argia.eus
INPRIMATU
Negarretik jolasera
2020ko martxoaren 18a
Malkoak | Sibylle Delacroix | Itzulpena: Miren Agur Meabe
Ttarttalo, 2019 | 26 orrialde / haurrentzat
 

Bitxia benetan Ttarttalo etxeak argitaratutako liburu hau. Nork egiten duen negar, nolakoak izaten diren malkoak, malkoek zer sortarazten diguten… kontu horiek eta beste batzuk azaltzen zaizkigu Sibylle Delacroixen liburu hunkigarri honetan.
“Batzuetan, bihotzean min daukagunean, begiek gainezka egin, eta negarrez hasten gara.” Horrela hasten da malkoen inguruko kontakizun hau. Testu laburrez eta orri osoa betetzen duten irudiez osaturiko liburua. Egileak lapitzez eginiko ilustrazio errealisten bidez, askotan gizakiaren zati bat –begien ingurua, aurpegia…– marraztuz, lortzen du gure arreta guztia puntu zehatz batean zentratzea, sentimendu batekin bat egitea.
“Edonork egin dezake negar. Neskek, mutilek”, diosku, ezkerreko orrian bi malko isurtzen ari den neska eta eskuinekoan gauza bera egiten duen mutikoa erakutsiz. Baina haurrek bakarrik ez, helduek ere egiten dute negar, baita krokodiloek ere… eta “badira negar egiten duten zuhaitzak ere”.
Malkoak hau haurrari kontatzeko moduko liburua da. Ez du istorio bat azaltzen, egoera bat baizik, baina amaieran ikusi ahal izango dugun bezala, kontakizun guztia haur bati zuzenduta dago, negarrez ari den bati. Eta egileak, malkoei eta negarrei buruz azalpen guztiak eman ondoren, alaitasunerako eta jolaserako gonbita egiten dio haurrari. Gainera, gonbit horrek, “Eta orain, arindurik, prest gaude kanpora itzultzeko”, bide ematen dio kolore ugariz ilustraturiko amaiera zoriontsuari.
Liburu sinplea da Malkoak; gauza baten ingurukoa, malkoen eta negarraren ingurukoa, eta haur txiki bati azaltzeko moduko obra. Testu gutxi, ideia bakar batzuk, denak erlazionaturik eta orden batean, amaiera baten bila. Negarrez ari den haurra kanpora irten dadila bere lagunarekin jolastera. Sinplea esan dugu, baina ez horregatik landu gabea. Egileak ederki lortzen du erritmo egokia, ideia batetik bestera salto egitea irakurlea, negarrez ari den haurra bezala, lasaitzeko. Eta helburu horretarako hitza eta irudia erabiltzen ditu, bien arteko mezua plazaratuz.
Haurrari kontatzeko moduko liburua dela esan dut album goxo, hunkigarri hau. Ziur bainaiz altzoan hartu eta etxean lasai, heldua eta haurra liburuko orrietan barneratuz, une goxo eta atsegina igaroko duzuela.