“Emakumezkoen futbolaren hitzarmena beste emakume batzuentzat lagungarria izango da”

  • Apirilaren amaieran, pandemiaren erdian, bere agurra iragarri zuen Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainak. Denboraldi amaieran erretiroa hartzea erabaki du zuri-gorriekin hamabost sasoi egin eta gero. Taldeko kapitaina joko zelaitik kanpo ere liderra izan da genero berdintasunaren lehian. Joan den otsailean sinatutako emakumezkoen futbolaren lehen hitzarmenaren aldeko borrokan jokalarien bozeramaile izan da. Partida hori irabazita, badoa.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ainhoa Tirapu de Goñi. Barañain, 1984

Barañaingo Lagunak areto-futbol taldean hasi zen hamar urte zituela. Denboraldi bat egin zuen Badajozko Puebla taldean, eta 2005-2006ko denboraldian ailegatu zen Athleticera. Hamabost denboraldi egin ditu zuri-gorriekin, denera 358 partida ofizial. Espainiako selekzioarekin 46 partida jokatu zituen 2015era arte, 2013ko Eurokopa eta 2015eko Munduko Txapelketa.
Kimikan lizentziaduna da eta Toxikologian Masterra du, baina ez du horretan inoiz lan egin, orain arte. Bizitza eskukadaka bere lehen liburua argitara eman zuen iaz, Miren Rubio kazetariarekin batera. Berriki emakumeen futbolak lortutako lehen hitzarmenaren negoziazio mahaian jokalarien bozeramaile izan da. Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenean ere izan da.

Nola hasi zinen futbolean?
Kalean eta ikastolan beti futbolean aritzen nintzen. Gurasoen lagun batek esan zidan Barañaingo Lagunak Elkartean bazela neska talde bat, udalak sustatua, eta izena eman nuen. Areto-futbolean hasi nintzen atletismoarekin eta irristaketa artistikoarekin batera, baina ezin guztiak uztartu eta futbolean jarraitzea erabaki nuen.

Orduko eta egungo egoera oso desberdinak dira?
Oso neska talde gutxi zeuden orduan. Orain erabat aldatu da joera eta mutilen taldeak dituztenek neskenak ere ateratzen dituzte. Nik txikitan ez neukan erreferenterik. Futbolean emakumeen nire lehen irudi garrantzitsua 1999koa da, AEBek munduko txapelketa irabazi zutenekoa.

Zergatik hasi zaio ematen garrantzi handiagoa emakumeen futbolari?
Gure futbolak asko irabazi du telebista sartu denean eta estadioak ireki eta bete egin direnean. Aukera horiek ez badira ematen, gure futbola ez da ikusten. Azken Munduko Txapelketa telebistaz eman izana oso garrantzitsua izan da, adibidez. Aurten telebistarekin ika-mika izan dugun arren, azkenean hitzarmena sinatu dugu. Ikusiko dugu orain pandemiaren krisi honetatik nola ateratzen garen.

Zer gertatuko da hemendik aurrera?
Uste dut aprobetxatzeko moduko aukera bat izango dela. Normaltasunera itzultzen garenean seguruenera jende asko egongo da diruz larri eta gure partiden sarrerak merkeagoak direnez, horrek agian erraztu dezake familiak gurera gehiago gerturatzea. Hala ere, nire ustez, emakumezkoen futbola hobera doa eta hitzarmena lortzeko egin dugun borrokari eustea oso erabaki ona izan da.

