argia.eus
INPRIMATU
Mattari Plaza. Lekaroz ederrean, Aroztegia infernu
“Nafarroan ez dago aroztegiak besteko inpaktu ekologikoa duenik”
  • Joxean Artze 70eko hamarkadaren hasieran Lekarozen, edo egonaldi bat poesia egina: "...leihoa ireki nuen / eta emeki emeki / Baztango lurrean / Baztan baitan / Baztan izan nintzen". Ingurumena hondatuko lukeen proiekturik gabeko Lekaroz orduan, arrisku gorrian Baztan gaur egun, Aroztegia proiektua dela kausa: 226 etxebizitzako urbanizazioa, 135 gelako hotela, jatetxea eta 46 hektareako golf zelaia... natura beteko Baztan baitan.

Miel Anjel Elustondo 2020ko ekainaren 18a

Denbora da Aroztegia jauregia gatazka iturri denetik...
Aspaldi da, bai. Orain baino lehen, Eusko Alderdi Jeltzaleak proiektu bat izan zuen 90eko hamarkadan. Euskal artisten museoa eta piriniar arrazako behien esperimentazio zentroa egiteko asmoa izan zuten. Aroztegian, betiere. Jauregiko maizterrekin solastatu ziren, etxe bana egingo zietela erran zieten, langile hartuko zituztela, soldatapean, baina maizterrek ezetz, orduko gisan nahi zutela jarraitu lanean. Eta ezetz eta ezetz, eta EAJk atzera egin behar izan zuen. Orduko denboran ez nintzen jabetu, baina, gero, batean Guggenheim, bertzean Txillida-Leku eta horrelako istorioak ikusirik, hobeki konprenitzen ahal da haien helburua.

Zein ziren maizter?
Lekarozen berean bizi da bat, Klemente Garde. Aroztegian bizi izan ziren gardetar horiek, nagusiek saldu zuten arte! Bertzenaz, han jarraituko zuten, nekazaritzan eta abeltzaintzan. Enrike Gracia de Acedo zen Aroztegiako nagusia garai hartan. Donostian bizi zen. Gure aitak Aroztegiako administrari lanak egin zituen, eta hiltzean, ni gazte nintzelarik, neuk hartu nuen ardura. Harreman gutxi izaten nuen Enrikerekin [Gracia de Acedo], errentak kobratzen zirenean transferentzia egiten nion, berak dirua jaso zuela jakinarazten zidan eta gisakoak.

Hark ez zuen Aroztegia saldu.
Ez, ez zuen beharrik. Ondoren sartu zirenek saldu zuten, Enrikeren lehengusina batek, erranen nuke. Espinosa de los Monteros dute deitura. Donostian bizi ziren horiek ere. Haiek saldu, eta ama-seme batzuek erosi: Maria Dolores Alkorta eta Jose Mari Zelaieta ziren. Orduantxe piztu zen gatazka. Nagusi berriek Aroztegia guztia inguratu zuten, hetsi zituzten bide batzuk… Eta Lekarozen, eta Baztanen, bideen afera beti da gai korapilatsua, bide publikoak baitira. Oroitzen naiz batzarrak egin zirela, nahiko istilutsuak batzuk. Gero, ama-seme horiek saldu zieten Aroztegia oraingo jabeei: Mercantil Aroztegia zen lehen, eta Palacio de Aroztegia da orain; lehenago, Baltea Desarrollos Inmobiliarios izana da. Izenak ere aldatu baitituzte behin baino gehiagotan! Gaur egun elkarte horretako partaideak zein diren jakiteko ere, beharko zenuke ikerketa taldea osatu, egiaz!

Ez da lan erraza, beraz.
Ez. Baina ikerketa eginez gero, ikusi ahalko genuke horko izenak zein erakundetan ibili diren sartuak, higiezin aferetan beti. Batean elkartea osatu, bertzean desegin, izenak aldatu… oso gauza bitxia. Caixa Galiciak %51ko partea zuen Aroztegia kudeatzen zuen enpresan! Gaur egun ez dakit nola dagoen parte hartze hori. Oraingo kudeatzaile Salvador Urbistondo Arotzarenaren izena aztertu, adibidez, eta ageri da ari dela higiezin enpresa askotan.

