Aizarnako baserriaren erresilientzia gaitasuna mendez mende

  • Aizarnako Aranguren baserri alboko lurra aztertuta 1.500 urteko nekazaritzaren bilakaera irakur dezakegu. Landa-paisaia historian zehar irakurriz, posible da ingurumenarekiko jasangarriagoak edo suntsikorragoak diren praktikak identifikatzea, etorkizuneko estrategiak josteko irakaspen baliotsuak lortuz.

Aranguren baserri ondoko soroa zundatzen. Erreportajearen egile Josu Narbarte lanean. Ibar honek bi metroko betelana dauka. Horren baitan zenbait geruza bereiz daitezke, hainbat fase historikoren lekuko.
Aranguren baserri ondoko soroa zundatzen. Erreportajearen egile Josu Narbarte lanean. Ibar honek bi metroko betelana dauka. Horren baitan zenbait geruza bereiz daitezke, hainbat fase historikoren lekuko.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aizarna 200 biztanle inguruko herria da. Gipuzkoa iparrean kokatuta dago, kostatik hurbil, sakonune karstiko txiki baten barruan. Bertako paisaia Euskal Herri atlantikoan ohikoa den mosaiko dibertsifikatuak osatzen du, baserriak, soroak, larreak zein mendiak tartekatuta. 2016tik, Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Paisaia Kulturalen ikerketa-taldeak tokiko paisaiaren epe luzeko historia aztertzeko proiektua garatu du bertan, eta ia 2.000 urteko historia dokumentatu ahal izan du.

Erromatar garaiko bizigune bat

Lehen sorpresa Erretore etxearen lorategian egindako indusketa arkeologikoak ekarri zuen, parrokia-elizatik oso hurbil. Bertan, metro eta erdiko sakoneran, neurri handiko hainbat habe azaldu ziren, guztiz kiskalita; inguruko lurra ere gorrituta ageri zen, suaren ondorioz. Habeak haritz-egurrezkoak ziren, eta eraikuntza-markak ere erakusten zituzten. Egitura arkitektoniko baten arrastoak ziren, ziur aski etxe batenak; erradiokarbono bidezko datazioak K.o. I. mendean kokatu zuen haren erretzea. Data horrek bat egiten du indusketan topatutako zenbait zeramika-puskarekin, erromatar garaiko ohiko moldeak erakusten baitituzte.
Erretore etxekoa ez da eskualdean topatu den Antzinaroko lehen aztarna. Amaldako koban, adibidez, K.a. I. mendeko txanponak azaldu ziren, eta ezaguna da Zarauzko zein Getariako portuak martxan zirela garai hartan. Hala ere, Aizarnako aurkikuntzak interes berezia du, egungo herrien azpian halako erregistroak ohikoak izan daitezkeela iradokitzen baitu. Kontuan izanik Euskal Herriaren isurialde atlantikoan landa eremuko aztarnategi arkeologikoak oso urriak direla, plantea liteke, beraz, orain arte “historiarik gabe” mantendu diren herri eta auzo askok erro zaharrak izan ditzaketela.

Erretoreko etxean induskatutako erromatar egitura. Argazkia: Josu Narbartek utzia.
Lur-erregistroak, iraganeko nekazaritzaren artxibo

Aizarnako paisaiaren bilakaera historikoa nekazaritzak baldintzatu du batez ere. Aski da herrian barna paseatzea ohartzeko jatorrizko topografia guztiz eraldatuta dagoela. Gainazal lauak sortzeko, higadura gutxitzeko eta uren zirkulazioa errazteko, soroak hormaz, lubakiz zein betelanez egokituta ageri dira. Herriko hainbat puntutan egindako zundaketa geoarkeologikoek erakutsi dutenez, betelan horietan jasotako lur-erregistroek iraganeko jardueren artxibo aberatsa osatzen dute, egungo paisaia historia luze baten emaitza dela frogatuz.

