argia.eus
INPRIMATU
Dantzarik gabe
Uxue Apaolaza Larrea 2020ko ekainaren 17a

Titularrek zioten hirugarren fasean gaueko dantzalekuak eta tabernak ireki ahal izango zirela, baina dantzarik gabe. Eta dantzatzeko asmorik ez bazenuen ere, baieztapen horrek beste guztia ekarri dizu gogora; distantziak, nahigabe hurbiltzeko beldurra, bestea ez mintzeko, noski... eta han-hemenka itxi dituzten taberna klandestinoak.  

" Ezezagunen eskuak estutzea, esku ahurrean kili-kiliak egitea, aurpegiei eskuzko markoak jartzea, listua partekatzea... arriskutsua da orain, momentuz..."

Ez dago taberna bateko maitasunaren beroa bezalakorik (no hay como el calor del amor en un bar), kantatzen zuen Gabinete Caligarik. Ezezagunen eskuak estutzea, esku ahurrean kili-kiliak egitea, aurpegiei eskuzko markoak jartzea, listua partekatzea... arriskutsua da orain, momentuz... Tabernako maitasunak ikusmen lausotua dauka (eta garai batean kezko hodeiek babesten zuten) eta, maiz, ez du izen-abizenik ere uzten gure memorian, ezta telefono zenbaki bat ere... nola abisatu positibo eman duzula?

Listuaren bidez asma daiteke zer edan duen besteak, garagardoa edo zerbait gozoagoa, kalimotxoa, erretzailea den, agian mihia apur bat anestesiatu dion hautsen bat ibili den bere hodietan barna... Bekatu asko izango dira.
Kasetearen garaikoak dira hitz horiek. Baina oraindik ez dago taberna bateko maitasunaren beroa bezalakorik.