argia.eus
INPRIMATU
Big Datako informatikariak izango ote dira XXI. mendeko birologo berriak?
  • Osasun-segurtasunaren izenean, herritarron bizi pribatuaren errespetua geroz eta gehiago dugu zangopilaturik. Koronabirusaren izurriteak ekarri du pertsonon jarraipen numerikoaren legitimazioa eta parte handi batean onarpena. Zelatatze hori litzateke epidemia kontrolatzeko eta mugatzeko bideetariko bat. Azken urteetan Asian garaturiko sistema mundu osoan hedatuz doa, Big Data esferako boteretsuen mesedetan. “Feodalismo numerikoa” izena jarri diote hainbat adituk garai berri honi.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko maiatzaren 20a

"Txina Europaren geroa izango ote da?” galderarekin bukatzen du Feodalismo digital bateruntz? artikulua Byung-Chul Han filosofo hego-korearrak. Galdera titularrean eta galdera testuaren bukaeran. Galderak luzatzeak berak izialdura dakar, baiezkoa irudikatzeak nekez imajinatu dezakegun mundu beldurgarri batean kokatzen gaituelako. Alta, Asiako herri andanatan, batez ere Txinan existitzen den errealitatea da. Argi du: “Gaur egun Asian, ez dute birologoek edo epidemiologistek pandemia borrokatzen, baina bai informatikariek eta big datako adituek”.

Koronabirusaren kutsadura mugatu izanaren arrazoietan dugu kontrol sozial numerikoa. Azken urteetan garaturikoa eta epidemiaren kontra muturreko moldean bideraturikoa. 2,76 miliar kamera instalatzekoak ditu Txinak 2022rako, jada 2018an zituen 450 milioi kamerez gain. Batazbeste bi kamera herritarka. Makinatxo horiek aurpegi ezagupena egiten dabiltza, bakoitzaren nondik norakoak jarraituz. Betaurreko inteligenteak ere baditu azken garai hauetan poliziak, adimen artifizialari esker metro batetara den pertsonaren sukarra neurtzeko,  funtzio horretara bideraturiko  kamera inteligenteak ere badituzte; ondotik abisua bidaltzen diote mugikorrera sukardunari, koronabirusaz kutsatua izan daitekeela abisatzeko eta konfinamendura bideratzeko. Maskarek aurpegi ezagupena doi bat trabaturik, Stanford unibertsitateko Amarjot Singh ikerlariaren algoritmo berria erabiltzen hasi dira. Honek aurpegiko hamalau puntu elkarri konektatuz, pertsona ezagutu dezake, maskara ukanda ere. Izurritea bukatuko den egunean aplikazio hau erabiltzen segituko duela abisatua du gobernuak. Alibaba enpresa boteredunak asmatu Alipay Health Code aplikazioa ere orokortzen dabiltza: QR kode baten bidez, herritarrak jakiten du etxetik atera daitekeen (kodeak kolore berdea ukanez gero), zazpi egunez konfinaturik behar duen egon (kolore horia) ala bi astez mugimendu oro debekaturik duen (kolore gorria). Mugikorren bidez egindako jarraipenari esker segurtatzen dute hori, kontrolatuz pertsona oro non eta norekin egon den. www.arte.tv kate franko-alemaniarrak kitorik eskura jarri duen Tous surveillés, 7 milliards de suspects dokumentalak xeheki aurkezten digun big brother jendartearen adibide batzuk besterik ez dira.

Ezberdintasun kulturalak direla medio, modelo asiar honek ez dirudi mendebaldeko liberalismoarekin bateragarria, Byung-Vhul Hanen arabera. Hala eta guztiz ere, hain muturrekoa ez bada ere, kontrol numeriko hori gure errealitate ere badela gehitzen du: “Zainketa panoptikoa ez da fenomeno soilik asiarra. Jada bizi gara mundu mailako panoptiko numeriko batean. Sare sozialek geroz eta gehiago antza dute erabiltzaileak gupidarik gabe zelatatzen eta maneiatzen dituen panoptiko bati”. Feodalismo numerikoaren aroan garela dio filosofoak. Dionaz, erregeak eta jaunak guztiaren jabe ziren bezala, gaur egun Big Datan dira errege eta jaunak, gure ideia, gustu eta iritzien jabe eta ustiatzaile bilakaturikoak.