"Urtebete baino gehiago eta greba bat kostatu zaigu %75eko lanaldiko 16.000 euroko eta lanaldi partzialeko 12.000 euroko soldata lortzea. Hitzarmena gure kontura lortu izanak, maskulinoaren beste laguntzarik gabe, asko ahaldundu gaitu"

Greba gogorra egin zenuten. Nola baloratzen duzue emaitza?
Ez zen erabaki erraza izan. Azken finean, grebara jotzen duzu oso aukera gutxi ikusten duzulako. Ikusi genuen momentua zela mahai gainean kolpe bat emateko eta indarra erakusteko eta hala egin genuen. Ikusgarritasun handia izan zuen eta oso indartsu atera ginen grebatik. Lortu genituen gure eskaerak, gutxi gorabehera. Minimoak behintzat lortu genituen: kontratu duinak lehenengo mailako jokalari guztientzat. Jokalariek ez badute hau lanbide bezala ikusten, talentua galtzen da. Orain jokalari gazteek ikusten dute bide profesional bat irekita dagoela eta ikasketekin bateragarria dena, gainera.

Zer da, zehazki, lortu duzuena?
Gutxieneko %75eko lanaldia denontzat. Orain arte librea zen eta baziren desberdintasun ikaragarriak. Batzuek astean hamabi orduko kontratua zuten bitartean, besteek lanaldi osoa zuten. Hortik aurrera, baja ordainduak izatea. Lesionatzen zarenean soldataren %100 lortzea, haurdunaldia babestea, lesio larri batengatik erretiratu behar izatekotan kalte-ordaina jasotzea, bullying-aren eta jazarpenaren aurkako protokoloak ezartzea. Urtebete baino gehiago eta greba bat kostatu zaigu %75eko lanaldiko 16.000 euroko eta lanaldi partzialeko 12.000 euroko soldata lortzea. Hitzarmena gure kontura lortu izanak, maskulinoaren beste laguntzarik gabe, asko ahaldundu gaitu.

Gainera argi genuen emakumezkoen futbolaren hitzarmena beste emakume batzuentzat lagungarria izango dela, eta ez kirolean bakarrik. Berdintasuneranzko lana dago atzetik. Emakumea edozein esparrutan gero eta normaltasun handiagoz hartua izatea guretzat oso garrantzitsua da.

Argazkia: Dani Blanco

Zer gelditu da tintontzian?
Nire ustez lanaldiarena ez da aski. Jaitsi genuen %75era akordioa lortzeko, baina jokalariak gara egunean 24 orduz eta lanaldi osoa merezi dugu. Hurrengo bi urteetan ezinbestekoa izango litzateke lanaldiaren % 100 lortzea.
Argi dugu belaunaldi bakoitzak hurrengo belaunaldiari bidea hobeto uzteko konpromisoa hartu duela. Kontua da eboluzionatzen jarraitzea, bidezkoa denaren alde borrokatzea eta hazten jarraitzea.

Amatasuna nola gelditzen da hitzarmen berrian?
Haurdun geratzen bazara kontratua automatikoki berritzen da urte batez eta baldintza berdinekin. Horrela saihesten da haurdunaldian kontraturik gabe gelditzea. Honetaz gain, aukera ematen dizu haurdunaldiaren ondoren fisikoki sasoia berreskuratzeko eta gero zu izango zara talde horrekin jarraitu edo beste batekin fitxatzea erabakiko duena.

Haurdunaldia, oro har, traba bezala ikusten da?
Ez dakit, baina egia da orain arte izan ditugun kontratuekin, egoera prekario horretan, ez dut uste inori burutik pasatzen ahal zaionik ama izan eta ume bat hazteko aukera. Gainera, gaur egun amatasuna 30 urtetik gora planteatzen da, erretiratzen zarenerako uzten da, beraz, jokalari gazteek ez dut uste hori dutenik buruan.

Zure planen artean ama izatea sartzen da?
Bai, sartzen da. Ikusi behar dut nola eta noiz, baina oso argi daukat ama izan nahi dudala.

Futbola matxista da?
Bai, baina gauzak aldatzen ari dira. Betidanik gizonezkoena izan den mundu batean sartzen zarenean horrelako jokaerak izatea ohikoa da. Ez da normala, baina bai ohikoa. Uste dut gero eta hobeto hartzen gaituztela emakume futbolariak, baina oraindik lan handia dago egiteko. Gelditzeko etorri gara eta ulertu behar dute futbola emakumeona ere badela.

