argia.eus
INPRIMATU
Berdintasunaren ikurra eta desberdinkeriaren biktima
  • Robert Recorde fisikari eta matematikari galestarrak berdintasunaren ikur matematikoa asmatu zuen. 1557an, ikurra asmatu zuen urte berean, Southwarkeko King’s Bench espetxean sartu zuten konde baten agindua ez onartzeagatik. Hurrengo urtean hil zen, giltzapean eta baztertuta.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko ekainaren 02a
Robert Recorderen ‘The whetstone of witte’ (1557) liburuan, zehazki irudiko orrialdean, agertu zen lehen aldiz  egun erabiltzen dugun berdintasunaren ikur matematikoa.

Londres, 1557. Robert Recorde (1512-1558) fisikari eta matematikari galestarra The Whetstone of Witte matematikako tratatua idazten ari zen, eta etengabe is equal to (berdin) esaldia idazten denbora asko galtzen ari zela konturatu zen. Gemowe lines edo lerro paraleloak erabiltzea erabaki zuen: “Hitz horien errepikapen aspergarria saihesteko, zabalera jakineko bi lerro paralelo edo biki erabiliko ditut, hori baino berdinagoak diren bi gauza ez direlako existitzen”. Berdintasunaren ikur matematikoa (=) asmatu zuen; hori bai, gaur erabiltzen duguna baino luzexeagoa.

Eta, ikurraz harago, hezkuntza eta aukera berdintasunaren bila ere aritu zen. Obra akademikoak latinez idatzi ohi ziren garaian, ingelesez idaztea erabaki zuen berak. The Ground of Artes (1543) lanean oinarrizko aritmetika azaldu zien irakurle “soil ezjakinei”, eta ezagutza matematikorik gabeko merkatariei abakoa erabiltzen irakasteko atal praktiko bat ere gehitu zuen. Astronomiaz ere idatzi zuen, Nikolas Kopernikoren heliozentrismoaren alde eta ordura arte zabalduta zeuden teorien kontra. Antzinaroko eta Erdi Aroko dokumentuetan aditua zen. Gernuaren bidez gaixotasunak diagnostikatzeko metodo bat asmatu zuen. Eta funtzionario lanetarako tartea ere bazuen; Bristolgo Monetaren Etxean jardun zuen.

Lan horretan, Henry Herbert Prembokeko kondea izango zenarekin egin zuen topo edo, zehatzago esanda, nobleak dibisak desbideratzeko emandako aginduarekin. Recordek ezetz esan zuen. Herritar xehearen ezezkoak suminduta, kondeak traizioagatik salatu zuen matematikaria. Recordek bi hilabete eman zituen giltzapean, baina, azkenean, salaketak ez zuen aurrera egin eta aske utzi zuten. Recorde ez zen kikildu. Fondoak bidegabe erabiltzeagatik salatu zuen Pembroke. Baina nobleak Filipe eta Maria errege-erreginengana jo zuen, justizia denentzat berdina ez zela jakitun. Eta, azkenean, salatzailea, Recorde bera, zigortu zuten difamazioagatik: 1.000 libra ordaindu beharko zizkion kondeari, baina ezin zuen. XVI. mendean dirutza izugarria zen hura, batez ere diru publikoa lapurtzeko ohiturarik ez zuenarentzat. 1557an, berdintasunaren ikurra asmatu zuen urte berean, Southwarkeko King’s Bench espetxean sartu zuten isuna ez ordaintzeagatik. Hurrengo urtean hil zen, giltzapean eta baztertuta.

XVIII. mendearen hasieran, Recorderen berdintasun ikurra estandarra zen Europa osoan