argia.eus
INPRIMATU
Jaten dugunaz
Castillo Suárez @casti_suarez 2020ko apirilaren 29a

Konfinamendua hasi zenean, uste nuen etxea goitik behera txukunduko nuela, ingeleseko workbook-ak bukatuko nituela, apalategian nituen irakurri gabeko liburuei helduko niela, aspaldiko lagunei telefonoz deituko niela... Susmoa daukat erdibidean geratuko naizela. Galiziatik ekarritako galegozko poema liburuak irakurri bai, baina uste dut berdin gisan irakurriko nituela askatasuna deitzen dugun horretan. Beharbada nire kirola egiteko gogo falta estaltzeko, krisialdia hasi eta egin nuen lehendabiziko gauza kafea uztea izan zen. Ondotik gatza eta azukrea. Lehendabiziko egunetako buruko mina pasatuta, janaria prestatzen hasi nintzen. Nire bizitza osoan baino denbora gehiago eman dut sukaldean egunotan. Ondorioz etorri zen Zer jan, halako Baztan-eko bideoen zale amorratua egitea, eta nola ez, Elbeteko ostatuko Belen Urrutiarena. Ez dakit zerbait ona aterako dugun honetatik, noiz bueltatu ahal izanen garen Elbeteko ostatura paseo bat ematen Elizondoko plazatik, baina nik askoz ere tentu handiagoz erosten dut jaten dudana. Jaten dugunak asko esaten du garenaz, eta, zer esanik ez, izan nahi dugunaz.