Ikastetxeek egun batetik bestera beren errealitatea aldatuta ikusi dute, klaseak eten zaizkielarik. Dagoeneko hartua dute on-line martxa, eta azken ebaluazioei eutsi aurreko tarte hau baliatu dugu aldaketa honetara nola egokitu diren ebaluatzeko.
Pedagogikoki gutxitan aipatua den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara jo dugu oraingoan galdezka. Erniobea ikastetxe publikoa interesgarri izan daitekeela pentsatu dugu, urteak baitaramatza sare hezkuntzako proiektua lantzen.
Krisi egoeran gutxiago gehiago izan daitekeela azaldu digu bertako zuzendari Olatz Zumetak: eguneroko klaseen ordu kopurua heren bat murriztu dute eta ikasleei lankarga arintzea izan dute helburu.
Tolosa aldean dagoen Aiztondo bailarako ikasleak hartzen ditu Erniobea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak. 12-16 urte bitarteko gaztetxoak, batzuk baserri girokoak, asko herri txikitakoak eta beste hainbeste Villabona herrikoak. Euskaraz egiteko erraztasun handia dutenak asko, Euskal Herrira iritsi berriak beste hainbat. “Ikasleen aldetik aniztasun handia dugu” adierazi du pozik Olatz Zumeta Erniobea ikastetxeko zuzendariak. Konfinamenduan irauteko oso baldintza ezberdinetan aurkitu dira ikastetxe bereko ikasleak: baserrian edo herri txikietako etxe handietan lau hormen artetik ateratzeko aukera noiznahi izan dute batzuek, eta kaleko pisu txikietatik gorputza ateratzeko balkoirik ere ez dute izan beste batzuek. Etxeen metro koadro diferentziari gehitu behar zaio gainera krisi orokor honek ekarritako beste arazo batzuk: “Ikasle batzuek koronabirusaz gaixorik izan dituzte senideak, edo haien gurasoek lana galdu dute egoera honetan... Horrek guztiak eragin handia du ikasleen alde emozionalean eta malgutasuna izan dugu hasieratik irizpide. Guk etxeetako egoera horien berri izaterako ikasleak sufritzen aritu zitezkeela kontziente izatea”.
Zuzendariak gogoratu du egun batetik bestera egin behar izan zutela klase presentzialetatik ordenagailu bidezkora aldaketa, eta irakasleek uste dute asmatu dutela lehen egunetan finkatu zuten oinarriarekin.
Ostegun batean (martxoaren 12an) prentsaren bidez jakin zuten klaseak itxiko zirela. Ofizialki jakinarazpena jaso arte itxaron zuten, eta huraxe izango zen ikasleak azkenekoz ikusiko zituzten eguna. Eskolako azken orduak ziren eta gelaz gela pasatu ziren zuzendaritzako kideak, ikasleei abisu emanaz liburu, koaderno eta material guztia etxera eramateko, eta lasai egoteko, hurrengo egunetan tutoreak eta irakasleek Classroom plataformaren eta gmail-aren bidez adieraziko zietela nola lan egingo zuten aurrerantzean.
"Argi genuen ikasleek beraien kabuz jarri behar zutela etxean lanean. Eta etxe bakoitzeko errealitatea oso ezberdina izango zenez, lan-karga kontrolatzen saiatu ginen" Olatz Zumeta
Hurrengo egunean, ostiralez, irakasleek bilera orokorra egin zuten lehenik, eta ondoren ikasmailaka antolatu ziren. Zentro osoarentzat berbera izango zen ordutegia eta mailaz maila plangintzak adostea izan ziren hartu zituzten lehen erabakiak: “Argi genuen ikasleek beraien kabuz jarri behar zutela etxean lanean. Ikasleek gurasoen laguntza gehiago edo gutxiago izan dezakete, baina printzipioz bakarrik daude ordenagailuaren aurrean. Horregatik, eta etxe bakoitzeko errealitatea oso ezberdina izango zenez, lan-karga kontrolatzen saiatu ginen”. Aitortu du irakasleen artean hori koordinatzea izaten dela zailena, eta asteak aurrera joan ahala, beste ahalegin bat egin dutela lan karga are gehiago kontrolatzen, batez ere laugarren mailako familia batzuek gehiago arindu beharra azaldu dietelako.
