argia.eus
INPRIMATU
Naturaren mintzo argia
Fermin Erbiti 2020ko ekainaren 17a

Negu amaierako egun batean, adimen artifizialaz asko dakien Humberto Bustince katedradunaren hitzaldia entzun nuen. Ahoa bete hortz utzi ninduen. Gaiaz zerbait irakurria banuen ere, horretaz (horretaz ere) deus gutxi nekien. Pare bat orduko saioaren ondoren, bi konklusio nagusi atera nituen: adimen artifizialak izugarrizko iraultza dakarrela gure bizitzako arlo askotara; eta, bigarrena, ikaragarria dela gizakiaren ahalmen eta boterea, makina adimentsuak sortzeko gai izateraino.
Handik egun gutxira, kontrapuntua: inork ikusten ez duen birus bat gai da mundua hankaz gora jartzeko. Hain argiak izanagatik, ahulak gara, oso txikiak. Mende hasieratik jainkoturiko globalizazioan ere, oro ez da urre. Ilunetik ere badu, krisiak frogatu digun bezala.

Krisiaren hasierak beste lezio bat utzi zigun. Bi hankako animalia ase ezinak etxean sartu eta orduantxe hasi zen planeta arnasa hartzen. Behin hitz egiteko aukera paregabea izanda, natura ez da mutu gelditu. Guztiok ulertu eta, aldi berean, guztiok lotsatzeko moduko erantzun argia, ikusgarria eta ikaragarria eman digu.

"Batzuek berehalako aldaketa sakonak eskatzen dituzte. Bestela, nonbait, gureak egin du. Oinak lurrean dituenak, ordea, badaki amets ederrak horixe direla: ametsak. Orain arteko martxa eroa birbideratzen hastea asko ote den ez dakit. Aski bai, gehiagorik nekez
lortuko baitugu"

George Steiner pentsalari hil berriak ederki azaldu digu arazoa: gu guztiok gonbidatu etorri gara mundura, apopilo. Eta zein da edukazio oneko apopiloaren betebeharra? Ingurua zaindu, hemendik alde egitean etxea aurkitu dugun bezain txukun (edo txukunago) uzteko. Begi bistakoa da: guk ez dugu gonbidatu onen antzera jokatzen. Basatiak gara ostatu eman digun planetarekin. Hori ere erakutsi digu krisiak.

Horren aitzinean, batzuek berehalako aldaketa sakonak eskatzen dituzte. Bestela, nonbait, gureak egin du. Oinak lurrean dituenak, ordea, badaki amets ederrak horixe direla: ametsak. Orain arteko martxa eroa birbideratzen hastea asko ote den ez dakit. Aski bai, gehiagorik nekez lortuko baitugu.

Krisiak arazo zahar eta sakonei heltzeko beharra erakutsi digu: ekonomia, kontsumoa, energia, zerga-sistema, osasun zerbitzuak, irakaskuntza, ikerketa, digitalizazioa… Hamaika gai potolo, gutxienez Europa mailako erantzuna eskatzen dutenak. Steinerrek Europa “zahar eta nekatua” ikusten zuen: “Munduko turismoa hartzeko leku bihurtu da. Europan oso pisuduna da iraganaren zama. Etorkizunik ote duen, hori beste kontu bat da”.

Koronabirusaren krisiak ataka larrian jarri du mundua. Europaren hasierako erantzuna itxaropentsua izan da. Aurreko krisian ez bezala, ikuspegi soziala nagusituko dela ematen du. Ez da abiapuntu txarra kontinente zaharra berpizten hasteko. Erronkak merezi du, dena baitago jokoan. Euskal Herriko biztanleriaren etorkizuna ere.