Kultur kudeaketa. Bitartekaritza. Sormen guneak. Ideia faktoriak. Hitz potoloak dira, hiriburutzak eta gisako pandemiak zabaldu direnetik gure hiztegiaren parte bihurtu zaizkigunak. Baina bada hitz horiei guztiei bestelako esanahia emateko ahaleginean ari den proiektu bat; espazio bat. Dinamoa du izena. Hasi berri du bere bidea, baina ez da bide luzeago bateko hurrengo pausoa besterik. Anbizio handikoa eta nazionala bezainbeste da irekia eta gertukoa. Ez dago Bilbon, ez Donostian, ez Iruñean. Azpeititik ari dira hainbat alorretako artistei lanerako behar duten hori eskaintzen.
Bistan da: garraio publikoa erabiltzea da hautu ekologikoena. Baina nondik zatozen, litekeena da halako aukerarik ez izan eta autoa hartu behar izatea. Hala bada, lasai. Lehengo bost orduetan behintzat, doakoa da eraikinaren azpiko aparkalekua. Ez pentsa kultur politika eskuzabal baten ondorioa denik. Soreazu antzokia eta orain Dinamoa esaten dioten sormen gunea diren eraikinak hutsik egon dira hainbat urtez; eta ordainpekoa zenean, ez omen zuen inork parkinga erabiltzen. Berdin dio. Kontua horixe baita: kotxez bazoaz ere izango duzula non utzi.
Demagun baietz, autoz ailegatu zarela bertara; behin bere lekuan utzita, asmatu duzula lurrazalerantz egiten duten eskaileren artean aproposena hartzen. Hiruki moduko plaza batean aurkituko duzu zure burua: ezkerrean, Soreasu antzokia: eta pare parean, antzokia bezalaxe beiraz eta hormigoiz eginda, beste sarrera bat duen eraikin bat. Horixe da Dinamoa sormen gunea.
Topalekua, kafearen bueltan
Txartel magnetiko bat behar da ate nagusia gurutatzeko; edo bestela, txartela baduen inoren laguntza. Oztopo hori gaindituz gero, sarrera topatuko duzu lehenik. Lehen begi kolpean, badu modako youth hostel bateko harreraren tankera: garbia, minimalista eta ondo hautatutako altzariz jantzia. Baina hau ez da hotel bat. Ez da –soilik– egoteko lekua, egitekoa baizik. Hau lanerako espazioa da. Baita topagunea ere. Hala deitzen diote sartu eta eskubira eginda dagoen gela zabalari. Edonork erabil dezakeen eremu bakarra da. Irakurtzeko, kafe bat hartzeko, lan-egiteko… Aurkezpenak, eskolak eta emanaldiak egiten dira bertan; liburutegi txiki bat dago; eta edozein topagunek behar duen gisan, badu kafe makina eta mikro-uhin labea ere. Gauza jakina da ideia asko eremu informaletan pizten direla.
Eremuak diziplinaka banatuta
Dinamoa ondo ezagutzeko, eskaileretan gora egin behar duzu. Bertan antzematen da, egiazki, zer eta zertarako den; eta nola dagoen antolatua. Arte-diziplinak lau multzotan banatu eta eremu bana eskaini diete. Hitzaren eremua da gora iristerakoan muturren parean geratzen zaizuna. Bi gela ditu, bat zabalagoa, bi mahai handiren bueltan eskolak edo bilerak egiteko balio duena; eta beste bat, txikiagoa, konzentrazioz lan egiteko aukera eskaintzen duena. Hitzaren Eskola izenekoa da, gaur egun, bertan martxan dagoen proiektu nagusia. Hitza hainbat ikuspegitatik landu duten sei profesional ari dira, astez aste, euren jakintza hamasei ikaslerekin konpartitzen.
Eskaileretatik eskubira egiten baduzu bigarren eremuan –irudiarenean– barneratuko zara.
Azpeitiko Udalak herriko kultur mugimenduari baliabideak eta erabakimena eman dizkio. Horri esker da posible, besteak beste, hau bezalako espazio bat
Bitan dago banatua: eremu garbia batetik, irudi digitalarekin lotua eta Azpeitiko Argazki Elkarteak erabiltzen duena; eta eremu zikina bestetik, hormak eta eskuak zikintzeko aukera ematen duten diziplina horiei guztiei eskainia. Txakur Gorria kolektiboak gidatu duen Badirudi ikastaroa egin da bertan. Prest dute hurrengoa ere: Labana eta orbana. Serigrafia eta silografia gisako teknikekin esperimentatuko dute laster, konfinamendua eta alarma egoera amaitzen badira behintzat.
