argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Bai, zor publikoaz
Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko maiatzaren 07a
Manifestazioa Donostian, urtarrilaren 30eko greba orokorrean. (Arg.: Dani Blanco)
Manifestazioa Donostian, urtarrilaren 30eko greba orokorrean. (Arg.: Dani Blanco)

Bizitzen ari garen distopia honetan ez da samurra ezinbestekoa den utopia dosia jartzea gure ikusmolde eta jarreretan. Zorionez bada esperantzarako tarterik, baina baita kezkarako ere. Munduko langileen erdia inguru enplegurik gabe geratuko dela aurreikusi du Nazioarteko Lan Erakundeak, 2008ko krisi ekonomikoa txiki utziko ei du datorrenak…

Odola izozteko moduko aurreikuspenak, guztiontzat aski ezagunak, besteak beste behin eta berriz jakinarazten zaigulako botereak kontrolatzen dituen hedabideetatik. Orain arte gutxi aipatzen dira hitz madarikatuak, baina kukuka ari dira han-hemenka: austeritatea eta murrizketak.

Agintarien informazioaren kudeaketari dagokionez, koronabirusaren garaian zerbait ikasi badugu zera da: hamabost egunetik lehenago prestatzen da mezua –luzapena, umeak, kirola...– eta herritarrak prest direnean, agindua dator.  Eta orain galdera: norbait entzuten ari da hedabideetan nola finantzatuko den sortzen ari den gastu publiko itzela? Ez dira gizarteko dirudun eta aberatsak kontzientziatzen ari zerga berezien bidez diru gehiago jarri beharko dutela esanez. Ezta ere PFEZaren goiko mailatan zerga tipoak handitu beharko direla. Edo azkenean Tobin tasa indarrean sartuko dela finantza mundua zergapetzeko, eta paradisu fiskalen aurkako borroka COVID-19aren aurkakoa bezain zorrotza izango dela...

Badakigu herritarra nola kontzientziatzen duten egoera txarrena apiril arratsaldeko ekaitza bailitzan onar dezan. Eta dirudunekin berdin egiten ez badute, buruan horrelakorik ez dutelako da. Beraz, ez da gaitza imajinatzea krisi hau nork ordainduko duen berriz ere. Botereak badu abantaila handi bat egoera honetan: pandemia baten preso gauzka gure etxeetan; bai, egoerari aurre eginez –zaintzak, erresistentzia kutxak, hausnarketak, kontzientziazioa...–, baina une  bitxi honetan herritarren indar metaketa nola antolatu ondo jakin barik.

Agintariek sermoian dioten gisan, denon artean eman behar diogu buelta egoerari, dudarik ez, baina ez denak berdin jarraitu dezan. Egoera hau aldatzeko behar dugu gehien dutenen dirua, publikoa eta komunitarioa indartzeko, besteak beste gehien sufrituko dutenak babesteko. Hori guztia akuilatzeko, beharko dugu asmatu nola jaitsi balkoietatik kalera oinarrizko kontu batzuk adostuta eta atarirako bidean galdu gabe.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra ez zen garrantzitsua izan gizartea guztiz geldiarazi zuelako. Ederra eta esanguratsua izan zen, etorkizuneko aliantzak eta arrakastak nola eta non egituratu behar diren erakutsi zuelako.