Sei orduz ematen zituzten lehen egunero aurrez aurreko klaseak, eta etxetik ari direnetik, lau
Ordutegia murriztea izan da hasieratik hartu duten beste erabaki bat. Sei orduz ematen zituzten lehen egunero aurrez aurreko klaseak, eta etxetik ari direnetik, lau ordukoa da eguneroko jarduna: “Gehiegizkoa iruditzen zitzaigun ikasleak etxean egonik ordu kopuru hori pantailaren aurrean emateko exijitzea”.
Ikasleek badakite ordu bakoitzean zein ikasgai duten, ohiko ordutegi taula horietako bati esker. Bederatzietan konektatzen dira ordenagailuz, eta lehen orduko ikasgaia ematen dien irakasleak adierazten die zehazki zer egin behar duten ordu horretan: zein lan, zein ariketa, nondik bilatu behar duten informazioa... Ariketa horietako batzuek ordu horren barruan entregatu beharrekoak dira, eta beste batzuek, berriz, entrega epe luzeagoa izan dezakete. Lan batzuek eskatzen dute klase orduz kanpo ere ikasleek lan egin beharra, baina edonola ere, ikastetxera joaten zirenean handik ekartzen zituzten eskolako lanak baino nabarmen gutxiago da kopurua. Goizero ordubeteko bi ikasgai eman ostean, 11:00etan ordu erdiko atsedena izaten dute, eta ondoren beste bi orduz aritzen dira, bi ikasgaitan, 13:30ean bukatzen duten arte. Arreta handia mantentzen dute ikasleek lau orduz, jarduera intentsoa burutzen dute, eta dena bukatzeko zortea izan badute, egun horretako arratsaldea libre izan dezakete. “Hasieran ez genekien etxe bakoitzean zehazki zein izango zen egoera, eta gurasoei eskatu genien ahal zen neurrian bermatu zezatela ordu horietan ikasleak ordenagailu aurrean egongo zirela; errutina mantentzeko modu bat delako eta aldi berean irakasle-ikasleekiko harremana hor ematen delako: bai zalantzak argitzeko, eta bai harremana bera garatzeko. Hasieratik oso garrantzitsua izan da hori: orain etxean daude, ikasteko bakarrik daude, baina jakin dezatela irakasleak hor daudela ordu horietan konektatuta, dituzten zalantzak argitzeko”. Txata dela, bideo-konferentzia edo telefono deia, on-line klasea duten ordu horretan aukera dute ikasleek beren galderak egiteko.
Ebaluazioa aurrera joan ahala, galdetegia pasatu zieten familiei, haien balorazioa jasotzeko, hutsuneak detektatu eta hobekuntzak planteatzeko
Ikasleekin eta familiekin komunikazioa mantentzea izan zuten hasieratik finkatu zuten beste oinarri bat: “Batetik, ez zedila ikaslerik komunikazioa etenda geratu, eta bestetik, familia guztiei komunikatzea Hezkuntza sailetik jasotzen genituen berriak eta ikastetxe gisa hartzen genituen erabakiak”. Ikasgelak itxi zituzten lehen egunetik, hainbat mezu bidali izan dizkie ikastetxeak familia guztiei, erabakien berri emanaz, lasaitzeko mezua igorriz, eta galdetegiak pasatuz ere bai: lehen asteetan, etxe bakoitzeko egoeraren berri jasotzeko, eta ebaluazioa aurrera joan ahala, familien balorazioa jasotzeko, hutsuneak detektatu eta hobekuntzak planteatzeko. Familiekin harremanetan jartzeko mugikorreko “Inika” aplikazioa erabiltzen dute, eta emaila ere bai. Horrez gain, tutoreak gutxienez pare bat dei egin dizkie familia bakoitzari, ikasleari buruz bai ikastetxeak eta bai familiak duten ikuspegia partekatzeko. Eta harremanetan jartzea zailago egin zaien familien kasuan telefono dei gehiagoren bidez saiatu dira harremana lantzen. Ikasleen kasuan, eguneroko on-line klase horiez gain, beharrezko ikusi dutenean irakasleek zuzenean deitu diete ikasleei, eta galdeketa ere bidali zien zuzendaritzak ikasle bakoitzari, ikaskuntza modu berri hau nola bizi duten jakiteko. Horrez gain, aurreko ebaluazioetan ikasgairen bat gainditu ez duten ikasleei zuzenduta dauden errefortzu klaseak ematen jarraitu dute arratsaldetan.
