Ikaskideen hamaiketakoan eragitea izan dute ikasturte honetako erronka Batxilergoko hainbat gaztek: elikagai industrialak erosteko joeraren aurrean, fruta postuak jarri dituzte jolas-orduan. Konfinamenduak erdibidean utzi du proiektua, baina ez dira besoak gurutzatuta geratu: errezeten liburu digitala ere osatu dute ikasleek, bertako eta sasoiko jakiak oinarri. Eta etxeko sukaldean errezetetako platerak prestatzen grabatu dute euren burua, bideoak liburuxka digitalean txertatzeko. Hiru ikastetxeren arteko elkarlanak gidatu du bidaia pedagogiko hau.
Nondik dator supermerkatuan erosi dugun jakia? Zein kostu ekologiko du horrek? Eta zein baldintzatan egin dute lan baratze eta negutegietan, guk hain merke eskuratu ditugun elikagai horiek lortzeko? Gogoeta egin zuten 16-17 urte inguruko gazteek Irungo Pio Baroja institutuan, eta ikastetxeko ikasle guztiei galdetegia banatu zieten ondoren, diagnostikoa egiteko: “Zein hamaiketako egiten duzu?”. Ondorioa garbia izan zen: palmera/opil/txokolate… industrial asko, eta plastikoz ongi bilduta. Beste galdera bat ere luzatu zieten ikaskideei: “Institutuan bertan fruta salduz gero, erosiko zenuke?”. Baietz erantzun zuen jendeak, eta horrela jaio zen Batxilergoko lehen mailako ikasleen proiektua: ehun bat ikaslek, lau taldetan banatuta, fruta saltzeari ekin zioten jolas-orduan; astean bitan eta patioan bi mahai jarrita. Gabonetako oporren ostean hasi ziren, eta konfinamendura arte luzatu zuten. Fruta erosteaz, kaxatan eramateaz, mahaiak antolatzeaz… arduratu ziren.
“Aurreikuspen onegiak genituen, pila bat salduko genuela uste genuen, baina ez zen hala izan”, aitortu digu Pilar Gomez institutuko irakasleak. Ikastetxean bertan dute lehia: makina dago institutuan, freskagarriak, txokolatea, fruitu lehorrak… saltzen dituena. Barneratuta ditugun hainbat ohitura ere azaleratu zituen ekimenak: bertako sagarra (errege sagarra) eta atzerrikoren bat jarri (Granny Smith), eta bigarrenaren alde egiten zuten ikasleek nabarmen, distira, itxura eta estetika “perfektu” hori duen frutara ohitu gaituztelako supermerkatuek. Horri buruz eztabaidatzeko ere balio izan die proiektuak.
Gainera, saltzaile aritu ziren ikasleek eurek –eta beren lagunek– fruta jateko ohitura hartu zuten, gutxi-gehiago. Taldeetako batean, esaterako, erabaki zuten azoka jartzea egokitzen zitzaien egunetan ikasleetako batek talde guztiarentzat fruta bana erostea, txandaka.
Bertako sagarra (errege sagarra) eta atzerrikoren bat jarri (Granny Smith), eta bigarrenaren alde egiten zuten ikasleek nabarmen, distira, itxura eta estetika “perfektu” hori duen frutara ohitu gaituztelako supermerkatuek
Elikadura jasangarriak eskatzen du hondakinak ere ahalik eta gutxien sortzea, eta plastikorik ez zuten batere erabili azokak iraun zuen bitartean. Lanketa baten ondorio izan zen: egunerokoan alferrikako zenbat plastiko erabiltzen dugun ikusita, pentsatu zuten irtenbide egokiena zela fruta kutxatan eramatea saltokitik ikastetxera, eta mahaien ondoan organikorako poltsak erabili zituzten, fruta-azala eta abarrentzat.
Euskal takoak eta pilotak txitxirioekin
Egun batetik bestera pandemiak ikastetxeetako ateak itxi zituen eta hamaiketakoak norberak bere etxean egin beharreko mokadutxo bihurtu ziren, baina jolas-orduko azokarekin batera abiatu zuten beste ekimen bati jarraipena eman ahal izan diote konfinamendu garaian Pio Barojako ikasleek: bertako eta sasoiko produktuekin osatutako errezeten liburuxka digitala. Hondarribiko Talaian ikastetxeko adin bereko ikasleak ere batu zaizkie, eta denen artean osatu dituzte errezeten bilduma jasotzen duten webgunea eta liburu digitala. Informatika klaseak baliatu dituzte horretarako. “Herriko baratzeak, azokak, kontsumo taldeak, kilometro zero kontzeptua… landu genuen, ikusteko supermerkatutik harago makina bat aukera daudela janaria lortzeko –azaldu digu Maier Gereka Talaian ikastetxeko irakasleak– eta aldi berean identifikatu genituen zein diren urtaroz urtaro Euskal Herrian ekoitzi ditzakegun elikagaiak”. Hala, elikagai horiekin osatu dituzte ikasleek errezetak, urtaroka banatuta. Ikasleak saiatu dira errezeta arruntez gain plater originalak eta bitxiak sortzen, beste lurralde batzuetako sukaldaritzak aztertu eta hemengo elikagaietara egokituz. Tako mexikarraren ordez, esaterako, euskal takoa; eta entsaladari modan dagoen aguakatea bota beharrean, bertako sagarrarekin hornitu.