Zergatik erretiratzen zara?
Energiarik ez zaidalako gelditzen. Futbolean eta bizitzan orokorrean, esparru guztietan, %100ean egon behar duzu eta nik uste dut heldu den urtean ez nintzatekeela horretarako gai izango. Horregatik pentsatu dut nahikoa dela eta beste batzuei lekua uztea.
Argi nuen ez nuela bukatu nahi futbola gorrotatzen eta horregatik uste dut momentu ona dela nire ibilbidea bukatzeko.
Ustekabea izan da jende askorentzat…

Hala da. Orokorrean esan didate taldekideek eta mundu guztiak ez zutela espero. Niretzat oso argi zegoen denboraldiaren hasieratik. Argi neukan hau azkena izango zela eta ideia horrekin atera naiz egunero zelaira jakinda azkeneko partidu eta entrenamenduak zirela eta gozatzera.

Zaila da eliteko kirolaria izatea?
Hasieran ez zaizu zaila egiten, baina urte asko direnean, ikusten duzu ezin duzula gauza asko egin. Doktoretza ikasketak utzi behar izan nituen, eta Decathlonen nuen lana ere bai, ez nintzelako iristen. Baina horretaz gain ezin zara buelta bat ematera joan eta berandu iritsi etxera hurrengo egunean entrenamendua duzulako, adibidez, edo oporretan zaudenean ari zara pentsatzen ez duzula gizendu behar. Ezin duzu patxanga bat jokatu zure lagunekin edo beste kirolik praktikatu lesioen beldurragatik. Ez dut gogoratzen noiz izan zen azken aldia eskiatzera joan nintzena. Gauza asko daude gero eta gogorragoak egiten zaizkizunak eta hor ere pista bat daukazu. Balantzan orekarik ez zegoela ikusten nuen.

Ekainaren bukaeran amaitzen da zure kontratua. Etorkizuna nola ikusten duzu?
Aukerak baditut: kimikaria naiz, baina bada denbora luzea laborategi bat ez dudala zapaltzen, komentarista gisa aritu nintzen oso gustura udan Gol TV telebistan, atezainentzako entrenatzaile kurtsoak egin ditut… patxadaz pentsatu behar dut dena. Hori bai, Athleticeko bazkidea naiz eta San Mameseko harmailetara joango naiz gozatzera.

Konfinamendua nola eraman duzu?
Uste nuena baino hobeto. Ez nago ohituta etxean egotera eta oso kalezalea naiz, baina antolatu naiz eta kurtso bat egin dut internetez, irakurri dut, taldekoekin entrenamenduak egin ditugu sarean eta arrabola erosi nuen bizikleta egiteko. Dena den, aurpegian haizea sentitzea garrantzitsua da kirolarientzat. Gainera talde kiroleko kirolaria izanda, bakarrik entrenatzea oso gogorra da.

"Gero eta hobeto hartzen gaituztela emakume futbolariak, baina oraindik lan handia dago egiteko. Gelditzeko etorri gara eta ulertu behar dute futbola emakumeona ere badela"

Emakumeen liga amaitutzat eman dute eta gizonena, berriz, laster martxan. Zergatik desberdintasuna?
Hor dagoen gatazka da. Legearen arabera gure liga ez delako profesionala. Kirol legea 1990ekoa da, nahiko zaharra, eta futbolari dagokionez, zehazten du izaera profesionaleko kirol-lehiaketa bakarra lehen mailako gizonena dela. Horrek dakarren desabantaila argia da guretzat. Bada lege berri baterako zirriborroa eta espero dezagun laster onartua izatea.
Bestalde, egia da orain mutilekin esfortzu handia egin dela ligari berriz eusteko horrek mugiarazten duen diruagatik. Desberdintasuna itzela da, baina, hala ere, ez da ahaztu behar beste kirol askok ere futboletik datorren dirua hartzen dutela. Telebistako dirutik %0,5a emakumeen futbolerako eta beste kirol askotarako ematen da eta hori ere oso garrantzitsua da.