Bederatzi urte inguru dira Erniobea ikastetxea formazio digitalarekin hasi zela. Lehen mailatik hirugarren mailara arteko ikasle bakoitzak eskolarako soilik erabiliko duen ordenagailu eramangarri txiki bat du. Eta irakasle guztiek astero jasotzen dute ordubeteko formazio saioa Informazio eta Komunikazio Teknologietan (IKT) trebatzeko: normalean ikastetxe bereko IKTetako irakasle arduradunek ematen diete formazioa, eta tarteka kanpoko formazioa jasotzen dute.
Koronabirusaren ondorioz irakasle guztiak etxetik lan egiten hasi aurretik, egun bat eskaini zioten formazioari (martxoaren 16an). IKTetako arduradunek azken saioa eman zieten, gehien behar zuten irakasleei: “Egoera berriak ikastetxe moduan ongi prestatuta harrapatu gaitu, baina irakasle denok ez dugu trebezia bera teknologietan. IKTetako arduradunek lan handia egin dute eta irakasleen artean lankidetza handia egon da. Koordinazio hori izan da aldaketarako gakoa. IKTetako arduradunek bideo tutorialak ere prestatu zituzten gero irakasleen artean partekatzeko. Badakigu laguntza behar badugu haien informazioa eta laguntza jasoko ditugula”.
Oraingo egoeran, klaseak emateko lehen aldiz hainbat baliabide teknologiko erabiltzen hasi dira: bideokonferentzia bidez ematen dituzte klase batzuk, bideo tutorial bidez ematen dituzte azalpenak beste irakasle batzuek, txata ere asko erabiltzen dute... Horiei buruzko formazioa lehendik emanda zutela azaldu digu Zumetak, “baina aurrez aurreko eskolak ematean ez genituen erabiltzen, ez genituelako behar. Egoera honek eskatu digu baliabide horietan gehiago trebatzea”.
Ikasle denei beharrezko azpiegitura bermatzeaz arduratu da hasieratik ikastetxea. Ordenagailurik ez zutenei ikastetxekoak utzi dizkiete. Konexiorik ez zutenei, Izarkomen txartela bidali diete
Ikasle denei beharrezko azpiegitura bermatzeaz arduratu da hasieratik Erniobea ikastetxea. Aipatu dugun moduan, lehen hiru ikasmailetako ikasleek lehendik zuten eskolarako propio erositako ordenagailu txiki eramangarria. Laugarren mailakoek ez, ordea. “Bermatu dugu jakitea laugarren mailako ikasle denek ordenagailua bazutela etxean eta goizero ordenagailu hori lanerako erabiltzeko aukera ere bai. Ordenagailua puskatu zaienei edo arazoak izan dituztenei, ikastetxeko ordenagailuak utzi dizkiegu. Eta etxean internet konexiorik ez zuten familiei Izarkom enpresak ateratako SIM txartela bidali diegu. Villabonako Udalarekin elkarlanean egin dugu hau, eta konexiorik gabeko etxea udalerri horretan egon den kasuetan udalak helarazi die Izarkomen txartela”.
