argia.eus
INPRIMATU
Kalea
Ibai Atutxa OrdeƱana 2020ko maiatzaren 27a
Forugh Farrokhzad | Antologia | Munduko poesia kaierak | Susa, 2020.
Forugh Farrokhzad | Antologia | Munduko poesia kaierak | Susa, 2020.

Atzoko poemetan ari naiz bilatzen gaurko egunerokotasuna bahetzeko imajinazio eraldatzailea. Bada, horretarako aukera eman dit Susak argitaratu eta Miren Agur Meabek itzuli duen Munduko Poesia Kaiera berriak. Forugh Farrokhzaden poemagintzari eskainitako kaierak zehazkiago, kalea imajinatzen lagundu dit.

Liburuko ahots poetikoak kalea irudikatzean ez dio irakurleari alkitranezko egitura arkitektoniko soila aurkezten. Kalea ez zaio segituan egiten ulergarri. Kalea harremanean eraikitzen du poeta irandarraren literaturak.

Farrokhzaden poemek diote “Gauean estrata umelean, / gure itzalek ihes egiten dute […] gorputza zer da, kartzela edo lur askea?”. Oparia izeneko poemak dio, “Nire etxera etortzen bazara, laztana, / ekarri kriseilu bat / eta leiho bat, / ikusi dezadan jendetza kalexka zoriontsuan”.

Poemek etxea eta kalea elkarreraginean eraikitzen dituzte –leihoa bitartekari–. Ez dago etxerik kalerik gabe eta alderantziz. Gorputzak dira espazio horiek transitatzen dituztenak eta transitatzeko modu eta gaitasunek; eta transitatzean gertatzen diren topaketek sortzen dituzte, gorputzak bezala, etxe-barruak eta kaleak.

Farrokhzaden literatura ezin da bere horretan ekarri gurera. Ahots poetikoa da 50eko hamarkadatik 60kora artikulatutako emakumezko ahots errebeldea. Haatik, liburuak konfinamendu honetako kaleak imajinatzen lagundu dit.

Poemek Mari Luz Estebanen artikulu bat ekarri didate gogora, aldi berean, Nerea Fillaten beste artikulu bati erreferentzia egiten diona. Estebanek “belaunaldien arteko lotura kolektiboak eta horizontalak asmatzea eta sendotzea [ren]” alde egiten du Fillaten analisiarekin elkarrizketan; hau da, “pandemiari aurre egiteko neurriak subjektu bakar baten berezitasunen neurrira” pentsatu direla.
Iruditu zait Farrokhzaden poemek elkarrizketarekin aurrera egiten lagun dezaketela. Izan ere, belaunaldi, jatorri, genero, arraza, klase, sexualitate, gaitasun, eta hizkuntza ezberdineko gorputzen arteko topaketen ondorio den kalea (eta etxea) asmatzeke baitago oraindik.