argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Izurria
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko martxoaren 18a

Giza espeziea iraungitze bidean dagoenaren seinale garbia: koronabirusaren agerraldia dela eta, jendeak masiboki egin du komuneko paperaren pilaketa –eta puntu honetan, behar baino gutxiagotan erabili dudan esapide bat, zutabe hauen izpiritua bikainki harrapatuko lukeena: gertatzen zaigun guztia, eta gehiago, merezi dugu–. Era berean, giza espezieak salbaziorako esperantza txiki bat atxikitzen duenaren froga zalantzarik gabea: beste zelulosa klase bat, adimena garbitzekoa, erruz ugaritu da, koronabirusaren agerraldia dela eta: Albert Camusen La peste eleberriaren salmentak gora egin du nabarmenki, Frantzian, noski, baina baita Italian ere –Espainian ya tal–.

Egia esan, ez nau harritzen. Rieux, Tarrou, Paneloux eta gainerakoen eskutik ezagutuko baitugu Orango hiria jo zuen epidemiaren hasiera, garapena eta bukaera, zeina, desberdintasunak desberdintasun –izurria harrapatu zuena ia beti zihoan zulora–, ez den koronabirusaren agerralditik hain diferentea. Alegia, spoiler, Albert Camusen La peste eleberria irakurtzen duenak jakingo duela nola joango den, nola bukatuko den hau guztia. Eta jakingo duela epidemia oro norberaren arazoa ere badela eta norberak bete beharko lukeela bere eginbeharra. Jakingo duela, halaber, guztiok daramagula izurria geure baitan, zeren ez baitago inor, inor mundu osoan, horretatik libre dagoenik –Même ceux qui ne l’ont pas la portent dans leur cœur–. Jakingo duela, azken buruan, funtsera itzuli beharra dagoela. Izurriaren eta bizitzaren jokoan gizakiak irabaz dezakeen gauza bakarra ezagupena eta oroitzapena baita.

Gabriel Ferrater poetak esango lukeen bezala, ni ere ez naizenez Saint-Germaineko orandar bat, ez zait iruditzen beldurra gai handia denik literatura edo filosofiarako. Hori bai, gizaki askok izan dute beldurra, eta horiez hitz egin beharra dago.