Egun batetik bestera egin behar izan zuten aldaketa, eta denborarekin jabetu dira ikaskuntzarako zuzeneko komunikazioa gehiago indartu behar zutela. Horregatik, asteek aurrera egin ahala, zuzeneko komunikazioa sustatzen jarri dute indarra.
Pedagogia terapeutikoko irakasleek egunero deitzen diete telefonoz beren ikasleei
Zumetak nabarmendu du pedagogia terapeutikoko irakasleek lanean jarraitu dutela: “Horiek jarraipen handia egiten diete zailtasunak dituzten ikasleei. Askotan ikasle horiek dira etxean ere familiaren aldetik jarraipenik jasotzen ez dutenak. Pedagogia terapeutikoko irakasleek telefonoz egunero deitzen diete ikasle hauei, jarraipen zuzena beste modu batera egiteko”.
Ahaleginak ahalegin, Erniobean ere bada zintzilik geratu den ikaslerik. Baina egoera hori ez duela koronabirusak sortu nabarmendu du, ikastetxeetan lehendik dagoen arazoa dela: “Ikasle hauek lehendik zeuden deskonektatuta, klaseak aurrez aurrekoak zirenetik, nahiz eta ikasgelan bertan irakaslearen aurrean egon. Ikasle hauetako batzuek ikusten dute beren ibilbidea beste bat dela, ez akademikoa. Deskonektatu dutenak ez dira asko. Gero badago ikasleen tarteko multzo bat ere, lan batzuk entregatu dituztenak eta beste batzuk ez, egun batzuetan konektatu ez direnak...”.
"On-line" ikasketak lehendik zeuden aldeak areagotu ditu. Ikasketa ohiturek eta etxeko laguntzak pisu handia du
On-line ikasketak ikasleen artean lehendik bazeuden aldeak areagotu ditu. Izan ere, ikasle bakoitzak lehendik zituen ikasketa ohiturek, eta etxean izan dezakeen laguntzak pisu handia dute, Zumetak azaldu duenez: “Ohitura batzuk barneratuta dituzten ikasleek errazago aurre egingo diete egoera honi. Hain autonomoak ez direnek zailtasun handiagoak izango dituzte, nahiz eta irakaslea gainean egon, eta agian etxean ezin badute gainean egon, gehiago kostatuko zaie aurre egitea”.
Zama handia ekarri dio eskola komunitateari koronabirus garaiko eskolak: irakasleei tele-lanak, ikasleei tele-eskolak eta familiei etxea eskola ere bihurtu izanak. Hala ere, positibotik zer izan duen galdetu diogu Zumetari: “Irakasleon aldetik egoera zail honi aurre egiteko gaitasuna erakutsi dugu, erreakzio nahiko azkarra izan dugu eta hori posible izan da irakasleon arteko elkarlanari eta koordinazioari esker”. Beste alde positibo hau ere gehitu du: “Teknologiei buruzko formazioetan ikasitakoa aplikatzeko balio izan digu”.
Ikasleei dagokionez, txalotu du egin duten lana, “eta nahiko ongi egokitu dira, nahiz eta etxe bakoitzeko egoeraren arabera, zailtasunak hor dauden. Modu autonomoan lan egiten hasi behar izan dute eta orokorrean erantzun egin dute. Hauek ere teknologiak erabiltzen ohitu dira, lehendik erabiltzen zituzten tresna horiek, baina ez lanerako”.
