argia.eus
INPRIMATU
Merkataritza bidaia Lurraren bihotzera
  • Londres, 1692. Edmund Halley (1656-1742) astronomo, matematikari eta fisikariak, bere abizena daraman kometaren orbita kalkulatzeagatik ezaguna, Lur barnehutsaren kontzeptua proposatu zuen lehenengoz.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko maiatzaren 06a
John Cleves Symmesek 1818an biDAlitako gutunaren sarrera, Lurraren bihotzera joateko espedizioa proposatzen zuena (arg.: Delaware Historical Society)

Halleyk iparrorratzaren irakurketa anomaloak azaldu nahi zituen eta hainbat eremu magnetiko zeudela iradoki zuen. Lurra, barrutik, atmosferek bereizitako lau esfera huts zentrokidek osatzen zuten, eta esfera bakoitzak bere eremu magnetiko propioa zuen. Gainera, azken esfera, barru-barrukoa, populatua zegoela uste zuen.

Halleyren teoria horrek ez zuen biderik egin zientzian, baina fikzioan bai, ordea. Emaitzarik ezagunena Jules Verneren Lurrren bihotzeraino (1864) da. Baina, hori baino lehenago, 1741ean, Halley bera artean bizirik zela, Ludwig Holberg idazle norvegiarrak Nicolai Klimii iter subterraneum (Nikolas Klimsen lurrazpiko bidaia) eleberrian lurraren bihotzean bizi zen jendarte utopikoa izan zuen hizpide.

Eta, hala ere, Halleyren proposamenak inolako oinarri zientifikorik ez zuela garbi egon arren, 1818an Lur barnehutsaren teoriaren jarraitzaile sutsu bat azaldu zen AEBetan. John Cleves Symmes Jr. (1780-1829) militar eta merkatariak funtsezko ezaugarri bat gehitu zion teoriari: poloetan irekia zegoen Lurraren esfera, handik sartzen zen barruko zibilizazioak behar zituen argia eta berotasuna, eta, bere gidaritzapean, handik sartuko ziren Lurrazaleko esploratzaileak. Interes zientifikoaz gain, Symmesen proiektuak interes ekonomikoa ere bazuen, lurpeko biztanleekin merkataritza harreman etekintsuak abiatzeko asmoa baitzeukan. “Hitzematen dut nire bizitza horretan emango dudala eta, munduak laguntzen badit, hutsa esploratzeko prest nago” esan zuen.

Baina munduak ez zion lagundu. Eskutitzak bidali zizkien “atzerriko gobernu nabarmen guztiei, munduko printze, hiri, unibertsitate eta elkarte filosofikoei”. Gutun horretan zehazten zuen 100 esploratzaile beharko zituela espedizioan, Siberiatik abiatuko zela udazkenean, lerak eta elur-oreinak lagun, Ipar Poloko zulotik sartuko zirela, eta hurrengo udaberrian itzuliko zirela. Hamar urtetan ez zion inork erantzun.

1828an, ordea, proiektua finantzatzeko prest zegoen agintari eszentrikoa topatu zuen: John Quincy Adams (1767-1848) AEBetako presidentea. Ideia zelebreak bere egiteko joera izan arren, Adamsen alde esan behar da naturari eta zientziari garrantzi handia eman ziela, berari zor diogula, besteak beste, Smithsonian institutuaren sorrera, eta soilik Symmesen espedizioaren lehen fasea, Ipar Poloa esploratzea bera, helburu handia zela garai hartan. Baina hurrengo urtean, 1829an, bi gertakizunek bertan behera utzi zuten ekimena: batetik, Adams ez zuten berriro presidente aukeratu; eta Symmes urte hartako maiatzaren 28an hil zen, poloetako zuloetan zer zegoen ikusteko aukerarik gabe.