argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusak emandako zenbait irakaspen
Baleren Bakaikoa Azurmendi 2020ko ekainaren 17a

Argiak eskaintzen didan zutabe honetan behin baino gehiagotan kritikatu izan ditut globalizazioaren ondorio negatiboak. Izan ere, globalizazioa oinarrituta dago ondasunek, zerbitzuek eta finantza kapitalek munduan zehar zirkulatu dezaketela estatu ororen artean inolako oztoporik gabe. Jakina, zirkulazio libre horretatik at pertsonak geratzen dira, norbanakoei beraien herrialdean bizitzeko aukera besterik ez baitzaie uzten.

Globalizazio garaikide honen ekoizpen sistemak bi printzipio ditu: enpresentzat “garaiz dena” (just in time) eta “ekonomiaren eraginkortasuna”. Honi toyotismo deritzo. Orduan, arnasgailu baten osagai bat Txinan Espainiar Estatuan baino merkeago ekoizten bada, herrialde horretan inbertsioak burutuko dira osagai hori ekoizteko; eta osagai hori garaiz iritsiko da ekoizpen kateak funtzionatzen duen artean. Alabaina, kate hori eteten bada, koronabirusaren garaiotan gertatu den bezala, azken produktua ezin izango da amaitu, eta hortik arazoak.

Berdin gertatuko da edozein makina (garbigailuak esaterako) Euskal Herrian ekoizteari utzi eta bere produkzioa lekualdatzen bada, Txinara adibidez, gero gure artean saldu ahal izateko. Erosleari merkeago aterako zaio, kontuaan ez baitira hartuko garraioan sortuko dituen kalteak ingurumenean. Halaber, lekualdatzen denean soldata apalagoen bila joaten dira inbertitzaileak eta horrek esan nahi du dumping soziala dagoela, estatuaren diru laguntzak ez daudenean.

Bigarren printzipioak dio “ekonomiak eraginkorra” izan behar duela. Printzipio honen ondorioz gizabanakook bezero bihurtu gaituzte, ez zerbitzu publikoen erabiltzaile; eta politika honen aplikazioa adineko egoitzetan burutu da, non osasun profesionalak eta medikuntza materiala mugaraino murriztu diren. Erabiltzaileak, adineko egoiliarrak, bezero soil dira, biltegietan lekututa bezala, zeinetan funts putre inbertitzaileek mozkin garaienak lortzen saiatzen diren bere akziodunen artean dibidendu oparoak banatze aldera.

"Gizabanakook bezero bihurtu gaituzte, ez zerbitzu publikoen erabiltzaile; eta politika honen aplikazioa adineko egoitzetan burutu da, non osasun profesionalak eta medikuntza materiala mugaraino murriztu diren"

Laburbilduta, globalizazio garaikideak, toyotismoan oinarrituta, ekoizpen kostuak erabat apaldu ditu, ekoizkin eta osagarrien stock-ak desagerrarazi, eta garraiobideak biltegi bihurtu. Eta ondorioz, ekoizkinen prezioak jaitsi dira, baina ingurumenak pairatzen dituen kalte ordainak ez dira kontutan hartuko eta “biltegi” berriak, hots errepideak edo itsasbideak eraikitzen, batik bat, diru publikoa erabiliko da.

Honen guztiaren irakaspen nagusiak izan behar du ekoizpen sistema erabiltzaileei hurbildu behar zaiela, eta kontsumitzaile horien inguruan burutu behar dela oinarrizko ondasunen ekoizpena, batik bat elikagaiena edo osasungintzarena. Izan ere, hornitzaileak ekialde urrunean badaude, gaur egun gertatu zaigun bezala, herrialde haiekiko menpekotasuna izango dugu, lehentasunezko herrialdeak bidean azalduko dira eta behar ditugun aparailuak eta botikak erdiestea asko kostako zaigu, are gehiago estaturik gabeko herrialdeei.

Hau guztiau munduko elite ekonomikoek ahalbideratu dute, helburu gisa soilik mozkin pertsonalak kontutan dituztelako eta beraien herrialdeko estatuak laguntzaile egoki bihurtu dituztelako. Egoera hori itzultze aldera, ekonomiaren helburua sakonki aldatu behar dugu: epe laburreko mozkinak akziodunen artean banatu ordez, lehentasuna, erabiltzaileen beharrizanak asetzea izan beharko luke, beste modu batean, ondasunen ganbio edo truke balioa, erabilera balioak ordezkatu beharko luke sistema ekonomiko eraldatuak.