Zure ibilbidearen unerik onena eta txarrena?
Gustura nago egin dudanarekin eta asko gozatu dut, baina unerik onena, zalantzarik gabe, Athleticekin bigarren liga irabazi genuenekoa, 2016an. Hori ez dut sekula ahaztuko. Asko sufritzetik gentozen, urte askoan bigarren izatetik.Udaletxean eta Foru Aldundian izan genuen harrera, Bilbo osoa zuri-gorriz jantzita ikustea eta neska talde batek hori dena lortzea oso polita izan zen.
Txarrenak, aldiz, kopako finalak galdu ditugunean, gainera bat penaltietan eta beste bat luzapenean. Oso momentu gogorrak izan dira.

Zer da kiroltasuna?
Kirolak bizitzeko ematen dizkizun baloreak. Adibidez, talde kirol batean zaudenean taldean pentsatzea eta ez zure buruan soilik. Gauzak ez direla lortzen esfortzurik gabe egiaztatzea. Kirolarekin pertsona gisa hazi egiten zara. Nire kasuan adibidez, txikitan ez nintzen oso soziala. Askotan egoten nintzen bakarrik eta futbolari esker hasi nintzen aldatzen. Irakasleek esaten zidaten hobeto ikusten nindutela eta nota hobeak hasi nintzen ateratzen.Talde bateko kide sentitzen nintzen.

Zergatik futbolak pizten du hainbesteko pasio?
Edozein gauza gerta daitekeen kirol bat delako. Ez dute beti hoberenek irabazten eta horrek zalegoaren pasioa pizten du. Gainera oso kirol eskuragarria da, oso hurbilekoa, oso zabaldua. Adibidez, Formula 1eko kotxeak ez dira horren erraz eskuratzen eta horregatik ezin horrenbeste zabaldu, baina nork ez dio ostiko bat eman baloi bati, edo botila edo poto bati?

Herriaren opioa da futbola?
Jendeari on egiten badio, ondo dago. Egun hauetan askotan entzun dugu futbolik gabe bizi daitekeela, eta egia da, baina beste gauza asko gabe bezala. Ez dut ulertzen zergatik dagoen kontrako mugimendu horren handia futbolaren aurka. Ez dut uste hainbeste gauza txarrik ekartzen duenik. Oso eskuragarri den kirol bat da, jendeari gustatzen zaiona eta edonon jokatzen ahal dena. Profesional mailan mugitzen den dirutza agian izan daiteke gaizki ikusteko motibo bat, baina futbolean maila asko dago, futbola leku askotan dago eta gauza on asko egiten dira. Common Goal bezalako ekimenen bitartez egoera gogorretan dauden haurrei laguntzeko egiten dugun lana, adibidez, oso ondo dago. Batzuetan bakarrik gelditzen gara txarrenarekin, baina futbola hori baino askoz gehiago da.

BIZITZAKO PRINTZAK

AMONA
“Besaulkian eserita dago Osasunaren partidua telebistan ikusten. Bere oinen alboan nago ni eserita, lurrean, bizkarra besaulkiaren kontra eta patata poltsa belaunetan. Iganderoko errituala da. Lau urterekin Larragatik Barañainera bizitzera etorri ginenetik harreman estua dugu amonak eta biok, eta ia astebururo igotzen naiz bere etxera elkarrekin futbola edo beste kirol ekitaldiren bat ikustera. Telebistan ez denean, irratian. Baina beti kirola. Emakume zalerik apenas zegoen garaian egin zen bera Osasunako bazkide, ‘aitonak zaletuta’ dio, eta futbol zelaira ere tarteka joaten zela kontatu dit”.

