Telelanean naiz haurrekin, berantarekin nabil eta ezin izanen dizut txostena gaur igorri”, erran zion Ebak sail arduradunari. Halaxe erran zion, haurrena zehaztuz, berantaren arrazoi gisa eta jabetu gabe, agian, arduradunak, ez lezakeela ulert egiazko zio ala estakuru izanen ote zen hau.
Hamar astez, telelanaren kontzeptuak bidea egiteko denbora ukan zuen nasaiki, betiere salbuespenekoa egonez. Urteak joan urteak jin, gozatu ahal izan zuen Ebak, langile xumeak, noizbehinka, etxetik lan egiteko aukera, komeni zitzaiolako batzuetan eta besteetan emankortasuna helburu. Egia, egun bakarrean egin daiteke lana, sekulakoa, bakean, telefonoak jo gabe, inori harrerarik egin behar izan gabe, bulego-kideekin txisteak eta aholkuak trukatu behar izan gabe. Egin daiteke ere norberaren araberan, tenore egokienetan, goizekoa ez denak arratsez, insomniodunak gaua baliatuz. Egun bakarrean aste osoko heina behar.
Etxe-aldiaren hastapenetik, estatuak halaxe agindu zuen: haurrak etxean egoteko gisan, aita-amek telelana egin zezatela eta gainerakoak ere, haurrik gabekoek diogu, ahalik eta gehien. Molde horretan saihestuko zen langabezia dispositiboa, kostu handikoa eta sari galera suposatzen zuena. Lana –batez ere besteei eginarazten zaiena– funtsezkoa baita, ekonomia tai gabe akuilatzea ere gisa bera.
" Tortura instituzionalizatu bat izan zen, ez gehiago izatea ez ordutegi, ez lantoki, ez lankide, ukatea hamar misio, konferentzia telefonikotan itotzea, gaiak azaletik tratatzea, sakontasunik gabe, e-mail parrasta igortze-jasotzea"
Ebak, halabeharrez, halaxe egin zuen berak ere: ororen buru, egingarria zirudien, etxekoandre, ama, irakasle, langile, dena bat. Azken finean, bizian dena da antolaketa, ordutegi, puzzle pieza bakoitza kabitu behar duen txokoan kokatzea, besterik ez. Telebistan hala zioten lan-psikologoek eta aholku ugari eskaintzen zentzu horretan. Inutila behar zen izan ez heltzeko. Zinez, indarra eginez gero, aukera berriak ager zitezkeelakoan zegoen Eba bera ere: ibilalditxoak afaldu aitzin, baratzea paratzea, aspaldian bazterrean utzi egitasmo zenbaiti berriz lotzea. Zer zekien zetorrenaz? Deus.
Neke da imajinatzea amiltzea zein laster gertatu zitzaion.
Telelan behartua, haurrak eskolatik kanpo izanki, pozoia zen, haurren aldean irentsia, bi eskolako lanen artetik eta aldi berean arratsaldeko hornitu beharko zitzaien denbora pasa gogoetatuz. Tortura instituzionalizatu bat izan zen, ez gehiago izatea ez ordutegi, ez lantoki, ez lankide, ukaitea hamar misio, konferentzia telefonikotan itotzea, gaiak azaletik tratatzea, sakontasunik gabe, e-mail parrasta igortze-jasotzea. Okerrena, ekoiztu denari norberak ere iriztea txipa-kaka dela. Ez: okerrena zen biharamunean kideek horretaz ohartaraztea.
Tortura bat zen Ebarentzat, nahiz eta urteetan aldarrikatu izan eskubide moduan, gauza super progresista zelakoan. Aukera izan zen, nagusi anitzentzat langileari ohiko errendimendua galdegiteko baldintza kaskarretan, sekulako pribilegioa egiten ziolakoan enplegatuari.
Lan txarra egin zuen, petatxuak, garai normaletan sekulan onartuko ez lituzkeenak nehorengandik. Eta erruduntasun puñeta hori nagusitu zitzaion gainera: ez zuela aski egiten, ez aski fite, etxean izateko xantza ukanik...
Honekin segituko du, nahi ala ez, jendartearen parte batek. Eta nehork ez du erraten: hau tranpa izan zen. Asteetan zehar eta luzerako, eremu pribatua profesional bihurtzetik harago, atentzio osoa, indarrak oro alienatu ditu lanak, sari beraren truke. Ebaren gauak eta amesgaiztoak eta geometria eta plus-que-parfait azaltzen eragin zorabioak horren lekuko dira.