta kulturak, azken finean, eginak dira elkar ulertzea posible delako.

Baina Iruñean egonda, sentitu duzu mugaren pisurik?

Hainbeste aldiz entzun dut etxean “denak nafarrak gara”... Ni sortu naiz zuberotar peto-petoa, ulertu gabe zergatik denok nafar izan behar genuen [barrez]. Eta heltzen zara Iruñera, eta oh, Nafarroa, oh, Euskal Herria... Eta ez. Ez da horren agerikoa. Iruñean hastapen batean frantsesa sentitu nintzen, baina hasi naizenean txikitan egindako ber lana hemen egiten, berriro sentitu naiz nire tokian. Eta are botere gehiagorekin, edo lotsa gutxiagorekin, konplexurik gabe euskara dakidalako, bitxi sentitu gabe.

Azken urteetan, Iparraldeko herri kulturaren adierazpideek toki hartu dute Iruñean: Bidador Pastorala lehenik, eta Iruinkokoa libertimendua gerora. Zu hor aritu zara.

Pastoralarekin niregana etortzean, nire lehen erreakzioa izan zen: “Utzi gaitzazue pixka bat bakean. Ezin duzue dena izan. Zuberoan dirurik ez dugu, beti Hegoaldeari eskatzen diogu. Zuek dirua daukazue, guk kultura daukagu, onartu ezazue [barrez]”. Baina gero ikusi nuen Zuberoan egin ahal ez nituzkeen gauza batzuk egin nitzakeela Iruñean, askatasun bat banuela.  

Edukietan?

Egiteko moduetan, tradizioa hunkitzeko moduan. Niretzat, pastoraletan edo herri ekintza horietan, garrantzitsuena da egokitu daitekeela, eta egokitzen direlako ez direla hiltzen. Esaten nuen: “Pastoral bat Iruñean? Zentzurik badu?”. Eta bai, zeren eta pastoralak edo libertimenduak jendea elkartzen du helburu komun baten ondoan; eta euskaraz sorkuntza egiteak ez dakit kalterik egin dezakeen. Iruñean euskal komunitatea txikia dela esaten da, baina bada jende bat elkar ezagutzen ez duena, eta hor ikusi nuen funtzioa.

Kulturak egiten du herria?

Kontua da gure kulturarako, momentuz, herririk ez dagoela. Kontraesan bat da: kultura baliatu daiteke herri bat sortzeko, oso borroka alor polita da, baina ber momentuan, herririk, estaturik ez dugunez, oso zaila iruditzen zait gure kultura eta hizkuntzak aurrera egitea. Babes gehiago izanen genuke benetan onartuko bagenu euskaldunak garela, eta gure kulturak balio duela zerbaitetarako. Sinesmen hori gure partetik ere balego. Ezjakinak gara, ez dakigu zer dugun, oso zaharkituak ikusten ditugu gauzak, fosiziliatuak, eta ez dakigu zenbat jolastu daitekeen.

Txori bat, adarretik adarrera
“Esaten da sorlekuak baldintzatzen duela bidea. Ni Zuberoako Aloze herrian sortua naiz,  Txorikantagia auzoan, 1987an. Txikitatik, gurasoek Erregetxopita dantza eta kantu taldera eraman gintuzten, Larrainera. Hor ikasi genuen zer zen gure kultura. Ikastolak ere anitz eman digu; hango lagunen artean sortua da Amaren Alabak taldea: 12 urterekin hasi, eta gaur egun arte. Urte guzti hauetan, proiektuak eman dio erritmoa nire bizitzari: proiektu aurreko momentua, proiektua bera, eta ondokoa, eta ondotik heltzen zen beste bat. Maskarada batzuetan parte hartu dut, pastoraletan ere. Orain, txori hori Iruñean pausatu da, bizitzak hala ekarrita, eta gauza berdintsua egiten hasi naiz hemen. Sortu dira beste proiektu batzuk, eta ekarri du beste jende askoren ezagutza. Hori da sorkuntzak dakarrena: imajinazioa landu, harremanak egitea. Bizitzeko modu bat da. Ongi ala gaizki, hori da egiten dakidana”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Aliziaren zikloa euskaraz

Snarkaren ehizan
Lewis Carroll
Irudiak: Henry Holiday
Itzulpena eta edizioa:  Manu LÓpez Gaseni
Pamiela, 2024

-------------------------------------------------------

Udaberrian argitaratu zen esku artean dugun obra hau. Alizia herrialde miresgarrian,... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


MICEk ordezkatuko du Euskal Herria hizkuntza gutxituen ‘Eurovision’ moduko jaialdiaren finalean

Friulieraz egiten duen irrati lokal bat da Suns Europe jaialdiaren antolatzailea eta berak egiten du zuzeneko jarraipena. Miren Narbaiza MICE ariko da oholtza gainean, Euskal Herria ordezkatzen.


Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz

Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke. 


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-16 | Iñaki Murua
On Ángel!

Goiburu hori soilik irakurri eta ezinezkoa nor den edo nor zen asmatzea, baina bazen nor!

Ángel González Olvera, Mexikon ezagutu genuen duela 11 urte bertsolariok hango inprobisatzaileekin jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuztenean. Mendi gain batean bizi zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude