argia.eus
INPRIMATU
Disfrutatu, jolastu, ikasi
Xabier Etxaniz Erle 2020ko ekainaren 02a
Ibaian behera | Testua eta ilustrazioak: Magnus Weightman | Itzulpena: Uxue Alberdi | Ttarttalo, 2020.
Ibaian behera | Testua eta ilustrazioak: Magnus Weightman | Itzulpena: Uxue Alberdi | Ttarttalo, 2020.

Han goian, hodeien gainean, isil-isil dago dena. Glaziarraren kirrinka baino ez da entzuten. Untxi Txiki uretatik gertu jolasean ari da, pozik. ‘Lagundu!’, oihukatu du bat-batean. ‘Peter! Bob! Ahatetxo badoa!’. Anaiek di-da jauzi egin dute txalupara. ‘Bizkor! Harrapa dezagun betirako desagertu baino lehen!’”. Hauxe dugu Ibaian behera liburu honen hasiera, bizia, abenturari bidea emanez… baina irakurleak liburua irekitzean Untxi Txiki eta anaien berri izateaz gain mendiak, glaziarrak, ur korronteak, putreak, ahuntzak eta beste mila gauza ikusi ahal izango ditu.

Mendi tontorretatik gertu, izotza ur bilakatzen den putzu batean hasten da hiru anaien ibilbidea, eta orriek aurrera egin ahala itsaso zabaleraino iritsiko dira Ahatetxoren bila. Eta bidaia hori da, hain zuzen, liburu honen kontakizuna, nola doazen, batzuetan helburu argiaren atzetik, bestetan erdi galduta, txalupan, errekan barrena urari jarraiki.

Istorioak ez du misterio handirik, mendi tontorreko ur-lasterretatik itsaso zabaleraino bidaia eta bertan jazotakoak, ikusitakoak. Egia da era askotako abenturak izango dituztela Ahatetxoren bila, baita honen antzeko ehunka plastikozko ahatetxoren artean beraiena aurkitu beharra ere, baina liburuak duen baliorik handiena proposatzen digun –edo dizkigun, esan beharko genuke agian– jolasa da.

Izan ere hiru anaia untxiez gain liburuko orrietan badira beste protagonista batzuk: motorrez doazen txerriak, orein familia bat, Chuck oilaskoa, Celia beltxarga bere kumetxoekin,… eta pertsonaia horiek orri guztietan agertzen dira zerbait egiten, helburu baten bila, jendeari laguntzen edo inguruko paisaiak deskubritzen. Irakurleak Ahatetxoren bila doazen hiru anaiekin batera, eta hauen abenturez gain, pertsonaia hauek guztiak ezagutu eta egiten dutenaren berri izango du, baita orrietan ezkutuan ageri den barraskiloa aurkitzeko beharra ere.

Ibaian behera, beraz, jolas liburu bat dugu. Entretenigarria, polita, une atsegina igarotzeko aproposa, baita ibaien ibilbideaz ikasteko tresna guztiz aproposa. Mendi tontorretatik ur-jauzietara, industriaguneetatik landare-guneetara, herrietatik hirietara eramango baikaitu hiru anaien abenturak. Eta guk, haiekin batera, ederki disfrutatuko dugu abenturak jarraitzen, jolasten eta ikasten.