argia.eus
INPRIMATU
Iraultza txikien etxeak
Haizea Nuñez Palacio @haizea_nunez 2020ko maiatzaren 11

Noizbait Itziar Gandarias kide feministari entzun nion Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako prozesuan emakume migratuek egindako kritika: “Zuen etxera gonbidatzen gaituzue, etxe barruko gauzen ordena aldatzeko aukerarik gabe. Baina denon etxea izateko gauzen ordena guztion artean eztabaidatu eta erabaki behar dugu”. Egungo konfinamendu egoeran Abaraska Etxebizitza Kooperatiboak ‘etxea’ kontzeptuaren inguruko hausnarketa irakurtzean Euskal Herriko Mugimendu feministari arrazakeriaren aurkako ikuspegitik egindako interpelazio hura etorri zait burura: “Etxea, izaera materialetik harago, bizitzan aurrera egiteko garrantzitsuenetako bat da, bertan oinarrizko harreman taldea finkatzen delako eta gure bizitzek egonkortasuna eta etorkizuna irudikatzeko baliabidea ere badelako”.

Mundura jaurti nindutenetik gaurdaino, ausaz edota klinamenaz, hamabi, atera kontuak, hamabi etxetatik pasa naiz, bata bestearen atzetik. Horiek guztiak ‘etxea’ izan dira, hurrenez hurren. Etxekoak ere aldatzen joan dira. Hasieran familia heteronuklearra zen: ama, aita, anaia, ahizpa eta bostok. Horiek ginen gu, arrotza egiten zitzaigun eta arrotzak ginen hiri batean. Arrotzak, gu, etxekoak. Memoria, denbora, aliantza edo ausardiarik gabe inon sustraitzeko, inori gure etxeko ateak zabaltzeko. Inoiz gertu izaten ez genuen famili zabalago, herri eta diaspora baten parte, urruneko satelite. Auskalo defendatuko genuen gure etxe hura non zegoen, non kuadrilla, non komunitatea eta non herri-batzarra.

"Egun hauetan, batez ere konfinamendua oraingo etxean bakar bakarrik pasatzea egokitu zaidan aste luzeetan, bi emozio horiekin konektatu dut: gaitzondoa eta inbidia"

Bosgarren etxebizitza zen hartatik ihes egin nuen askatasuna, asanblada, horizontaltasuna, kolektiboa, autogestioa, elkartasuna eta hiztegi sozialistaren hainbat hitz, teoria eta praktikari jarraika. Okupazioa zen gure tresna iraultza txikien etxeak irekitzeko, behin-behinean eraikitzeko, hurrengo desalojoaren zain.

Ibilbide pertsonal honekiko gaitzondoa sentitu dut, inbidia inguruan ditudan komunitatedun, kuadrilladun, familia modernodun hemengo lagunekiko. Egun hauetan, batez ere konfinamendua oraingo etxean bakar bakarrik pasatzea egokitu zaidan aste luzeetan, bi emozio horiekin konektatu dut: gaitzondoa eta inbidia. Etxearen esanguraren askatu gabeko korapiloa: galdutako etxeetan ikasitakoarekin eraikitzeko dugun aterpea. Alarma egoeran ilegalizatu diguten sare afektiboko kideon artean elkarlaguntza eta elkarbabesa zimenduak dituena. Paperek kontrakoa esan arren, elkarren etxeko dugulako polizia sistemikoa troleatzen dugunon iraultza txikien eraikuntza material eta afektiboa.