Enrike Gracia de Acedoren heriotzaz gero, Aroztegia saldu zutenean piztu zela gatazka esan diguzu…
1995 inguruan, erranen nuke, arestian erran dudan Maria Dolores Alkorta-eta, horko nagusi egin zirenean eta jauregia eta lurrak inguratu eta bideak ere hetsi zituztenean. Bide publikoak hetsi zituztelako, batik bat. Elizondoko udalari esku hartzeko eskatu zitzaion, baina ez zuen askorik egin. Bide publikoak hestea ez zitzaion jende askori gustatu, eta hesi batzuk hautsi ziren. Eta salaketak etorri ziren eta hau eta hura. Eta gatazka.

Hurrena, oraingo proiektua etorri zen: 226 etxebizitzako urbanizazioa, nazioarte mailako 135 gelako hotela, goi mailako sukaldaritza jatetxea eta 46 hektarea hartuko lituzkeen bederatzi zuloko golf zelaia.
Hori guztia! Proiektua Nafarroako Gobernuan aurkeztu zutelarik, Miren Meoki zen Lekarozko alkate. Orain sei urte-edo izanen genuen oraingo asmoen berri. Aroztegiaren kudeatzaileek saio informatiboak egin zituzten herrian, baina Lekarozen jendeak ez zuen parte hartu. Lurrak birkalifikatu zituzten eta 226 etxebizitza, golf zelaia, hotela eta hau eta hura egiteko proiektua zen. Etxebizitzak zirela kausa sortu zen gatazka. Arazoa ez da egon ez hotelean, ez golf zelaian, etxebizitzetan baizik, zeren hor ikusi da pelotazo urbanistikoa dela proiektua. Hala ere, Aroztegiakoa ez da pelotazo bakarra, espainiar estatuan leku askotan egin dute hori. Beharrik, leku batzuetan ongi arautu du afera Espainiako Gobernuak, baina kaltea egin ondoren. Ikusia nago Cirueñan.

Cirueñan?
Bai. Errioxan. Santo Domingo de la Calzadatik bertara. Handik pasatu nintzen duela bi urte, udan, Donejakue bidea egiten ari ginela. Hantxe, urbanizazio berri bat, hutsik. Salmenta kartelak ageri ziren etxebizitzetako balkoietan, telefono eta guzti, eta gehienak Gipuzkoakoak ziren. Ingurua, dena txukun-txukun, baina hondatzen, ez baita inor bizi. Horixe da errealitatea, eta Aroztegia egin nahi dutenek ere badakite. Hauen planteamendua da, hitzezkoa bederen, ez dituztela etxe guztiak batera egingo, saldu ahala egingo dituztela.

Arazoa ez da egon ez hotelean, ez golf zelaian, etxebizitzetan baizik, zeren hor ikusi da ‘pelotazo’ urbanistikoa dela proiektua. Aroztegiakoa ez da ‘pelotazo’ bakarra, espainiar estatuan
leku askotan egin dute hori”

Etxebizitzak, golfa, hotela... hori guztia egiteko baimenik badute?
Bai, badute. Nafarroako Gobernuak eman die baimena, proiektua udalaz gaindiko plan sektoriala izendatua dutelakoz. Gobernuaren argudioa da Aroztegiak interes soziala izan dezakeela. [Yolanda] Barcinaren agintaldia akitu baino lehen onartu zuten plana, eta interes sozialekoa dela erranez saldu dute, proiektua ez dela Baztanera mugatzen, Europako proiekzioa duela… Bistan da, maila edo bizimodu goreneko edo altuko pertsonei zuzendua nahi dute. «Europan zenbat aberats baditugu? 300.000? Tira, berrehun, gutxienez, hona erakartzea lortzen badugu, gure helburua lortu dugu». Kalkulu horiek dituzte eginak. Gobernuari iruditzen zaio Aroztegiak, agian, Nafarroako irudia bultza dezakeela atzerrian. Proiektu hau ez da Nafarroara bideratua, Europara baizik. Nafarroaren irudia atzerrian zabaltzea du helburu: ingurune ederra da Lekarozkoa, jendeak gustuko du. Horrela saldu nahi dute: natura, aisialdia, kirola… Balio egokiak izan litezke, proiektuak higiezin negozioa ezkutatuko ez balu.