Gorputza eta izerdia
Irudiaren eremutik atzera egin, eta korridorearen amaieraraino jota iristen da gorputzaren eremura. Dinamoko espaziorik zabalena da, egurrezko oholtza beltzak eta beirazko horma gardenak edertzen dutena. Orain artean, gorputzaren eremua da Dinamoan izerdi eta lagun gehien pilatu duena. Arte eszenikoak lantzen dira bertan; antzerkia batik bat. Haurrentzako antzerki tailerra egiten da bertan, eta bada Amancay Gaztañaga aktorea gidari duen helduen taldea ere. Horrez gain, Soreasu antzokiarekin elkarlanean, Azpeitian egonaldia egiten duten antzerki konpainiek erabiltzen dute. Azken urtean han eta hemen oholtzaratu diren hainbat obra ondu dira hemen, areto zabal honetan.
Aktoreek besteko izerdia botatzen du zenbait musikarik ere; baina oraingoz, Dinamoan ez dago haientzat pentsatutako espaziorik. Soinuaren eremua izango denak badu bere txokoa, ondo gordeta, baina ez dago prest oraindik. Dinamoa bizirik dago, pixkanaka ari dira osatu, aldatu eta garatzen. Den-dena prestatu arte itxaron baino, nahiago izan dute daukaten hori zabaldu eta dinamoa martxan jarri: zer piztuko duen…
Edukiontzia baino gehiago
Kontatutakoa da, gutxi-asko, Dinamoan bisita azkar bat eginez gero topa daitekeena. Baina hezurdurak ez du mamiaz nahikoa esaten. Sakonago arakatzeko, proiektu hau martxan jarri dutenekin dago hitz egin beharra. Aitor Bengoetxea Ondarru eta Xabier Gantzarain Gantza dira aproposenak horretarako. Zientoka ordu eskaini dizkiote hormigoizko hormak bizitzaz janzteko lanari.
Azpimarratu beharrekoa zera da: proiektu bat aurkeztuz gero, edonork erabil dezakeela Dinamoa. Zabalik dagoela, proposamen bat egin, eta behar den eremu hori baliatzen hasteko. Hori da bertako erabiltzaile izateko bide bat; bestea, bertan eskaintzen diren ikastaro jarraituetan izen ematea. Oraingoz, behintzat. Sormen egonaldi ordainduetarako deialdiak egiteko aukera ere ari dira aztertzen. Hori guztia, hauspotu edo probokatzeko. Hori baita, Bengoetxearen hitzetan, Dinamoaren egiteko bat: “Gauzak etorri egiten direla esaten da, baina ez da beti horrela. Probokatu ere egin behar da: deialdiak egin, espazio bat eskaini, jendea harremanetan jarri”.
Prozesua eta ez emaitza
Dinamoaren jardunean bada funtsezkoa den ideia bat: emaitzari beharrean, balioa prozesuari ematea. Zaintza eta baliabideak eskaintzen dituzte sormen prozesua garatzeko, emaitza zehatza zein izango den edo zenbateko oihartzuna izango duen gehiegi neurtu gabe. Artisten azalean jarrita, hala esan du Gantzarainek: “Badakigu, lanean ari zarenean, ez dagoela beti begi kolpe batean ikus daitekeen emaitza ukigarri bat. Baina egin duzun lan horrek, bide horrek, emango du zerbait noizbait. Beste zerbait ekarriko du”. Horrek ez du esan nahi Dinamoan garatzen diren proiektuek beren lana zabaltzeko moduak bilatzen ez dituztenik; baina ez derrigor emanaldi edo erakusketa baten bidez. “Bitartekaritza, hitzaldiak, tailerrak… modu asko dago hemen egiten dena herritarrei iristarazteko. Batzuetan, harreman berri bat sortzea da ekarpenik handiena”.
Sortu aditza pluralean jokatzen da
Lau eremutan –bat bidean badago ere– banatzen da Dinamoa, lanerako lehengaiaren arabera. Horrek ez du esan nahi, ordea, eremu bakoitzak bere bidea modu independientean egin behar duenik. “Eremuak behar genituen, baina permeableak, besteekin nahasteko modukoak. Ondokoari begira ere gauza asko ikasten dira, eta idea berriak sortu. Horregatik da garrantzitsua eremu informalagoak ere izatea”. Sormena kolektiboan ulertzen dutela dio Gantzarainek: “Oso zabaldua dago bakardadean sortzen duen artista jenioaren ideia hori. Baina funtsean, sortzen dena beti da kolektiboa: besterekin ikasten duzu, besteengandik jaso, eta besteen begiradak eraginda eman. Komunitatean egiten da lan hemen, eta joan-etorri horretan ontzen da norberaren lana”.
