argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Tabuak
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko ekainaren 17a

Imajinatzen duzue gizenei, pobreei, hilurren dauden gaixoei buruzko txantxak egitea? Ez guasap taldeetan, testosteronaz enpo, baizik eta milaka ikusle dituen telebista saio batean? Eta saio horrek gainera funtzionatzea, alegia, barre eginaraztea? Kataluniako telebista publikoan gertatu da, azken asteotan, David Verdaguer aktoreak aurkeztutako Tabús programan. Mekanika, sinplea: tabu den zera hori duten gonbidatuekin egun batzuk pasa, eta umorezko monologo bat egin gero. Gogoangarriak ez gutxi, adibidez LGTBIQ+ komunitatearen gainekoa (wifi pasahitzik behar baduzue, horra bat egokia). Gurasotasunik gabe, koitadurik ez, superheroirik ez, batzuk eta besteak parez pare. Eta puntu honetan ez dut euskal telebista publikorik aipatuko; nekatu nintzen, 651 zutabe idatzi nituen telebista nola ulertzen dudan argitzen saiatzeko.

Aldiz aipatu nahiko nuke tabua, jatorri sozial eta morala duen debekua edo gaitzespena. Giza talde bakoitzak, garai bakoitzean, ditu bereak. Adibidez intzestua, edo kanibalismoa (MZk, bere ikasle konfinatuei: “Bizirik irauteko ezinbesteko baldintza balitzaizu adiskide baten haragia jatea, egingo zenuke? Nondik hasiko zinateke: izterretik, belarritik?”). Peter Handke urrunago doa, hala dio berari buruzko dokumental batean: “Tabu da idaztea, tabu bat haustea, ez da naturala; badago zerbait idaztea zilegi ez dela esaten dizuna”. Pertsonalki, uste dut gauza guztiei buruz hitz egin, idatzi, barre egin behar dela, are osasungarria dela egitea. Inportanteena ez baita zeri buruz, ezpada nola. Eta inori barre egitea baino, inorekin. Mugarik gabe, behetik gora ere bai, noski, baina horizontalean. Berdintzen gaitu umore horrek gure desberdintasunean, humanizatzen, besteari, zure irudikoari, azken batean zuri, zure buruari egiten diozun umoreak. Eta ez bereziki tabuaren kontra; agian taburik ez balego bezala.