Baztango Udalak ez du hitzik, ahalik?
Bai, badu, baina nafar gobernutik bigarren mailan utzi dute Baztango Udala. Urbanizazio lanak hasten direnean, udalaren baimenak beharko dituzte. Udalak ezin du baimenik ukatu, baina lanen jarraipena egin behar du. Jarraipen batzordea ere sortua dago, eta hor dira udala, enpresa eragilea eta talde politikoak. Baita Lekarozko zinpeko alkatea ere [Mattari Plaza bera gaur egun], baina nik erran nuen ez nuela batzordean parte hartuko salaketak zeuden bitartean. Zeren bide horixe hartu du enpresak, proiektuaren kontra dagoen jendearen kontrako salaketak jartzea. Baztango aurreko alkatea ere [Garbiñe Elizegi] salatu zuten, proiektuari “pelotazo urbanistiko” deitu ziolako. Oraingo alkatearen kontra ere [Joseba Otondo] jarri zuten salaketa, Elizondoko plaza utzi zuelakoz proiektuaren kontrako akanpada egin zezaten. Espazio publikoa zela argudiatu zuten salaketan, alkateak ez zuela hori baimentzen ahal. Baina enpresakoek ere erabili izan dituzte espazio publikoak: Lekarozen berean eskola utzi zitzaien proiektua aurkezteko eta hau eta hura. Ahazten zaie espazio publikoa erabiltzen ahal dutela bai proiektuaren alde eta bai kontra daudenek.

Zer giro da Lekarozen, Aroztegia afera hau dela kausa?
Herrian, batzuekin eta besteekin harreman normal bat izatetik, tratu hotza izatera pasatu gara. Horrela definituko nuke egoera. Ez diogu batak bertzeari agurra ukatzen, baina hotza da harremana. Jarri ditugun helegiteek proiektua gibeleratu dute, urteak ere badaramatzagu gatazkan, eta jendea zalantzan jartzen hasia dago proiektua garatzen inoiz hasiko ote diren, oraingo egoera zein den ikusita. Herriko etxe bateko haurrideak inplikatuak dira proiektu honetan, zeren etxeko alaba bat [Salvador Urbistondo] Arotzarenarekin ezkondua da, familia hurbilekoak dituzte, eta, horrela, erabat aldatu dute Aroztegiako proiektuari buruzko iritzia. Familiakoak dituztela erranez justifikatzen dute jarrera aldatzea. Guk, berriz, garai batean bezala jarraitzen dugu, proiektuaren kontra, gure interesak defendatzen. Horrek giroa txartzea ekarri du.

Gu solasean ari gara eta, bitartean, enpresa bere galgan ari da, lanean atergabe…
Baina lan horren fruiturik ez da ikusten. Nire ustez, egin duten akats handiena, eta larriena, izan da proiektua elkarrizketaren bitartez ez bideratzea. Iruditzen zait proiektua inposatu egin dela. Legala da, legearen araberakoa, baina inposaketa hutsa. Ez da proiektuaren inguruan eztabaidatzeko fororik izan. Zonaldean bertze proiektu batzuk ere garatu dira, eta jendeak gogo onez onartu ditu, Baztanentzat aberasgarri direla ulertu du, eta ez da arazorik izan. Bi aipatzekotan, BKZ [Bidasoa Kultur Zerbitzuak], eta Irisarri Land, kirol eta aisialdi jarduerak naturgunean gauzatzeko proiektuak biak. Jendeak sustatzaileen asmoak ezagutu ditu, iritzia eman du, ulertu du… Aroztegia, aldiz, ez du ulertu.

Zergatik ez du baztandarrak Aroztegia proiektua bere egin?
Enpresa horretakoak ez dira altxapeka etorri, baina ez da parte hartzerik izan. Haiek garbi dute helburua, eta da ekonomikoa. Inbertsioa egin dute, eta irabaziak behar dituzte. Ez dago bertzerik. Espainiako Estatuan bertze toki batzuetan egin dutena kopiatu dute Aroztegian: lurrak birkalifikatu, beren helburua betetzeko. Aroztegiak, bertzalde, inpaktu ikaragarria du ingurunean. Ez da ingurunearekiko ez ingurumenarekiko inolako errespeturik. Nafarroan ez dira gisa honetako kasu aunitz, baina hor dira Ultzamako eta Nafarroako Unibertsitatearen golf zelaiak, Iruñeko Gorraiz…eta, hala ere, ez dago Aroztegiak besteko inpaktu ekologikoa duen lanik. Horretan bakarra da Aroztegia. Helburua inmobiliarioa da, gogorra da horrela esatea, baina ez du bertze izenik.

 

"San Martzial baseliza beraiena dela erran zuen enpresak, eta guk ezetz, Lekarozko herriarena zela".