Aranguren baserri alboko ibarrak, adibidez, bi metroko betelana dauka. Horren baitan zenbait geruza bereiz daitezke, fase historiko desberdinen lekuko. Sakonena ―eta, beraz, zaharrena― lurzoru “naturalaren” gainean kokatuta dago; jatorrizko sedimentuaren antzeko buztin-mineralez osatuta egon arren, geruza honen ezaugarri fisiko-kimikoek iradokitzen dute tenperatura altuak pairatu zituela. Ondorioz, pentsa daiteke inguruko mendi-magalak suaren bidez deforestatu zirela, gero errautsez aberastutako lurra soroaren betelan gisa erabiltzeko.

Erradiokarbono bidezko datazioak V. edo VI. mende aldera kokatu ditu operazio horiek, baina badirudi haien bidez sortutako lurzorua zenbait mendez landu zutela. Alde batetik, materia organikoaren kontzentrazioa areagotu egiten da geruzaren gainazalean, ongarritzearen ondorioz, eta bestetik lurraren propietate magnetikoek adierazten dute suaren erabilera ohikoa izan zela haren kudeaketan. Baliteke soroa zenbait urtez landu ondoren lurgorri uztea, gero bertan hazitako sasiak erre eta haien errautsekin bere emankortasuna berritzeko. Aizarnako landa-paisaiak, beraz, Erdi Aroaren hastapenean kodifikatutako laborantza-ziklo honetan ditu bere erroak.

Egoera guztiz aldatu zen XIV. mendean, uholde batek Arangureneko soroa suntsitu zuenean. Hainbat mende lehenago jarritako betelanaren gainazala urak ekarritako hartxintxar-geruza batek estali zuen, laborantza oztopatuz. Kontutan hartu behar da garai hartan hasi zela Izotz Aro Txikia, Europa osora ezegonkortasun klimatikoa eta, ondorioz, krisi ekonomiko zein soziala ekarri zituena. Euskal Herrian ere, jauntxoen arteko bando-gerrek argi erakusten dute garai hartan nagusitu zen giro nahasia; 1383koa da, hain zuzen ere, Aizarnako biztanleek Zestoako hiribildua eraiki ahal izateko Gaztelako erregeri egindako eskaera, “inguruko zaldunen indarkeria” pairatzen zutela eta horrek kalte larriak eragiten zizkiela argudiatuz.

Krisi-egoera hori tokiko paisaiaren berrantolaketan islatu zen. Arangureneko soroa guztiz berreraiki zuten XV. mendean, ia metro beteko beste betelan bat gehituz eta egun ere ikus daitekeen euste-horma paratuz. Horrez gain, Zestoako Udal Artxiboko 1479ko agiri batek “acequia” edo kanal bat aipatzen du soro honetantxe, urak drainatzeko.

Aizarnako landa-paisaiaren hezurdura osatzen duten baserrien lehen aipamenak ere XV.-XVI. mendeetakoak dira. Garai honetan, garia eta artatxikia ziren laborantza-sistemaren oinarria, etxe-inguruetan lantzen ziren fruta eta barazkiekin batera. Horrez gain, kolektiboki kudeatutako herri-lurrak ere baziren, batik bat inguruko mendietan: bertatik otea eta garoa bezalako lehengaiak lortzen zituzten, gero abereen azpi-gai gisa erabilita simaurra ekoiztu eta soroen emankortasuna areagotzeko. Ondorioz, biomasa-transferentzia egin zen mendietatik soroetara, bi aldeen arteko desberdintasunak areagotuz, bai estaldura begetalean eta baita lurzoruen kalitatean ere.

Aranguren baserria, eta honen azpian betelanaren bidez eraikitako soroa. Argazkia: Josu Narbartek utzia.
Zein etorkizun baserri-paisaiarentzat?

