argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Lasterka
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko maiatzaren 05

Badu bere logika: berrogeita hamar egun itxita egon ondotik, etxetik urrun, ahalik eta urrunen, korrika alde egin nahi izatea. Nik ere izan dut tentazioa, ez pentsa, are ibili naiz webguneren batean kiroletako arropa arakatzen. Baina dena dago nire kontra. Hasteko, ordutegia –goizeko 6etan katigatuta naukate maindireek; eta arratseko 20etan jada ez naiz pertsona–. Gero, korrikolari guztiak ateratzen direla batera –eta nire autoestimuak ez luke jasango jendeak etengabe ezker-eskuin aurreratzea–. Eta, azkenik, eta batez ere, irudikatzen dudala nire burua, kanpotik, eta ikusten dudan irudia dela patetikoa. Gogoratu naiz Zatopek mitikoarekin, nola erretratatu zuen Jean Echenozek Lasterka eleberrian: “Kanon akademikoetatik eta dotorezia-kezka orotik urruti, Emilek oso modu astun, etenkari, torturatuan egiten du aurrera, guztiz kolpeka”. Baina Zatopekek behintzat karrerak irabazten zituen.

Gainera, korrika egite masibo hau ez ote den izango txarrerako: ea zenbat bihotzeko eragingo dituen, ea izango den koronabirusa baino letalagoa –badakizue, sendagaia gaixotasuna baino okerragoa–. Nik horregatik erabaki dut korrikarik ez egitea. Horregatik eta, kontxo, probatuta daukat, kalte egiten didalako. Eta ohikoan nik diagnostikatzen baditut nire sintomak –eztarriko urradura, adibidez, hipokondriako banago: minbizia–, orain guri eskatzen badigute koronabirusaren sintomak autoebaluatzea –sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna–, zergatik ez dut gauza bera egingo kirolarekin. Zatopek, berriz: “Medikuek nahi dutena esaten dute, komentatzen du Emilek bare-bare, baina nik ez ditut maite”. Aldarrika dezagun, beraz, txapeldunarekin batera: “Nire medikua, neu naiz” –egiazko mediku bat behar dugun arte, noski–. Koronabirusa, patua, bizitza bera ari zait bizimodua aldatzeko aukera eskaintzen; eta, beste behin ere, aukera galdua izango da niretzat.