48.121 IKUSLE
“Atlético Madrilen aurka ari gara Erreginaren Kopako final laurdena jokatzen. 2019ko urtarrilaren 30a da, arratsaldea. Aparteko xarma dute Kopako partidek, norgehiagoka bakarrean jokatzen delako sailkapena. Katedrala lehertzear dago. Haur asko daude horien artean. Negarrari ezin eutsi egonagatik ere, bizi izandakoa errepikaezina dela garbi dugu jokalariok. Estadio osoa emakume futbolarien partida bati begira izan da gaur. Guri begira. Atlheticen zalegoa bezalakorik ez dago”.

“SENSI”
“12 urte besterik ez ditut, belarrietarainoko adats laburra eta kolpe txikienarekin odoletan hasten den sudurra. Bizitza osoan zehar, goi-mailako futbolari izanda ere, itzal egingo didan izengoitiaren jabe naiz honezkero: Sensi, gaztelerazko sensible-ren laburdura. Nik ez nuen atezaina izan nahi. Ez nuen ez gogo ez adore nahikorik baloi bakar bat ere gelditzeko. Baina gero eta sarriago jokatzen nuen postu horretan. Ia beti”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
60.000 euroko isuna ezarri diote ‘Indar Gorri’ profilaren kudeatzailari

Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Absolbitu dituzte Espainiako futbol selekzioaren zaleak jazartzea leporatu zieten Indar Gorriko kideak

2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]


2024-11-11 | Jon Torner Zabala
Frantzia-Israel: 4.000 poliziaren presentzia eta Palestinako bandera debekatua

Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]


2024-10-28 | Jon Torner Zabala
Amaia Zabarte, Realaren partida baten atarian Ertzaintzak zauritutako zalea
“Badirudi bideoko irudiak moztu eta difuminatzen ari direla, haiek kontatzen ari direnarekin bat egin dezan”

Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]


2024-10-24 | Jon Torner Zabala
Jokin Aperribay, Realeko presidentea: “Maccabi gerrarekin lotzea bidegabea litzateke”

Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]


2024-10-22 | Jon Torner Zabala
106 futbolarik FIFAri eskatu diote Aramco enpresarekin duen akordioa hausteko

Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.


2024-10-21 | Jon Torner Zabala
Movistar-ek eta Ligak zentsuratu egin dute San Mamesen Zabaleta eta Tembari egindako omenaldia

1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


Zupiria, zauritutako Realeko zalearen kasuaz: “Ezin da baieztatu foam jaurtigaia izan zenik”

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain arteko bertsioari eutsi dio. Bestalde, esan du Amaya Zabartek, martxoan PSGren kontrako futbol partiduan Anoetan larri zauritutako Realeko zaleak, ez zuela bere deklarazioan aipatu ertzain batek ostikoa jo zionik.


2024-09-03 | Jon Torner Zabala
FIFAk berriro atzeratu du Israel zigortzeko eskaerari buruzko erabakia

"Kanporatuko al du FIFAk Israel?", galdegin du hainbat mediok, futbol erakunde gorenak adierazi ostean Palestinako Federazioak egindako eskaera aztertuko duela. FIFAren izaera ezagututa, are gehiago eskaeraren bueltan zein epel jokatzen ari den, inplikatutako bi aldeak... [+]


2024-06-26 | ARGIA
Bideo batek erakutsi du ertzain batek ostikoa jo ziola ustez foam jaurtigailu batekin larri zauritutako realzaleari

Lurrean zela, polizia batek Realeko zaleari ostikoa jo ziola ikus liteke Ertzaintzak bere ikerketan erabilitako bideoetako batean, Noticias de Gipuzkoa-k zabaldu duenez. Martxoan, Realaren eta PSGren arteko Donostiako futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan zauritu... [+]


2024-06-04 | Gedar
Indar Gorriko kide bat atxilotu dute, sare sozialetan jokalari sionista bat seinalatzea leporatuta

John Weissman sionista Sadarrera joatekoa zenean, Palestinarekin elkartasunez argitaratu zuen mezu bat Indar Gorrik. Adierazpen horiekin lotuta, pertsona bat auzipetu du Espainiako Poliziak, iritzita gorroto-delitu bat egon daitekeela.


Eguneraketa berriak daude