Nazionala, euskaraz eta Azpeititik
“Nazionala izateko Donostiatik egin behar da? Bilbotik? Azpeitian gaude, baina guretzat proiektu nazionala da hau”. Hala esan du Bengoetxeak galdetu diogunean Dinamoak nori edo nora begira egiten duen lan. Ez dute uste afera gatazkatsua denik: leku askotako sortzaileak hurbildu dira Dinamora, baina gehien-gehienak eskualdekoak dira. Eta gainera, emanaldi irekien bidez, edo bertan egiten duten harreman sarearen bidez, bertako kultur mugimendua elikatzen dute. “Azpeititik Euskal Herri osora nahi dugu eraman; eta alderantziz, Euskal Herri osotik Azpeitira ekarri. Hartu-emanerako espazioa da hau, baita zentzu horretan ere”.
Artearen merkatuak emaitza jartzen du erdigunean eta indibidualtasuna inposatzen du. Horren aurrean babeslekua izan daiteke Dinamoa
Hiriburuetan dauden kultur sorkuntzarako eremuekin alderatuta, bada lerro pare bat merezi dituen beste bereizgarri bat: Dinamoan euskara hutsean aritzen dira. Bai proiektuak eta formakuntza saioak euskaraz direlako; baita komunikazioa –kanpora begirakoa zein barnekoa– euskaraz delako ere. Erabaki politikoa dela diote, baina halaber, naturalizatu nahi dutena, etengabe azpimarratu edo justifikatzeko premiarik gabe.
Egiteko modu baten azken fruitua
Orain Dinamoa esaten dioten espazioa 2008an eraiki zuten kultur taldeentzako bulegoak bertan jartzeko. Krisi ekonomikoak harrapatu zuen, eta beste hainbeste bezala, bertan behera geratu zen proiektua. Hutsik egon da Dinamoa izenarekin zabaldu duten arte. Baina zergatik dago halako ekimen bat udal eraikin batean? Zergatik ez co-working espazio bat? Edo etxebizitzak? Zergatik erabaki dute Azpeitian kultura sortzaileek dituzten premiei erreparatzea? Kasualitatea izan zitekeen, baina ez da. Jende askoren lana dago atzean; eta ibilbide luzea.
Bi talde edo eragile aipatu behar dira ulertzeko. Lehena, Azpeitiko Kultur Mahaia. 2006an hasi zen martxan, herriko kultur eragile gehienak batzen zituen batzar gisa. Pixkanaka, eta pausoz pauso, gai izan dira udalarekin harremanak izan, eta proposamenak eginez, kultur politiketan zeresana izateko. Kulturaz kooperatiba da bigarrena: Azpeitiko Kultur Mahaiak sortu zuen 2011n, herriko kultur baliabideen kudeaketan jarrera aktiboagoa izan ahal izateko. Udalarekin elkarlanean, Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak kudeatzen dute Dinamoa. Baina ez Dinamoa bakarrik. 2011z geroztik, herriko plazan dagoen San Agustin kulturgunea eurek kudeatzen dute; eta baita Dinamoari pega-pega eginda dagoen Soreasu Antzokia ere, 2014tik.
Azpeitiko Udalak ere badu bere meritua. Kultur Mahaiak herritarren zati handi bat ordezkatzen du, eta Udalak ezinbestean aitortu behar izan dio zilegitasuna. Baina gaur gaurkoz, eta hainbat urteko martxaren ondoren, zer pentsatua ematekoa da Azpeitiko Udalaren kultur politikaren funtsa: kultur mugimenduari tresnak eta erabakimena ematen dizkio, udal baliabideak kudeatzeko. Elementu horiek guztiek eta hamalau urteko bideak ondu dute Dinamoa sortzeko behar zen ekosistema. “Egiteko modu baten azken fruitua da. Azkena, oraingoz”.
Epeltasun pittin bat
Bengoetxeak eta Gantzarainek orduak pasa ditzakete Dinamoaz solasean. Ia prozesu osoa ezagutu dute, ideiaren sorreratik gaur eguneraino; bere aldaketa, beheraldi, zalantza, poz eta guzti. Dinamoa baloratu behar dutenak ez dira haiek, ordea. Hasitako bidea epaitzeko lagin aproposena espazioa erabili duten artisten testigantza da. Azken finean, horretarako sortu da Dinamoa: haien lan prozesua errazteko.
Horman Poster kolektiboa da espazioa erabili duen lehen taldeetako bat. Antigone edo ezetzaren beharra izeneko lan eszenikoaren entseguak egin dituzte, gorputzaren eremua probestuta. Bi egonalditan banatuta, bost astez aritu dira bertan. Matxalen De Pedro kolektiboko kideak dioenez, haien gisako lanak egiteko baliabide bereziak behar dira: eszenatoki profesionalen tamaina bereko eremuak, argiztapena lantzeko aukera, aldagela eta dutxak gertu… Dinamoak hori guztia eskaini die, eta bertan egin dituzte lanaren bi fase garrantzitsuenak: hasiera eta bukaera.
