argia.eus
INPRIMATU
Ama bakarrik ez
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko maiatzaren 07a
Ai ama! | Arantxa Iturbe | Alberdania, 1999.
Ai ama! | Arantxa Iturbe | Alberdania, 1999.

Euri asko egin du, aldaketa klimatikoa gorabehera, Zergatik panpox aitzindari hartatik (Arantxa Urretabizkaia, 1979) Amek ez dute goratu honetara (Katixa Agirre, 2018). 40 urte. Baina amatasunarena da gai bat zeharkatu duena alderik alde euskarazko literatura garaikidea. Eta ez dena agortu, inondik inora, ez modaz pasa; Agirreren azken eleberriaren arrakasta, bertako nahiz kanpokoa, horren adibide. Nago, gainera, literaturak amatasunaren errepresentazio gertukoago, konplexuago, askotarikoago bat islatu duen neurrian, interesa ere ulergarriki areagotu egin dela.

Arantxa Iturberen liburu bat, ez kritikak destakatuena, kokatuko nuke bide horretan mugarri, Ai, ama! saiakera, bere laburrean mamitsu, inspiragarri, gogo irekitzailea baita. Noski, ez du eskaintzen amatasunaren irudikapen ohikoa –“Nik ez dut eguneko hogeita lau ordutan ama izan nahi”–, ez lañoa –“Amaren zorion osoaren zati bat baino ez du asetzen umearen zorionak”–, ez onbera –“Umea ez da niretzat bizitzeko arrazoia, ni naiz bera bizitzearen arrazoia, eta horren ardura nirea da”–. Hitz egiten du beldurrez, zalantzez, minez, erruduntasunez. Ez du amatasuna gurtzen, goresten, idealizatzen –“Aukera bat delako hau ere, beste askoren artean”–. Hausten du, errotik, erraietatik, emakume-ama binomioa: “Ama den emakumea, ama beste ezer ez izatera mugatzen duelako”. Eta uzten du, azkenerako, aztarna askatzaile bat: “Ez dugu denok berdin ulertzen amatasuna. Ez eta bizi ere”.

Batzuetan iruditu zait arima biki bat –“gorroto ditut munduko parke guztiak”, “txiki-txikitan ez dira politak”–. Baina bikiago izango ditu seguru Marie Darrieussecq –“Lehen bi hilabeteetan erdizka baino ez naiz izan munduan, esaten zidatena erdizka baino ulertzen ez nuela, jendea erdizka ikusiz, liburuak gaizki irakurriz”– edota Annie Ernaux –“Bi urtetan, bizitzaren lorean, nire bizitzako askatasun guztia haurtxoak arratsaldean egiten duen lo kuluxkaren suspentsera mugatu da”–. “Ama bakarrik ez naizela aldarrikatzeko beharrak bultzatu nau aurreko guztia idaztera”, dio halako batean Iturbek. Ama eta idazle, gutxienez, biak dira eskergarri hemen.