argia.eus
INPRIMATU
Churchill arrazista zen
  • Bengala (India), 1943. Urte hartako arroz uzta ez zen txarra izan, eta elikagai soberakinak zeuden probintzian nahiz Indiako gainerako lurraldeetan. Eta, hala ere, goseteak 2 eta 4 milioi pertsona artean hil zituen britainiar koloniaren probintzian.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko ekainaren 17a
Ezkerrean,1943ko Bengalako gosetearen irudi bat. Eskuinean, curchillen estatuan berriki egindako pintaketa. (arg.: The Statesman / K. T. Hopkins)
Ezkerrean,1943ko Bengalako gosetearen irudi bat. Eskuinean, curchillen estatuan berriki egindako pintaketa. (arg.: The Statesman / K. T. Hopkins)

Britainiar gobernuak, Indiako soberakinak berez ondo hornitutako soldaduentzat bideratu zituzten edota Europako biltegietan gorde zituzten, badaezpada. Australiatik gariz beteta zetozen ontziei ere ez zieten utzi Kalkutako portuan sartzen. Winston Churchill (1874-1965) lehen ministroaren ustez Bengalako gosetearen errua indiarrena zen, “untxiak bezala ugaltzeagatik”. “Gorroto ditut indiarrak”, aitortu zuen, “erlijio basatia duten jende basatia dira”.

Lehenago, 1921ean, kolonietako estatu idazkari zela, zera idatzi zuen: “Zibilizatu gabeko tribuen kontra gas pozoitsua erabiltzearen aldekoa naiz guztiz”. Afganistanen, pashtunei esan zien “britainiar arrazaren nagusitasuna aitortu behar” zutela. Kenyan, bertako biztanleak birkokatzeko politikak zuzendu zituen: besteak beste, 150.000 kenyar kontzentrazio-esparrutan sartu zituzten, lur emankorrenak kolonoen esku uzteko.

Eta irlandarrak ere, nagusiki txuriak izan arren, “zibilizatu gabeko tributzat” izango zituen Churchillek; 1920an, artean gerra eta aire idazkaria zela, manifestari irlandarrak sakabanatzeko “hegazkinetako metrailadoreak eta bonbak erabiltzea” proposatu zuen.
Berriki, George Floyden hilketaren aurkako Londresko protestaldietan, manifestariek Churchillen estatuari Black lives matter leloa zeukan kartela itsatsi zioten gerrian, eta bere izenari “was a racist” (arrazista zen) esaldia gehitu. Pintaketa handik ordu gutxira garbitu zuten. Baina ekintzaren kontrako iritziak ez ziren itzali. Godwinen legeak duen indarra erakutsiz, Hitler erabiltzen dute Churchillen defendatzaile itsuek: Hitlerren arerio nagusietakoa izanik, ezin zuen ezer txarrik izan. Stalinek ere ez, orduan? Beste batzuek diote Churchillek esan eta egindakoak garaiko testuinguruan jarri behar direla, bere garaiko pentsamolde nagusiaren isla besterik ez direla eta egun arrazistatzat jotzea anakronikoa dela.

Bada, Leopold Amery (1873-1955) Churchillen garaikoa zen, bere testuinguru berekoa, zehazki bere aginduetara jardun zuen Indiako estatu idazkari moduan eta, gainera, eskola garaitik lagun zuen lehen ministroa. Eta berak ere Hitler erabili zuen; 1944ko abuztuan, Indiako egoeraz eztabaidan ari zirela, “pazientzia galdu nuen”, idatzi zuen Ameryek, “eta esan nion ez nuela alde handirik ikusten Hitlerren eta bere ikuspegiaren artean”.