argia.eus
INPRIMATU
Epidemien aurkako hirigintza
  • Bartzelona, 1860. Hiriko harresi zaharrak bota eta sei urtera, Ildefons Cerdá (1815-1876) ingeniariak zabalgunea eraikitzeko plana prestatu zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko ekainaren 11
Ezkerrean, Ildefons cerdáren plana Bartzelona zabaltzeko (1860). 
Eskuinean, Donostiaren zabalgunerako planoa, antonio kortazarrena (1862). (argazkiak: Antonio Kortazar eta
Museu d’Historia de la Ciutat)
Ezkerrean, Ildefons cerdáren plana Bartzelona zabaltzeko (1860). Eskuinean, Donostiaren zabalgunerako planoa, antonio kortazarrena (1862). (argazkiak: Antonio Kortazar eta Museu d’Historia de la Ciutat)

Iraganean hiri zaharra astindu zuten epidemiak geldiarazteko koarentenak ez ziren nahikoak izan, eta zientziaren garapenari eta estatistikari garrantzi handia ematen hasi zitzaien garaietan, hiri higieniko, osasungarri eta funtzionala lortzea zen helburua. Cerdáren plana eredu eta oinarri izango zen beste hainbat hiritan; esaterako, katalanaren eragina oso nabarmena da Donostiako zabalgunerako Antonio Kortazarrek 1862an abiatu zuen proiektuan, baita Bilbo zabaltzeko 1876an onartutako Atxukarro, Alzola eta Hoffmeyerren planean ere. Hiri askok bota zituzten urte horietan harresi zaharrak eta, gehienek, Bartzelonaren arazo eta behar berdintsuak zituzten.

Cerdák planifikatutako zabalgunea hiri zaharra baino 20 aldiz handiagoa zen, kale zabalak zituen, berdeguneak, leiho askoko etxeak, patioak… Mugikortasun arinagoa bermatzeaz gain, etxebizitzetan argi asko sartzea nahi zuen, eta ondo aireztatzeko aukera izatea. Lurrazpian ere jarri zuen arreta: estolda azpiegitura indartsua sortu zuen eta putzu beltzak edo minda zuloak ezabatu. Ez zen hura erabaki urbanistiko osasungarriak hartzen ziren lehen aldia: XVIII. mendean hilerriak hirigunetik kanpo eramateko eta kale nahiz plazatan iturriak jartzeko joera nagusitu zen, eta onurak nabaritu ziren. Baina hura eredu zaharrari adabakiak jartzea zen; Cerdáren proposamenak, aldiz, hiriaren paradigma errotik aldatzen zuen.

Higieneaz eta osasun publikoaz gain, Cerdáren hirigintza planak horiei estu lotutako beste helburu bat zuen: berdintasuna. Richard Sennett soziologo eta historialari estatubatuarrak Building and Dwelling: Ethics for the City (2018) lanean esaten duenez: “Osasun publikoaren arazoak izan ziren  hiria birpentsatzera eraman zutenak, gaixotasunek berdin eragiten zielako aberatsei zein pobreei”. Cerdá sozialista utopikoen korrontekoa zen eta, estatistika lagun, langileen bizi baldintzak xehe aztertu zituen, planak haien beharrei erantzun ziezaien. Hau da, hiri berriak aberats zein pobreek baldintza berdinak izango zituztela bermatu behar zuen.

Baina aberatsei ez zitzaien berdin, tartean haien interes ekonomikoak zeudelako. Cerdáren planari aldaketa asko egin zizkioten eta oso desitxuratuta, urardotuta eraiki zen azkenean. Espekulazioa eta dentsifikazioa gailendu zitzaizkien osasunari eta kalitateari.  Askok diote azken hilabetetako egoera daukagun hirigintza eta etxebizitza ereduaz hausnartzeko baliatu behar dela. Baina zabal daitezkeen bide berriak motz geratuko dira, duela mende eta erdi bezala, hiri eredua logika ekonomiko hutsetik lantzen jarraitzen bada.