argia.eus
INPRIMATU
Natura ezagutzen
Xabier Etxaniz Erle 2020ko maiatzaren 04a
Hazi txiki | Testua: Pello Añorga | Ilustratzailea: Jokin Mitxelena | Begiko, 2019 | 36 orrialde | Haurrentzat.
Hazi txiki | Testua: Pello Añorga | Ilustratzailea: Jokin Mitxelena | Begiko, 2019 | 36 orrialde | Haurrentzat.

Hazi baten istorioa kontatzen digute Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak liburu eder honetan. Biak dira kontalari, batek hitza darabil, besteak irudia, baina bien arteko mezu horri esker ezagutuko dugu hazi baten garapena.

“Haizeak putz eta putz, Hazi Txiki hegaldatu egin zen airean barrena, paraxuta zabalik.” Esaldi horrekin ekiten diote kontakizunari, esaldia eta bi orriak betetzen dituen irudiarekin, belar artean lore bati helduta haizeak daraman protagonista txikia. Hazi Txikik gora egingo du, errepideak gurutzatu, mendiak pasa, errekak atzean utzi eta harkaitz handien artean hartuko du lur. Hazia da protagonista, baina pertsonifikatuta ageri zaigu, haur txiki baten itxura gehiago du hazi batena baino, eta alde horretatik hegaldatzen egin duen bidaiak abentura bat dirudi, edozein haurrek pozik bizi nahiko lukeen abentura.

Baina bidaia hori ez da izan Hazi Txikiren abenturarik biziena, ez; Barbantxo bezala behi batek jango du gure protagonista eta haren sabelean… “A zer oihuak bota zituen Hazi Txikik, batez ere behiaren tripa barruan sartu eta hasi zenean bueltaka, jiraka-biraka!”; baina herri ipuin ezagunean bezala Hazi Txikik “Zorionez, kanpora irtetea lortu zuen. Nola? Bada, ipurditik, behiak kaka egin zuenean”.

Hurrengo orrietan Hazi Txiki, eguzkiak lagunduta, aldaketak nabaritzen hasten da eta burutik irteten zaizkio urrezko ileak, “eguzkiaren izpien gisakoak”. Lore horietatik beste hazi batzuk zabalduko dira inguruetan haizeak bultzatuta eta kolore biziko ingurua bilakatuko harkaitzetako ingurua.

Añorgak eta Mitxelenak modu sinple eta poetikoa erabiliz ederki azaltzen dute naturako gertakari baten eboluzioa. Ipuin bat da, baita naturaren garapenaren adibide argia ere, baina bi kontu horien artean bat gailentzen da inolako zalantzarik gabe, kontakizunaren poetikotasuna, edertasunaren bila eginiko apustua.

Irakurtzen hasi berrientzako liburua da Hazi Txiki hau, baina oso aproposa da baita ere, dituen irudi handi eta lortuei esker, haur txikiei kontatzeko, erakusteko, bai altzoan bai talde txikian. Haurrek ederki gozatuko baitute Hazi Txikiren abenturekin, gertakari horiekin… eta, bide batez, natura ezagutzen.