argia.eus
INPRIMATU
COVID-19 eta merkatu librea: estatuak auziperatzeko bidea badute multinazionalek
  • Koronabirusaren izurriteari aurre egiteko hartutako babes eta osasun neurriak izan daitezke multinazionalentzako diru iturri. Nola? Merkatuaren liberalizazioa dakarten akordioek bideratu auzitegi pribatuetan estatuen kontrako salaketa jarriz. Bide hau ikertzen dabiltza abokatu kabineteak, Corporate Europe Observatory eta Transnational Institute izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeek egindako inkestak argira ekarri duenez.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko ekainaren 15a

Baliteke koronabirusari aurre egiteko osasun eta babes neurriengatik auziperaturik izatea estatuak. Ez ordea Justizia publikoaren baitan, baizik eta merkataritzaren liberalizazioa dakarten hitzarmenek ahalbideturiko auzitegi pribatuen baitan. Hain zuzen, Inbertsiorako Sistema Judiziala deitu mekanismoari esker, konpainia batek estatu baten kontrako salaketa jar dezake gaur egun, onartutako legediak kalte egin diola uste badu –irabaziak gutxitzea izan daiteke kalteetako bat–.
Hainbat hilabetez inkesta buruturik, ondokoaren berri eman zuten Corporate Europe Observatory (CEO) eta Transnational Institute (TNI) Gobernuz Kanpoko Erakundeek maiatzaren 18an: abokatu kabinete handi batzuk dabiltza koronabirusaren izurriteari aurre egiteko neurriak aztertzen, ondotik multinazionalek estatu horien aurkako salaketak jartzeko gisan. Horren berri ematen du lareleveetlapeste.fr webguneak, “COVID-19: abokatu kabinete batzuk multinazionalak laguntzen dabiltza, estatuak justiziaren aurrera jaurtikiz haien galtzeak estaltzeko asmoz” (COVID-19 : des cabinets d’avocat préparent les multinationales à attaquer les Etats en justice pour compenser leurs pertes) artikuluan. Ura, etxebizitza zein osasunaren esparru premiatsuak ikertzen dabiltza, inolako  konplexurik gabe. Adibideen artean, Bolivia eta El Salvadorren harturiko neurriak dituzte: uraren fakturak ezeztatzeko erabakia hartu zuten, guztien higienea segurtatzeko eta eskuak garbitzeko orduan muga ekonomikorik ez izateko gisan. Erabakiak diru sartzeak gutxiturik, estatu horiek auziperatzeko aukera baluke uraren kudeaketan dabilen enpresak. Gisa berean, ospitale pribatu zein hotelak koronabirusaren aurkako arta publikora bideratu izana ere dute auzitegira eramateko arrazoi gisa ikusten.
Mundu liberalean, kontrolik eta legerik ez den gisara, bihotzik ere ez da eta izurrite ala gosete, ezerk ez die eztitzen diru-gosea. “Alde bakoitzeko bost milio dolarreko gastua izanki –batzuentzako 30 milioi dolar baino gehiago delarik–, auziperatzeen boom horri esker sekulako etekinak egingo lituzkete abokatu kabineteek” CEO eta TNI egituren arabera, bide beretik krisiaz gogorki hunkiak diren estatuen defizita oraindik gehiago sakonduz.
Haien logika muturreraino eramateko ausardia osoz dabiltza abokatu kabineteak. Adibidez, herritarren manifestazio eta protestak aurreikusi ez izanagatik, estatuei salaketa ezartzeko aukera ere dute mahai gainean. “Istilu sozialek enpresetan lapurretak ondorioztatzen badituzte, kanpoko inbertitzaileek ondorioztatu dezakete estatuak ez duela babes eta segurtasun osoaren betebeharra bete”, Voltera Fietta Londresko kabineteari segi. Gisa horretako auzibideak badira iraganean, tartean Arabiar Udaberriaren baitan gertatu Ampal-American gasbidearen kontrako ekintzaren harira 2017an Egipto zigortu izana. Ezerk ez dituenez gelditzen, inkesta burutu duten bi GKEk argi dute: “Beranduegi izan baino lehen”, merkatu librera dakarten hitzarmenekin bukatu behar da. Alta, koronabirusaren testuinguruak elikadura, industria baita zerbitzuen burujabetzaren garrantzia argi utzi badu ere, badirudi EBk logika zaharrarekin begiratzen diola geroari.