Nekazaritzak ingurumenaren gainean zuen eragina areagotu egin zen XVII. mendetik aurrera. Artoa bezalako espezie amerikarrak sartzean, lur berriak landu eta biurteko errotazio intentsiboa garatzeko aukera sortu zen, garia, artoa eta arbia txandakatuz. Aranguren, Etxeberri eta Potzueta etxeen inguruan jasotako lur erregistroek erakusten dutenez, baserri modernoak ongarriz eta karez bete zituen soroak, lurra etengabe lantzeak eragindako pobretzea eragozteko. Horren lekuko dira, besteak beste, Aizarnako paisaian tartekatuta oraindik ikus daitezkeen hogei karobitik gorakoen arrastoak.

Eredu hori desagertzen joan da XX. mendeaz geroztik, eta gaur egun abeltzaintzarako belardiak dira nagusi. Industrializazioak ekarritako nekazaritza eredu berriak lurraren eta lanaren arteko harreman berri bat ekarri du, intentsifikazioa zein teknifikazioa indartuz. Prozesu hau argia da lur erregistroetan, purinen eta bestelako ongarri industrialen erabilerak arrasto argia utzi baitu materia organikoaren edota beruna bezalako metal astunen kontzentrazioan. Hala eta guztiz ere, ikusteko dago eredu berri hau jasangarria izango den epe ertainean, merkatuaren lehiakortasun-logikak inputak etengabe handitzea eskatzen baitu. Gauzak horrela, ez da harritzekoa biztanle ugari kezkatuta azaltzea betidanik ezagutu duten paisaiaren etorkizunarekin.

Aizarnako adibideak erakusten duenez, Euskal Herriko baserri-paisaiak dirudiena baino erro sakonagoak izan ditzake. Bere egungo itxura, oro har, Aro Modernoan egituratu zen arren, argi dago  ingurumena modu berezi batean moldatzera eraman zuen bilakaera kulturalaren oinarriak askoz lehenago ezarri zirela, Goi Erdi Aroan edo, are, Antzinaroan. Alde batetik, honek erakusten du eskualde honetako herri-sareak erresilientzia-gaitasun nabarmena izan duela, koiuntura historiko desberdinak gora-behera, egokitu eta bere oinarrizko fisionomia mantendu baitu. Beste aldetik, erresilientzia horren zergatiak aztertzerakoan, ezinbestekoa da kontutan hartzea baserri-paisaiaren berezko ezaugarriak diren dispertsioa eta baliabideen kudeaketa dibertsifikatua. Hala, ustiategien eskala txikiak zein erabakimena etxe-mailaraino deszentralizatu izanak aldeko faktore gisa jokatu izan lezakete, edozein krisi egoeraren aurrean, estrategia produktiboak birkonfiguratu eta tokiko errealitatera egokitutako erantzunak emateko orduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2025-03-10 | ARGIA
Badator Bizi Baratzea Orria, ARGIAren aldizkari berri eta berezia

Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]


2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Loratu ala hil. Loratu eta hil

Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak bete egiten dituzte. Eta loreak sortu zituzten.


2025-03-10 | Garazi Zabaleta
Bordaxaki
Euskal txerriak hazteko eta eraldatzeko proiektu txikia Nafarroako Pirinioan

Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]


Zata arrunta
Ahuntzak gustuko omen dituen gautxoria

Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra... [+]


Elkarte eta kooperatiba agroekologikoen des-finantziazio mekanismoak

Euskal Herri mailan txikitik handira agroekologia sustatzen duten zenbait elkarte eta kooperatiba ataka larrian daude, finantziazio iturriak bertan behera geratu ostean. Erakunde publikoetatik, berriz, elikadura negozio gisa ikusten duten proiektuen aldeko apustu irmoa nabari... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


2025-03-07 | Aiaraldea
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.


Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola

Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]


2025-03-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako metroaren lanetako gainkostua argitzeko eskatuko du EH Bilduk

Satorralaia plataformak Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiko lanek “%164ko gainkostua” izan dutela salatu zuen joan den astean, eta, horren harira, EH Bilduk gainkostu hori argitzeko eskatu du, Eusko Legebiltzarrean erregistratutako galdera sorta baten bidez.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


Eguneraketa berriak daude