argia.eus
INPRIMATU
Ikasgaiak
Uxue Apaolaza Larrea 2020ko maiatzaren 08a

Etxean itxita ei gaude, eta ez dira gutxi nor diren ikasten ari omen direnak. Azkenean dena da irudimen edo adimen emozional kontua. Batzuek handia daukatela uste dute, itxialdia jasateko, lana izateko (beste krisi batzuetan). Metro koadroak zenbatzea ahazten zaie.

Ez gaituzte etxean itxi, gure jabetza pribatuetan baizik (edo erabiltzeko baimena dugun jabetza pribatuetan, diruaren truke, senidetasun loturengatik...). Eta, noski, batzuek gehiago behar dituzte espazio publikoko metro koadroak haien irudimena eta adimen emozionala loratu dadin.

"Hurrengorako pilatu metro karratuak, erosi, zureganatu, eduki behar duzun guztia (eta nahi duzunetik ahal bezain beste), zure arazo nagusia betikoa izan dadin: aspertu egiten zarela"

Esan dute konfinamendu honen ondoren gehiago ere etor daitezkeela. Ikasgaiei buruz ere hitz egin digute. Eta niri bat geratu zait. Hurrengorako pilatu metro karratuak, erosi, zureganatu, eduki behar duzun guztia (eta nahi duzunetik ahal bezain beste), zure arazo nagusia betikoa izan dadin: aspertu egiten zarela. Azken buruan, gure jabetzak izaten amaituko dugu beti. Ezin duzula? Tira, ba heroi bat izango zara, edo arduragabe bat, edo preso bat, edo zerraldo ahaztu bat, edo...

Ez daude formula magikoak, esango dit jende helduak. Ba niri hitz magiko bat etortzen zait ametsetan, hemen grazia handia egin zigun bideo batean Venezuelako presidente batek grazia handiz ahoskatzen zuena.