argia.eus
INPRIMATU
Arrakalak zutabe zaharretan
Amaia Serrano Mariezkurrena 2020ko ekainaren 22a
Santa Familia | Idazlea: Eider Rodriguez | Ilustratzailea: Julen Ribas | Ikastolen Elkartea, 2017.
Santa Familia | Idazlea: Eider Rodriguez | Ilustratzailea: Julen Ribas | Ikastolen Elkartea, 2017.

Badirudi azken urteotan euskal komikigintzak irakurleak eta ospea eskuratu dituela. Euskadi Sarietako Haur eta Gazte Literatura sailean Santa Familia-k irabazi izana ere bada horren erakusle.

Komikiaren izenburutik ez ezik, azaletik bertatik ere antzeman diezaioke irakurleak gaiari: familia egitura tradizionalari egindako kritika. Horren oinarrian dagoen tradizio kristauan kokatzen da familia eredu hori, eta hemen begirada ironikotik eraikitzen da kontakizuna. Gure egitura intimoetan eroso egotean sortzen diren inertziak kritikatzen dira Santa Familia-n, hainbat modutara: binetetan irudikatzen denaren eta narratzaileak dioenaren arteko talkaren bidez, pertsonaiak karikaturizatuz, koloreen erabilera sinboliko eta funtzionalaz baliatuz, gurasokeria ageriko eginez, nerabezaroko identitate krisia lehen planoan jarriz, film eta superheroiei egindako keinuen bitartez, eta abarrez.

Gizarte honetan heroitasuna, edertasun kanona eta jendaurrean eredu on gisa agertzearen pisua moralki zuzena denari uztarturik ageri da komikian. Guztia ikuspegi errealista batetik garatzen da, harik eta Norak bizi duen krisiaz jarduteko zientzia fikziora jotzen den arte.

Nora gazteak hautatzen duen bideari jarraitzen dio narratzaileak, eta urrats horiek Julen Ribasek maisuki irudikatzen ditu, bineta mota ezberdinetan nerabearen itolarria eta ezinegona marraztuz. Eider Rodriguezek ere ezin hobeki azaleratzen ditu gurasoen gehiegizko babes eta kontrola. Egiturari dagokionez, elipsi ugari du komikiak, bere laburrean atalak balitu bezala, baina atzera-jauzi batzuk beharrezko dira pertsonaien izaera eta jarrera ulertzeko. Bi sortzaileen arteko lanak sinbiosi bikaina osatzen du, xehetasun txikien bidez, eguneroko familia arrunt bat izan daitekeena guztiz deseraiki arte. Umorea dario eszena bakoitzari, eta horrek drama arintzen du.

Nerabeen (eta, oro har, haurren) agentzia-beharra azpimarratzen da komikian, gurasoek beren frustrazioak seme-alaben bitartez gaindi ez ditzaten. Hiru bizimodu eta bizitza-esperientzia ezberdin izan dituzten Sorkunde ama, Teodoro aita eta Nora alaba biltzen dira teilatupe berean, ustezko zoriontasunaren zutabeak kraskatzen hasten diren arte.