argia.eus
INPRIMATU
Eszeptikoak
Eneko Gorri Gantier 2020ko maiatzaren 28a

Euskal Herria laborategi txiki bat da: alternatiba, kontrakultura edo autogestioaren zelaia da. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan, tradizioz, beti uztartu izan ditugu “egitea” eta “aldarrikatzea”. Kulturala da: larunbatean espazio publikoa okupatzen dugu kexua adierazteko eta ondoko egunetan gure premiei erantzuteko tresnak sortzen segitzen dugu. Gainetik etortzea itxoin gabe. Nehoren baimenaren zain egon gabe.

Urteetan militante belaunaldiak aldizkatu dira, aitzindariek sortu zutena oinordekoei transmitituz. Horrela eraiki dira gure lurraldeak beharrezkoak zituen zutoinak euskararen biziberritzerako, ekonomia eraldatzailearen sustapenerako, kulturaren berpizkunderako edo lurraren defentsarako, adibidez. Ederra da 300.000 biztanle dituen lur zati txiki batean sortu eta iraunarazi diren ekimenak zenbatzea.

"Bere logela librea Airbnb-n alokatuz irabazitako euroak Intermarchén xahutzen dituenak, eta denbora berean herriak sorturiko tresna hauen kontra blablaka ari denaauek ez omen dira aski"

Herritar xumeontzat, egunerokoan posible zaigu trantsizioa eraikitzea tokian tokiko iniziatiba hauek erabiliz. Euskal monetaren zirkulazioa bideratuz, etxeko argindarra Energiaren bidez eskuratuz, jateko saskia AMAP batean betez, etxean hutsa den logela etorkin bati irekiz, hilabeteko diru isurketa erregularra Lurzaindiari eginez… Deus gutxi aldatu gabe gure biziari, aldaketa asko eragiteko gaitasuna dugu. Sinpleki eta xumeki. Engaiamendu militantea praktikara ekartzeko eta balioekin koherentzian bizitzeko aukera txikiak dira.

Baina beti harritu naute espiritu kritiko-erradikal baten izenean aukera hauek baliatzen ez dituzten “militante” eszeptiko batzuen joerek. Ez sistematik kanpo bizitzeko ausardia dutenek; horiek miresten ditut haien koherentzia eta eredugarritasunagatik. Bere logela librea Airbnb-n alokatuz irabazitako euroak Intermarchén xahutu, eta denbora berean herriak sorturiko tresna hauen kontra blablaka ari denak. Alternatiba hauek ez omen dira aski nazionalak, edo sobera sisteman sartuak dira, edo euskararekiko eskasak, edo kooperatibismo eredu agortu batekoak, edo aurpegi zuritzaileak… Kritika sanoa da, baina bere xarma galtzen du fede txarra edo alferkeria gordetzeko erabiltzen delarik.  

Gurean ere inertziak azkarrak dira. “Beste mundu bat eraiki, baina nire etxea aldatu gabe!”. Post-koronabirus aroak borrokatzeko arrazoi berriak ekarriko dizkigu. Auzolanean, elkartasunez, txikitik eraginez eta esperimentatuz urratsez urrats segituko dugu aitzina. Aitzineko belaunaldiek Le grand soir amesten zuten bezala igurikatzen badugu le monde d’après, ez baititugu ez bata ez bestea ezagutuko.