argia.eus
INPRIMATU
Herria nork ordezkatu
BeƱat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2020ko ekainaren 24a

Herriak bakarrik ordezka dezake herria. Tautologia sinple bat da baina, paradoxikoki, egia bihurtzen zaila. Herria, hori zernahi dela ere, nahi beste eta nahieran erabiltzen da gurean; askotan, sinekdoke baten bidez: zatia osoaren partez.
Komertzio txiki askorentzat azken labankada izan da krisi hau. Eskerrak gure hirian kanpaina bat egin duten komertzio txikiaren alde, eta ongi etorri, dena izango baita beharrezkoa. Halere, abiapuntua bera nahiko bitxia iruditu zait: eskualdeko atletismo taldeak dinamizatu du kanpaina, udalaren babesarekin.

"Duela lau urte irekitako aldirietako Mercadonan erostea kabitzen al da “bertan kontsumitu” aldarrian? Kanpainarako sortu duten #NikIrunenErostenDut traolak ez digu zalantza argitzen"

Anbiguotasun itxuraz neurtu bat konstantea izan da kanpainan: ez dut lortu deszifratzea bertako komertzioaz ari diren, edo bertako komertzio txikiaz. Eta, oker ez banago, amildegi bat dago bi planteamenduen artean, komertzio handiak itotzen baitu batez ere komertzio txikia, sareko erosketak alde batera utzita. Duela lau urte irekitako aldirietako Mercadonan erostea kabitzen al da “bertan kontsumitu” aldarrian? Kanpainarako sortu duten #NikIrunenErostenDut traolak ez digu zalantza argitzen. Pista handia ematen digu, ordea, eskualdeko atletismo taldearen izen osoa irakurtzeak; badira urte batzuk bertako supermerkatu kate handi bati zor diola izenaren lehenengo erdia.

Baina tira, gauzak dauden bezala mizkinegi ere ez gara jarriko. Harira: atletismo taldeak herriko pertsonaia ezagun batzuk jarri ditu kamera aurrean, haiek ere Irunen erosten dutela esanaraziz. Halakoetan, talde sustatzailearen helburua izan ohi da ahalik eta jende ezagunena, erakargarriena, eta aldi berean, ahal bada, pluralena biltzea.

Tradizionalki herria inbokatzeko joera handiagoa izan duten sektoreetatik iritsi zaizkigu halako bideoak, halakoetara gaude ohituago. Atentzioa eman didana da, kasu honetan, “herria ordezkatzeko” nor aukeratu duten. Eta ez pentsa Amaia Montero, Jon Sistiaga eta Lourdes Maldonado aukeratu dituztenik, ez imajinatu karikatura grotesko bat; gehienak kirolariak dira —dela afinitate kontuengatik, dela beste inertzia orokortu batzuengatik—. Eta kontuz, kirolari handiak ditugu hirian. Baina erreferenteak ez ditut gertuko sentitu, nahiz jabetzen naizen herritarrentzat oso ezagunak direla. Parte hartu bainuen antzeko egitasmo batean duela gutxi, beste helburu batzuekin, eta mosaikoko teselak oso desberdinak izan ziren.

Horrelako bideoek gogorarazten didate ez garela underground eta alternatiboak, hori pentsatzeak zirrara sor diezagukeen arren; bazterrekoak gara, marjinalak.