argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Zaharrak
Aritz Galarraga 2020ko maiatzaren 20a

Pribilejiatu bat naiz, badakit. Bizi garen etxeak elkar hiltzea desio ez izateko adina espazio dauka –ez gara berralokatutako gela batean bizi, gure kasuan lau pertsona, hamar metro karratutan–: badaukagu, hala behar izatera, gela bana, balkoi bat, joan-etorriak egiteko pasilloa. Seme-alabak ez dira txikiegiak, egun osoa inguruan molestatzen ibiltzeko, ez handiegiak, egun osoa lagunekin kalera atera nahi izateko; gainera hizketaldi inteligenteak eduki daitezke jada, eta oraino, haiekin. Osasun on samarra daukagu, batez ere fisikoa, nahiz korrikarik ez egin; tira, epidemia hasi aurretik geneukanaren berdintsua, behintzat.

Pribilejiatu bat naiz: gurasoak zaharrak dira, baina gazteegiak oraindik asko-asko kezkatzeko. Ez dira arrisku talde, ez patologiaren baten jabe, ondo daudela ematen du telefonoz mintzo garen bakoitzean. Baina zaharrak dira hala ere –zaharrak, bai, ez adintsu, adindun, adinekoak; gazteak existitzen diren bezala –existitu, diot, ulertzea beste kontu bat da–, zaharrak ere existituko dira, ezta? Gero tartean gaude gu, adin ertaina, ze gauza ederra–. Eta hil diren gehiengo handi bat zaharrak izan dira, hiltzen utzi ditugun gehienak, adibidez erresidentzietan –diotenez hildakoen %70, aurretik erresidentzien eredua zalantzan jartzeko motibo ugari ez balego bezala–. Paidokraziaz hitz egin genuen moduan, gerontofobiaz hitz egiten has gintezke beraz? Santiago Alba Rico urrunago doa, eta, judutarrei erreferentziarik egin gabe, holokaustoa aipatu du, holokausto hitzak, etimologikoki, populazioaren multzo jakin bat sakrifikatzea esan nahi baitu. Argi dagoena da ondo planteatu beharra dugula, gizarte gisa, zer harreman daukagun heriotzarekin eta gero eta luzeagoak diren bizitzekin. Pribilejiatu bat naiz, badakit. Eta, hala ere, zaharrengan pentsatzen dudanean, aurki gu ere izango garen zahar horiengan, korapiloa egiten zait zintzurrean.