"Eskoletan ez da arlo akademikoa soilik lantzen, elkarbizitzak garrantzia handia du: gatazketatik asko ikasten dute. Hori guztia urruti geratu zaigu" Zumeta
Ebaluazio honetan zein gaitasun ezin izan diren garatu galdetu diogu, bukatzeko: “Ikasleekiko hurbiltasuna faltan nabari dugu irakasleok. Klasean gaudenean momentuan ikusten dugu ikasleak nola dauden, egoera animikoa zein den, taldean zerbait gertatu den... Momentu honetan, nahiz eta saiatu komunikatzen, ez ditugu berdin sumatzen egoera emozional horiek”. Gaineratu duenez, “eskoletan ez da arlo akademikoa soilik lantzen, eta elkarbizitzak garrantzia handia du: ikasleen arteko harremanak lantzen dira, nahiz eta gatazkak egon horietatik asko ikasten dute eta egungo baldintzetan hori guztia urruti geratu zaigu”.
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]
Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]
Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.
Amazon ondoren Glovo, Deliveroo eta Uber Eats-ek gure hiri eta auzoetako bizimodua hankaz gora jarri dutela uste baduzu, adi hurrengo uhinari: heldu dira Cajoo, Flink, Dija, Gorillas, PicNic , Everli... COVID-19 betean sortuta, tximista bezala zabaltzen ari diren banaketako... [+]
Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]
Nafarroako Gobernuak bart gauerditik aurrera indargabetu ditu COVID-19aren aurkako neurri murriztaile gehienak. Kalean eta ikastetxeetako patioetan ez da derrigorrean maskararik erabili beharko, gaueko aisialdiak eta ostalaritzak pandemia aurreko ordutegiak berreskuratuko... [+]
"Osasun Sailaren immobilismoaren eta konponbide ezaren aurrean", otsailaren 25ean greba deitu dute lehen arretan ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta otsailaren 28an Osakidetzako esparru guztietan. Horrez gain, otsailaren 26an manifestazioak egingo dituzte... [+]
Zizt! Hor dator berriz ere, bularraldean sentitu dut goizean goiz, arraroa da benetan ziztada hau.
Zizt! Jertsearen gainetik bihotzaldea igurtzi dut, emeki. Ea pasatzen den, esan dut baxu, inork ez entzuteko moduan. Gaur egun kontuz ibili behar da nork-zer entzungo duen... [+]
La Bogue da Frantziako Limousin (okzitanieraz Limosin) eskualdeko hedabide alternatiboa. Kolektibo autonomo batek kudeatua, boluntarioek egina eta militantea, bere burua kokatzen du mugimendu anti-autoritarioaren baitan. Bertan agerturiko artikulua itzuli dugu euskarara.
“Proba bat egin ostean, COVID-19an positibo eman dut. Ondo nago, sintoma arinekin. Hurrengo egunetarako aurreikusitako agenda publikoa atzeratu eta konfinamendutik lanean segituko dut”. Kendu agenda publikoaren zera hori erditik, eta edonorenak izan zitezkeen... [+]
Igande eguerdian milaka lagun atera dira Donostia, Bilbo eta Gasteizko kaleetara gehiengo sindikalak deituta, kalitatezko osasun publikoaren alde eta Lehen Arreta jasaten ari den kolapsoaren aurka. Oso gogor mintzatu dira Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritza osasun... [+]
Osakidetzaren azken protokoloak dio positibo baten kontaktu estua izanagatik COVID-19a azken 180 egunetan pasatu duenak, txertatuta egon edo ez, ez duela etxean berrogeialdirik egin beharrik, baldin eta ez badauka sintomarik.
Txertoaren hirugarren dosia abian da herrialde aberatsetan eta laugarren dosia ere ezarriko zaie arrisku taldekoei. Denborarekin txertoek eragindako antigorputzak galdu egiten dira, eta horiek gehitzeko errefortzu dosiak jartzea da gobernuen estrategia. Baina txertoen alde... [+]
Zientzia politika publiko bihurtzen den modua kalkulu politiko eta ekonomikoek gidatzen dute, baita politikariek, alderdiek eta aholkulariek dituzten konpromiso moral eta ideologikoek ere”. Hala zioen Jana Bacevic soziologoak 2020ko apirilean The Guardian-en.
Denok... [+]