argia.eus
INPRIMATU
Penderecki: konpositore ezezagun bezain ezaguna
Montserrat Auzmendi del Solar 2020ko maiatzaren 04a
Krzystof Penderecki konpositore poloniarra martxoaren 29an hil zen.

Krzystof Penderecki XX. mendearen bigarren erdian gertatu zen poloniar musikaren berpizkunde itzelaren zati izan zen, Gorecki eta Lutoslawski bezalako musikariek eman zigutena, Pendereckiz gain.

Horiek guztiek ekarpen handiak egin zizkioten musika garaikideari, eta, justiziaz, gure garaiko musikari garrantzitsuenetakotzat jotzen dira. Hori dela eta, Pendereckiren heriotzak, joan den martxoaren 29an, hainbat omenaldi ekarri ditu musikari ospetsuen eskutik. Eta omenaldi horietako askotan azken hamarkadetako handienetako gisa izendatu dute Penderecki.

Bere lanak bertute bikain bat zuen, beste askoren artean: berea hizkuntza garaikidea izan arren, inoiz ez zuela muturrera eraman eta ezein joeratan parte hartzeari uko egin ziola. Horrexegatik bere musika sailkatzea zaila da benetan.

Egia esan, Pendereckiren lana oso adierazkorra eta berezia da. Alde batetik, bere lanaren zati handi batek izaera erlijiosoa du. Konpositore moderno gutxietako bat da –Arvo Part-ekin batera–, fedearen adierazpena bere sorkuntzen gaitzat duena. Baina, kontrastean, lan horien ondoan, beste mota bateko lanak idazten jakin zuen, Loudun-en deabruak izeneko opera erotikoa bezala, pixkanaka-pixkanaka errepertorio lirikoan sartzen ari dena.

Beharbada, bere konposiziorik ezagunena Hiroshimako biktimen aldeko Trenodia da, errukia sakoneraino transmititzen duen lan bat, baina baita lehen bonba atomikoaren heriotza horiengatiko amorrua ere.

Hala ere, gure irakurle batzuek pentsatuko dute ez dutela egile handi honen musika ezagutzen. Oker daude. Exorzista (1973) eta Distira (The shining, 1980) filmen unerik zirraragarrienak Penderecki handiaren musikak azpimarratzen ditu. Une horietako bakar bat ere ez litzateke berdina izango poloniarraren musikaren sakontasun eta adierazkortasunik gabe. Ikus itzazue berriro film hauek eta gozatu haien soinu-banda zoragarriez.

Bere heriotzarekin, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen konpositore belaunaldi handia desagertu egin da, eta ez dago oso argi horien ordezkorik dagoenik. Horregatik Pendereckiren heriotza bi aldiz penagarria da. Goian bego.