Ermita ere afera da…
Bai, hori ere afera da. Aroztegian badira hiru eraikin: jauregia bera, maizter etxea, eta San Martzial baseliza. Beraiena dela erran zuen enpresak, eta guk ezetz, Lekarozko herriarena zela. Eta epaitegietan izanak gaituzu, eta epaileak, batzuen eta bertzeen dokumentazioa aztertu, eta erabaki du ez dagoela deus erraterik: ezin erran beraiena denik, baina ezta geurea dugunik ere, ez dugulakotz eskrituratua. Hor ibili gara errekerimenduak aitzin eta gibel, erregistroko agiri guztiak erakutsiz gure aldetik, eta enpresa, berriz, ermitari dagozkion aipamen guztiak desagerraraziz. Hor ibili gara bide judizial eta zibiletan barna. Baztango Udalak ikerketa batzordea osatu zuen halako batean, ermitaren afera argitze aldera, baina, batzorde hori osatu orduko, enpresak Lekarozko herriaren eta Baztango Udalaren kontrako salaketa paratu zuen, ermita berea zuela erranez. Arestian erran dut: epaileak erabaki zuen Palacio de Arozteguia enpresak ez duela frogatu ondasun hori, baseliza, berea duela. Eta Lekarozko herriak ere ez duenez erregistroan eskrituratua, ezin frogatu geurea dugula! Dena den, guk ez dugu deus erregistratua: ez herriko plaza, ez frontoia, ez eskola… ez dugu erregistratu beharrik izan ere! Erregistro gatazka hau, uste dut, hasi zen Eliza Nafarroan ondarea bere izenean paratzen hastean. Baseliza inork erregistratzekotan, berriz, Baztango Udalak erregistratu ahal du, baina ez Lekarozko herriak, gaitasun juridikorik ez dugula erraten baitigute epaitegietan. Ez dakit zenbat luzatuko den afera, ezta azken sententzia inoiz ikusiko ote dudan ere.

 

LUR HANDIENA
“Baztanen denik eta lur handienetarikoa da Aroztegia, Zigako Egozkue Jauregiarekin batera. Adibidez, 45 hektarea inguru da Aroztegia, eta kontuan izan behar da, garai batean bataz bertze Baztango jendeak bi hektarea eta erdi zeuzkala. Mendialdean lur txikia izaten da, are txikiagoa Baztanen, zeren %85 lur komunala baita hemen. Herri inguruan dagoen lur pribatua, administrazioak noizbait saldua da, diru batzuk eskuratu eta kapital pixka bat izateko”.

ELIZA
“Agiriek garbi diote, Aroztegian ageri den baseliza “propiedad del lugar de Lekaroz” (Lekarozko lekuaren jabetza). Hala ere, Eliza hainbat ondare inmatrikulatzen hasi zelarik, bagenuen beldurra, San Martzial baseliza ere bere izenean paratua ote zuen. Erregistroa aztertu eta ikusi zen apezetxea, serorategia, hainbat baratze, kanposantu zaharra… inmatrikulatu zituela Elizak, baina ez baseliza, ikusirik “Lekarozko lekuarena” zela: Lekarozkoa, eta Lekarozena”.

Azken hitza

IKA-MIKA
“Aroztegian bertan ginen argazkiak egiten, udaberriko egun ederrean. Mattari Plaza jauregia, maizter etxea eta baseliza erakusten ari zitzaigun, kanpotik beti. Belaian ginelarik, hantxe orotariko bat etorri, Lekarozko herritik Aroztegiaraino, kilometroko bidea eginik, Plaza eta argazkilaria belaitik irtenaraziz, zakar, baldar, hoska. Laster, Plazaren eta jauregiaren balizko zaintzailearen arteko ika-mika ozpina...”.

 

 

Martin Mari Plaza Lekunberri, ‘Mattari’

Irakasle jardun zuen hamabi urtez Baztan Ikastolan, eta, ondoren Psikologia ikasketak eginik, orientatzaile Lekarozko Institutuan. Aldez edo moldez Aroztegiari lotua darama bizia, aitaren egitekoari jarraikiz, errenta kobratzen garai batean, eta are gehiago orain, Lekarozko zinpeko alkate denez gero. Laugarren urtea du zerbitzuan, Aroztegia jauregiko korapilo bihurria auzitegiek inoiz askatuko duten zain. Auzitegiak auzitegi, epailearen erabakiek nekez gozatuko dute zenbait herritarren artean hoztua den giroa. Ezta, higiezin proiektu erraldoia gatzatzen bada, ingurumen kalte izugarria ere.