argia.eus
INPRIMATU
Poveglia madarikatua erabilgarri dago
  • Veneziako urmaela, 1570-1630. Izurri bubonikoak gogor jo zuen zonaldea hainbat hamarkadatan eta urmaeleko 166 uharteetako batzuk, zehazki Venezia eta Lidoren artean dagoen Poveglia uhartea, gaixoak koarentenan isolatzeko eta hildakoen gorpuak botatzeko erabili zituzten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko martxoaren 18a
Povegliako eraikin abandonatuak gaur egun (argazkia: Marco Secchi)
Povegliako eraikin abandonatuak gaur egun (arg: Marco Secchi)

Lehenago ere Poveglia populatua egon zen eta hainbat erabilera izan zituen. Uharteko lehen biztanleak Euganei izeneko protoitaliarrak izan zirela uste da, duela 4.000 urte inguru hedatu baitziren Veneto eskualdean. Idatzizko lehen aipamena K.o. V. mendekoa da: Alariko eta Atilaren inbasioetatik ihesi, eskualdeko hainbat biztanlek Poveglian bilatu zuten babesa. Beste dokumentu batean jasotzen denez, 864. urtean ere 200 bat esklabok irlara ihes egin zuten.

1379an, Genova eta Veneziaren arteko gerra piztu zenean, agintariek Poveglia husteko agindua eman zuten, gotorleku militar bat eraikitzeko; irlan ez zen inor biziko hurrengo bi mendeetan.

Baina ordurako izurri bubonikoaren lehen uholdeak Venezia astindua zuen. 1348an iritsi zen izurria hirira eta biztanleen %50 hil zuen. Veneziarrak konturatu ziren gaixoak eta hildakoak besteengandik bereiztea ezinbestekoa zela. Horregatik, XVI. mende amaierako izurriak iritsi zirenean, berehala erabaki zuten Poveglia giza zabortegi bihurtzea. Inor gutxi itzuli zen onik lehorrera berrogeialdia gaindituta. Milaka eta milaka gorpu erre zituzten bertan.

Veneziarrak ez ziren izan isolamendu koloniak uharteetan antolatzen bakarrak. Gurean ere irtenbide bera bururatu zitzaien izurrialdi berean; esaterako, 1578an, Lekeition, gaixoak San Nikolas uhartean isolatzea erabaki zuten.

1777an, Veneziako osasun magistratuak, Poveglia kontrolpean hartu eta Ellis uharte moduko bat egin zuen. Veneziako portuan sartu nahiz zuten ontzi guztiek handik pasa behar zuten, gaixotasunen prebentzioa helburu zuen azterketa zorrotz bat gainditzeko. 1790eko hamarkadan bi ontzik ez zuten kontrola pasa eta Poveglia, berriro ere, koarentena gune bihurtu zen, XIX. mende hasieran ospitalea itxi zuten arte.

XX. mendean  gaixo mentalak hartzeko egokitu zituzten uharteko eraikinak eta horretarako erabili zituzten 1968a arte. Gaixoekin egindako tratamendu eta esperimentu basatiak azaleratu ziren, eta Poveglia izurritsuaren legenda beltza areagotu zuten eroetxeko izugarrikeriek.

Orduz geroztik irla abandonatuta dago, baina bertako mamuak ugaldu egin dira eta munduko toki madarikatu ezagunenetakoa da gaur egun. Ahaleginak egin dituzte toki pribilegiatuan dagoen lur zatitxoa berriro erabiltzeko, baina ez da lortu proiektu bat bera ere abiaraztea; 2014an enkantean salgai jarri zuten, baina eskaintza bakarra baxuegia izan zen. Koronabirusak ekarriko al du Poveglia berriro erabiltzeko proposamena eta legenda beltza elikatzeko bidea?