Feodalismo numerikoa

“Lur puska bat ekartzen digute Facebook gisako jaun feodalek, erranez ‘kitorik da, irauli ezazue orain’ eta ero batzuk bezala iraultzen gabiltza. Azkenean, uztaren bila datoz eta horrela dabiltza komunikazioaren zelatatzen eta ustiatzen, sistema ikaragarri eraginkorra da”. Zelatatze horrek ez du kexurik eta protestarik eragiten, gure askatasuna bera delako ustiatua, filosofoaren irakurketari segi. Are gehiago aske sentiarazten gaitu: “Google, Facebook edo Amazon bezalako plataformek zelatatzen eta manipulatzen gaituzte, haien etekinak maximizatzeko. Klik bakoitza grabaturik eta analizaturik da. Hari algoritmiko batzuen puntan diren txontxongiloak bezala erabiliak gara. Baina aske sentitzen gara. Askatasunaren dialektika batean gara zeinak menpekotasun bilakarazten duen askatasuna”.

Historian zehar kapitalismoa aurpegi ezberdinak hartuz joan da eta gaur egun “zelatatzearen kapitalismoa” bihurtu  dela dio. Kontutan hartu beharreko elementua, numerikoa lotura sozialak ahalbidetzeko bide bihurtu zaigun distantziazio sozialaren testuinguruan. Koronabirusaren izurritearen mapa osatzen laguntzeko, Googleren gisara, Facebookek ere jakinarazi du bere datuak eskura jarriko dituela. Munduko lau miliar erabiltzaile ditu Facebookek.

Bistan da, koronabirusak ez du krisiarekin errimatzen Big Datakoentzat. Konfinamendu garai honetan 35 miliar dolarrekoa izan da Microsoften negozioa, 24 miliarrekoa Amazonena eta 17,74 miliarrekoa Facebookena. Harremantzea, kontsumitzea zein lan egitea bide numerikotik bideratzeak dirua dakarrelako Big Datako jaunttoei.

Covid-19aren izurritea agerturik, Txinako Osasunaren Batzar Nazionalak tokiko gobernuei ondoko oharra egin zien: “Big Datak atzeman eta jarraitu ditzazke kutsatutakoak, epidemiaren bilakaera unean-unean aurreikusiz”. Italia, Taiwan, Israel, Hego Korea, Austria... oharra kontutan hartu eta mundu mailako estatu askok dute arreta esfera horretara bideratu, smartphone mugikorren bidezko segipena abiatuz. Europar Batasunak ere ez du bidea hetsi, “interes publikoaren” eta “hil ala biziko interesen” izenean egin daitekeela erranez. Jarraipena bideratzeko orain arte lehiakide direnak elkartu dira –Microsoft eta Apple taldeak–, bi sistemen arteko komunikazioa bideratu dezakeen aplikazioa sortzeko. Dudarik gabe, diru iturri delako marka.

Osasuna versus bizi pribatua

Herritarren zelatatze hori biopolitikoa bilakatzen ari dela dio Byung-Chul Hanek, –Michel Foucaulten zentzura, herritarron bizietan eta biziengan bideratu botere gisa ulertuz–. Gure gogoetez gain, gure gorputza eta osasuna dira geroz eta gehiago kontrolatuak. “Aske izatearen sentimentua ez da baztertzekoa, usteko dugulako osasun onean mantentzeko beharrezkoa dugula zelatatze biopolitikoa”. Funtsean, herritarren lekukotasunei fidatuz, ustez koronabirusaz urruntzeko bidea delako dute milioika pertsonek telefono bidezko zelatatzea onarturik.

Bilakaera horretaz ari da Le Grand Continent webguneko “Feodalismo digitalaren aroa” (l´ère du féodalisme digital) artikulu mamitsuan Ramon Blecua: “Herritarrek aukeratu behar izan zuten askatasuna ala sekuritatearen artean; orain osasuna eta bizi pribatuaren artean hautatu beharko dute”. Estatuek boterea galdurik eta enpresa pribatu erraldoiek guztia kudeaturik, benetan hautua ukateari buruzko zalantzak ditu Blecuak.