Krimea, 1855 inguruan. Anna Moiseevna Rozenstejn –gerora Anna Kulishova izenez ezaguna– jaio zen, merkatari judutar familia aberats batean. Turinen tesia prestatzen ari zela sukar puerperalaren jatorri bakterianoa frogatu zuen. Anna Kulishovaren aurkikuntzak bizia salbatu zien milioika emakumeri. 16 edo 17 urte zituela Zuricheko unibertsitatean eman zuen izena, filosofia ikasteko, baina egoera politikoak Errusiara itzultzera behartu zuen.
16 edo 17 urte zituela Zuricheko unibertsitatean eman zuen izena, filosofia ikasteko, baina egoera politikoak Errusiara itzultzera behartu zuen.
Piotr Makarebitx anarkistarekin ezkondu zen; landa gunera joan ziren bizitzera, pobreekin batera, pobreak bezala, eta Bakuninen ideiak zabaltzera. Berehala atxilotu eta erbesteratu zituzten. Ez zen sekula jaioterrira itzuliko. Suitzara joan zen berriro eta izena aldatu zuen; esklabo ohien abizen bat aukeratu zuen: Kulishova.
22 urte zituela Andrea Costa anarkista italiarra ezagutu zuen. Lehenik, Florentzian atxilotu zituzten –Annak tuberkulosia eta artritisa harrapatu zituen espetxean–. Gero, Suitzako beste erbestaldi baten ondoren, Italiara itzuli eta Milanen atxilotu zituzten. Suitzan izan zuen bere alaba bakarra, Costarengantik banandu zen eta, alaba hartuta Italiara itzuli zen.
1882an Annak 27 urte zituen, eta atzerrian alabarekin bakarrik egon arren, geratzen zitzaion diru apurra lagun, medikuntza ikasten hasi zen Napoliko unibertsitatean. Turinen amaitu zituen ikasketak, ginekologian espezializatuz eta, hantxe, tesia prestatzen ari zela sukar puerperalaren jatorri bakterianoa frogatu zuen.
Esaterako, 1840ko hamarkadan, Vienako Ospitale Orokorrean, erditzean hamar emakumeetatik bat hiltzen zen sukar puerperalak jota. Ez zekiten zerk eragiten zuen eta, beraz, ezin zuten tratatu. Anna Kulishovaren aurkikuntzak bizia salbatu zien milioika emakumeri.
Aurkikuntza horri esker, laborategian karrera oparoa zuen aurretik, baina Annak Milanera joatea erabaki zuen eta, han, auzo txiroenetako emakume behartsuenei arreta ginekologikoa eman zien doan. Filippo Turati sozialista ezagutu zuen eta, elkarrekin, Langileen Alderdia sortu zuten 1892an, gerora Italiako Alderdi Sozialista izango zena.
Carlo Silvestri kazetariak hauxe idatzi zuen Annari buruz 1947an: “Italiar sozialismoaren garunik bikainena emakume ezti eta basati hura zen. Haren aurrean denak adeitsu eta liluratuta egoten ziren, Mussolini bera barne”.
1891n, Bigarren Internazional Sozialistaren Bruselako kongresuan, Kulishovak beste hainbat emakumerekin egin zuen topo; emakumeak askatu gabe gizakiak ez zirela aske izango aldarrikatu zuten, eta han bildutako ordezkariek eskubide berdintasunaren aldeko konpromisoa onartzea lortu zuten. Baina, bestela, Anna bakarrik zegoen: emakume bakarra izan zen unibertsitatean, ginekologo jardunean eta militantzia politikoan. Eta bakarrik hil zen.
Berak sortutako alderdiko kide ohi batek, Benito Mussolinik, are gehiago ilundu zizkion azken urteak. Mussolinik sozialistak jazarri zituen, Anna bera barne, eta erabat etsita eman zituen azken bizpahiru urteak: espetxealdi, erbestealdi, jazarpen, estutasun eta ahalegin guztiak alferrikakoak izan zirela uste zuen. 1925eko abenduaren 27an hil zen Milanen, bere aurkikuntzak milioika emakume salbatuko zituela jabetu gabe, Bruselako aldarrikapenek apurka bidea egingo zutela ikusi gabe, ereindako guztiaren fruituak jaso gabe.