argia.eus
INPRIMATU
Epaileak, serio eta beltz
  • XVII. mendera arte, Ingalaterrako epaileek hainbat koloretako jantziak erabili ohi zituzten, modaren edo apetaren arabera: gorriak, moreak, berdeak, beltzak…

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko maiatzaren 19a

1635ean togen koloreak arautu zituzten: udan epaileek toga morea jantziko zuten eta neguan, beltza; gorria zeremonia berezi eta zigor epaitegietara mugatu zuten. 1694an, Maria II.a erregina baztangak jota hil zenean, epaileak neguko toga janztera behartu zituzten doluak iraun bitartean.

Baina dolu ofiziala hainbat urtez luzatu zenez, amaitu zenean, inork gutxik aprobetxatu zuela berriro kolore biziagoak erabiltzeko aukera. Ordurako epaile gehienen armairuetan ez zen toga gorri edo morerik, eta beltza nagusitu zen. Epaileen zereginaren seriotasunarekin bat egiten duelako? Errespetua eta autoritatea adierazteko? Praktikotasun kontua besterik ez zen izan.