argia.eus
INPRIMATU
Hebrearrek ere kalamua erretzen zuten
  • 1963an Tel Arad aztarnategian (Israel) duela 2.700 urteko bi aldare aurkitu zituzten, bata bestearen ondoan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko ekainaren 17a

Orain, Tel Aviveko unibertsitateko arkeologo talde batek aldareak ikertu ditu eta ondorioztatu dute horietako batean intsentsua erre zutela. Bestean, aldiz, cannabinoide aktiboak aurkitu dituzte, bertan kalamua erre zuten seinale. Propio drogaren eragin psikoaktiboa bilatzen zutela uste dute ikerlariek, kalamuak ez baitu intsentsuak bezain usain erakargarria.

Jakina da Antzinaroan eta Historiaurrean ere kalamua eta beste droga batzuen kontsumoa zabaldua zegoela, baina, Eran Arie arkeologoaren hitzetan, “orain arte ez genuen uste Judeako erresuman erritual erlijiosoei lotutako kontsumorik zegoenik”.