Arte merkatuak emaitzarekiko obesioa eta artistaren indibidualtasuna inposatzen dituela dio, eta beharrezkoak direla inertzia horiei aurre egingo dieten babeslekuak. Ez du uste Dinamoa, bere horretan, logika horrekin hausteko gai izango denik; baina bai norabide egokian egiten duela tira. “Eskaini diguten hurbiltasuna eta malgutasuna garrantzitsuak dira, hiper-instituzionalizazio garaiotan, epeltasun pittin bat sentitzeko”.
Musikak aurkitu du bere zirrikutua
Soinuaren eremua izango dena ez dago martxan oraindik. Musikariek ez dute haientzat egokitutako leku edo baliabiderik. Eta hala ere, soinua eta irudia uztartzen dituen zuzenekoa Dinamoan prestatzeko modua aurkitu dute Testurako kideek. Ander Mujika, Felix Buff eta Johannes Buff arduratzen dira soinuaz; eta Maialen Belaustegik osatzen du irudia, proiektoreak lagunduta. Beste disziplina batzuetarako diseinatutako eremuak erabili badituzte ere, oso baliagarria izan zaiela dio Mujikak: “Derrigorrezkoa genuen sormen egonaldi intentsibo bat egitea, gure bizi eta lan egoerak ez duelako ahalbidetzen beste modu batera lan egitea. Dinamoa oso aproposa izan da horretarako”.
Ezohiko esperientzia izan da Elgoibarko musikariarentzat: batetik, ez dagoelako ohituta modu horretan lan egitera, are gutxiago paraleloan beste lan batzuetan ari diren artistekin eremua konpartituz; eta, bestetik, kudeatzaileek errespetuz eta gertutasunez tratatu dituztelako. “Pena da, baina normalean ez da horrela izaten”.
Eremu bat norberarena
Dinamoa erabiltzen ari da Nerea Loiola idazlea ere. Ez, ordea, proiektu bat aurkeztu duelako, Hitzaren Eskolan izen eman zuelako baizik. Itxialdiak eten duen arte, astean bitan jaso ditu eskolak bertan: asteazkenero eta larunbatero. Hilabetero irakasle desberdin batek gidatuta, hitzaren ertz askotarikoetan ari dira arakatzen. Formatua oso erakargarria egin zitzaiolako eman zuen izena Loiolak, baina baita eskuartean proiektu literario bat zuelako ere. Ez da damutzen: “Idazlearen bakardadeak zama handia har dezake une batzuetan, eta ezinbestekoa da pertsona sare bat izatea, antzeko kezkak eta bizipenak izango dituena”. Komunitate bateko kide sentitzen lagundu diola dio. Dinamoaz galdetuta aldiz, eremu segurua dela azpimarratu du. “Hala da, bai sortzaile gisa, baita emakume bezala ere. Aske sentitzen naiz bertan, epairik jasoko ez dudanaren lasaitasunarekin”. Ezinbesteko abiapuntua da hori.
Tokian tokikoa
Ez Dinamoak bakarrik; Azpeitian Kultur Mahaia sortu zenetik hona egin duten bideak makina bat eragileren interesa piztu du. Herri askotako ordezkariak etorri zaizkie bisitan, eta haiek ere, dozenaka hitzaldi eskaini dituzte han eta hemen. Ez dute uste, ostera, Azpeitiko eredua bere horretan esportatzeko modukoa denik. “Hemen halaxe atera da, herri honek eta bertako kulturgileek dituzten ezaugarriengatik; baina kultur politikak tokian tokikoa behar du izan”. Asko jota, egiteko modua ei da beste leku batzuetara eraman daitekeena: kultur mugimendua elkartu eta baliabide publikoak kudeatzeko eskubidea aldarrikatzea. “Baina hori modu askotara egin daiteke, ez derrigor guk egin dugun bezala”.
Kultur mahaiaren erronken artean dago artistei ikusgarritasuna ematea. Dinamoaren azpi-proiektu bat arduratzen da horretaz: DAPA. Sarerako ikus-entzunezko saioa da, ale bakoitzean sortzaile (edo talde) baten lanaren berri ematen duena. Bigarren denboraldia hasi berri dute. Ibrahima Balde eta Amets Arzallus Madrilen nola elkartzen diren jaso dute, Miñan liburua idazteko biek egin duten bidea kontatuz.
Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]
Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke.
“Bi urteko gogoetaldia” iragarri zuten urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak. Horrez gain, uda betean,... [+]
Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]
Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]
Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako... [+]
Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.
Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]
Urtearen amaieran utziko du ardura postua. Zuzendaritza berritzeko prozesua jarriko dute martxan. Vidartek 32 urte pasatu ditu Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritzari lotuta.
Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.