Etxetik ezin atera, sukaldean errezetak plater bihurtu eta bideoan grabatzeko ere aprobetxatu dute ikasleek. Hala, hainbat errezetaren ondoan, horiek prestatzeko eman beharreko urratsak bideoan azalduta ikusteko aukera dago liburuxka digitalean.
Jangelan soberan geratutako frutaz betetako karroa paseatzen dute ikasleek Lehen Hezkuntzako jolas-garaian, eta patioan dauden ikaskideak fruta hartzen joaten dira karrotik. “Arrakasta itzela du ekintzak”
12-13 urteko ikasleen porru-patata
Errezeten liburuko bideoetako bat berezia da: porru-patatarena. Pio Baroja institutuko Batxilergoko gazteek grabatua da, bai, baina ez euren etxeko sukaldean, Irungo Txingudi ikastola publikoko sukaldaritza tailerrean baizik. Errezeta institutukoek egin zuten, eta errealitate bihurtu berriz, Txingudiko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek. Institututik pare bat ikasle gerturatu ziren Txingudiko sukaldaritza tailer arrakastatsura, prozesua bideoan grabatzeko. Poz-pozik aritu ziren batzuk zein besteak –institutuko ikasleak, beren errezeta beste batzuk gauzatzen ari zirelako; DBHko ikasleak, institututik etorri zirelako euren jarduna grabatzera–, eta saio gehiago egitekotan geratu ziren, baina egunetik gauera konfinamendua iritsi zen.
Ez da harritzekoa Txingudi ikastolak institutukoen proposamenari ateak zabaldu izana, ikastolan urteak daramatzatelako elikadura jasangarri eta osasungarriaren inguruan gogoetatzen. Haur Hezkuntzatik DBHrainoko ikasleak hartzen dituen ikastetxe honetan, gaia txikitatik barneratzen hasi behar dela uste dute. Adibidez, konturatu ziren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetako haur askok jangelan fruta osoa ez dutela jaten eta zaborretara fruta pila bat botatzen zela. Erabaki zuten txikiei fruta osoa eskaini beharrean, nahi zuten zatia eskaintzea (laurdena, erdia…) eta gainerakoa bi modutan aprobetxatzea: batetik, Haur Hezkuntzakoek ikasgelan jaten duten hamaiketakorako. Bestetik, soberan geratutako frutaz betetako karroa paseatzen dute ikasleek Lehen Hezkuntzako jolas-garaian, eta patioan dauden ikaskideak fruta hartzen joaten dira karrotik. “Arrakasta itzela du ekintzak”, azaldu digu Mikel Estonba irakasleak. Baratze ekologikoari, gosari eta hamaiketakoei, ikasleen urtebetetze festetako jakiei… lotuta ekintza gehiago ere badituzte.
“Bitxia da, haur horiek gero Bigarren Hezkuntzara pasatzen direnean, ohiturak aldatu egiten baitituzte –aitortu du Gurutze Laboa Txingudiko irakasleak–; normala da, jada ez dira gurasoak hamaiketakoa aukeratzen dutenak, nerabezaroan daude… eta horregatik adin honetan ere elikaduraz eztabaidatzea erronka da”. Gainera, elikadura industriala etengabe sustatzen duen gizarte ereduak ez du asko laguntzen. “Garbi daukagu oro har gizartearen inertzien kontra egin behar dugula, baina baikorrak izan behar dugu, fruituak ez baitira egun batetik bestera ikusten, baina landutakoaren arrastoa hor geratzen da eta txikitatik ikasitakoa, barnean dagoena, gerora bueltatu ohi da”, dio Estonbak.
“Garbi daukagu oro har gizartearen inertzien kontra egin behar dugula, baina baikorrak izan behar dugu, landutakoaren arrastoa hor geratzen delako eta barnean dagoena, gerora bueltatu ohi da”, dio Estonbak
Ikastetxeen arteko aliantza
Pio Baroja, Talaian eta Txingudi, bi herritako hiru ikastetxek hartu dute parte era batera edo bestera proiektuan, eta denek argi dute horrek aberastu egin dituela prozesua eta emaitza. Batetik, motibazio handia izan da ikasleentzat, elkarren lana interesez jarraitu dute eta batzuen eta besteen bisitak gustura hartu dituzte. Bestetik, irakaslearentzat ere modua da bakarrik ez sentitzeko eta elkarlanean aurrera hobeto egiteko. Ekimenarentzat, jakina, beti da ona elkartrukea, ideia eta kontraste gehiago ekartzen dituelako.
Beste ate bat ere jo dute: Irun eta Hondarribiko udalena. Errezeten liburuxka txertatu egingo dute udalek beren webgunean, ez daitezen izan ahanzturan geratuko diren errezetak, ahalik eta herritar gehienek aprobetxatuko dituzten sukaldaritza proposamen jasangarriak baizik.
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]
Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]
Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.
Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]
Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]
Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]
"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]
Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.
Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]
Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda da, eta lehenengo egunaren jarraipena %75etik gorakoa dela adierazi dute sindikatuek: "Grebak jarraipen zabala izan du". Eusko Jaurlaritzak berriz, jarraipena... [+]
Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.