Konfinamenduan ere izenpetuz

“41 itun izenpetu ditugu 75 herrirekin eta oraindik gehiago izenpetu behar genituzke datorren urteetan”, Phil Hogan Merkataritzarako Europako komisarioaren hitzak dira, konfinamendu garai bete-betean plazaratutakoak. Funtsean, herritarrak konfinaturik ginela, merkatu librerako hitzarmenak izenpetzen segitu zuen Europar Batasunak (EB). Tartean, Mexikorekin pasatakoa –2016az geroztik izenpetu nahian zebiltzana eta aurtengo apirilaren 28an izenpeturikoa–. Martxoaren 30ean aldiz, Vietnamekin zuen logika bera adostu, aduana zergen %99ak desagerrarazteaz gain, Vietnameko zerbitzu eta merkatu publikoak Europar Batasuneko enpresei irekitzen dizkien hitzarmena izenpetuz. Nekazari ttipien alde borrokan dabilen Via Campesina sindikatuak beste behin errepikatu behar izan zuen begibistakoa zaiona: “Liberalizazio horrekin segitzea munduko nekazariei laido egitea da, ezin da gehiago eskandalu horrekin jarraitu”.
Koronabirusaren testuinguruaz gain, klima larrialdiaren errealitatea larriagotu besterik ez dute egiten akordio horiek. Ez doaz iazko abenduan Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek Europako Parlamentuari aurkezturiko Green Deal –Itun Berdea– hitzarmenaren bidetik. 2050erako karbono neutralitatea helburu du itunak –ozono geruzan eragiten duten gasen isurketa gasen desagertzearen heinekoa izatea–. Polonia izan ezik, EBko estatu guztiek onartu dute helburua. Alta, nahiko hauskorra da adostasuna, batez ere gaurko egunean, suspertze ekonomikoari lehentasuna emateko ordua dela erranik, Itun Berdea bigarren mailara pasa nahian dabiltzalako hainbat estatu. Apirilaren 27 eta 28an izandako Petersbergo Elkarrizketa hurbiletik segitu zuten ekologistek, neurtzeko zer heinetaraino zuten klima larrialdia kontutan hartzen. Europako Batzordeko presidenteak ondokoa berretsi zuen: “Itun Berdea iparrorratz gisa erabiliz, gure ekonomiak beste modu batera berreraikitzeko eta azkartzeko aukera bihurtu dezakegu pandemiaren kolpea”. Orain arte ez bezala, postura horretan kokatu zen Angela Merkel Alemaniako kantzillerra ere.

Green deal ala greenwashing?

Hitzez haratago ekintzak beharko dira, Green deal-a ez dadin greenwhashing berri bat izan –orain artekoa berdez pintatzeko marketin joera–. 2008ko krisiarekin gertatutakoak ez du errepikatu behar hamabi urteren buruan. Hain zuzen, orduko neurri ekonomikoek CO2 isurketen emendatzearekin errimatu zuten. “Alimaleko errorea litzateke krisia epe laburreko logikarekin kudeatzea; horrela izan zen 2008an eta klimari buruzko egintzen obratzearen ahultzea ondorioztatu zuen” Klimarentzako Europako Fundazioaren presidentearen hitzetan. Lobby-ak ez dira konfinaturik egon: merkatu librea bideratzeko zein ekonomia salbatzeko diru-laguntzak banatzeko orduan, presioa sekulakoa izaten ari da. Hegazkin konpainiek ia baldintzarik gabe estatuen partetik jaso miliarrak dira horren adibide. Ingurumen neurriak eztitzeko presioa ere bideratzen dabiltza. Hori horrela, hitzetik ekintzetara pasa nahi badu EBk, Bruselan zein Estrasburgon diren lobby-en presiopean ez du amore eman beharko.