argia.eus
INPRIMATU
Zeharkatzen erraza den zapalkuntza bakarra
Sonia González @sonetska 2020ko apirilaren 29a

Arraza, generoa, klasea... egokitu zaigun erreka ertzean ematen dugu bizitza. Agian borrokan, geure tokiaz, egoeraz edo, nahi baduzue, patuaz jabetu eta “halabeharra” onartzen ez dugun momentutik, eta, bada, kolaborazionismo ziztrinaz, “suerte” hobeagoa daukatenen artean ezinezko toki bat irabazten ahalegiten denik ere.

Hala ere, diskriminazio eta zapalkuntza guztien artean, badago bat zeharkatzen erraza dena, denok, salbuespen barik, atzean uzten duguna: adinak markaturikoa. Egia da zahartzen garenean, adinagatiko diskriminazioa itzultzen dela, baina hori beste kontu bat da, beste momentu batean kontatu beharrekoa.

Denbora pasatzen uztea bezain erraza da zapaldutako taldekoak izatetik, zapaltzaileen taldeko partaide izatera igarotzea. Naturaltasunez, ez dagoelako, azken batez, nagusitzea baino kontu naturalagorik. Ahaztu ohi dugu, ordea, oraingo nagusiok ume izan ginela. Areago, orduko umeak barruan daramatzagula. Zeharkatzen erraza izan bazen, ahazten are errazagoa bide da.

Hau idazten dizuedan momentuan, umeak oraindik daude preso eta astebete falta dute. Eurak izan dira guztiz giltzapeturik egon den giza-kolektibo bakarra eta, gainera, hau egin da (egin dugu) hori ezartzen zuen zuzeneko inolako agindurik gabe. Izan ere, mugimenduak mugatzera etorri zen dekretuan ez zen beren-beregi inon galarazi; baina, arautu zen moduan, umeak de facto gelditu ziren legetik kanpo eta, horrela, edozein mugimendu galarazita. Helduzentrismo hutsaz egin zen, umeak guztiz ahaztuta eta jendartearen parte oso bat ardura gabe diskriminaturik.   

Gainera, baimendutako mugimenduak azaltzen zituen artikuluaren idazkera traketsa aldatu ostean, esan liteke atea zertxobait ireki zitzaiela. Baina, ordurako, zabal onartuta zegoen kalea zapaldu ere ezin zutela egin, nahiz eta inorekin kontakturik ez eduki, hasieratik kutsapen foko nagusitzat seinalatuak izan ziren eta.

Ez da inoiz funtsezko arrazoirik egon ezin irteteko aitari edo amari ogitan laguntzen, esaterako. Ez da arrazoirik egon txikienak kotxetxoan tarte batez ez ateratzeko, esnetik D bitaminarik apenas jasotzen ez dutela jakinda... eta, bien bitartean, gu erosketetan, txakurra ateratzen, zaborra botatzen, lanera behartuta... kutsapen fokoa izan gintezkeen arren. Gu izaki kontsumitzaile, produktibo eta boto emaileak gara. Umeak, ume baino ez.

Denok izan behar izan gara eta izan beharko gara inoiz zainduak. Eta denoi suertatuko zaigu inoiz zaintzea. Baina zaintzaile eta zaindari ez dira gauza bera. Eta, osasun krisi honen aurrean, botere politikoak, zaintzailearena egiten ari delakoan, batez ere, zaindariarena egin du.

Krisi honetan ez dira haurren eskubideak aintzat hartu, baina, hala ere, aintzat hartzen direnean ere, ez dira elkartasun eta justizia sozialaren ikuspegitik defendatzen, babes eta zaintza hutsetik baizik. Eta babes-objektua den hori bere eskubideen subjektua ere bada edo, behintzat, izan beharko litzateke. Baina umeen kasuan, harrigarriki, ahaztu egiten dugu.

Kezkagarria da ume bat etxean, haizea hartu barik, egon behar izana. Baina niri ardura handiagoa ematen dit honek guztiak, tratatu ditugun moduak, sorrarazi diegun beldur eta kulpak izan ditzakeen ondorioak. Zeren eta, horrelakorik ez gertatzen ahalegindu arren, umeak egun osoan ari baitira edonondik heltzen zaien informazioa prozesatzen, momentu oro belarriak artez eta antena xut, disimulu handiz, ezer esan barik, nagusien gauzak direnez gero.