argia.eus
INPRIMATU
Doinu bortitzak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2020ko martxoaren 18a
Ezherrian | Rodeo
Bonberenea Ekintzak, 2020

Rodeo (2017) eta Dilmun (2018) disko luzeak kaleratu ondoren, Ezherrian iraupen laburreko lana osatu du Zestoako Rodeo taldeak. Lau kanta eta sarrera moduko beste bat entzun daitezke, binilozko disko batean eta CD batean, bi euskarrietan argitaratu baitituzte, eta biak batera eskura daitezke Ezherrian lan berriarekin.
Aurreko diskoen jarraipena da, stoner-rock egiten jarraitzen dute, desert-rock eta post-rock ukitu batzuekin, baina kanta berriek rock kutsu handiagoa dute, taldekideek beraiek azaldu dutenez: “Oraingo honetan soinu klasikoagoetara jo dugu. Instrumentu guztiek ukitu ezberdinen bat dute aurreko lanekin alderatuz gero, orokorrean rockero edo old school ukitua dute instrumentu guztiek”.
Doinu indartsuak, sendoak, trinkoak, potoloak eta bortitzak dira, distortsioa da nagusi, baina era berean melodiak zaintzen dituzte, ahotsetan batez ere. Jainkoak, Belaunaldi galdua eta Herio kantek erritmo bizia dute, Ezherrian kanta astunagoa da eta Intro sarrera moduko pieza lasaiagoa da.
Kanten bidez, argi eta zuzen mintzo dira bidegabekeriez, zapalkuntzaz, agintarien kontrolaz, alienazioaz, eta horri guztiari aurre egin behar zaiola diote: “Gure ez diren etxeetan lo. Gure ez diren kaleetan oinez. Gure ez diren tresnekin lan. Behin eta berriz zapalduak. Behin eta berriz engainatuak. Ezjabeak. Aberririk gabe jaioak. Geurea eraikitzera kondenatuak” (Ezherrian); “Jainkoak sortzen, bideak mozten, etekinak lortzen, sormena itotzen. Kontuz, ez itsutu, zure begiak ireki itzazu” (Jainkoak).
Mikel Illarramendi (ahotsa eta gitarra), Ortzi Alberdi (gitarra eta koruak), Beñat Subinas (baxua) eta Oroitz Urbieta (bateria eta koruak) ederki aritzen dira beren musika tresnekin, eta energia eta kemen handia transmititzen dute kanten bidez. Haien jendaurreko emanaldietan ezin hobeto suma daiteke hori guztia. Iaz berrogeita hamar bat jendaurreko emanaldi egin zituzten, eta aurten ere asko egingo dituztela ematen du. Batzuk egin dituzte jadanik, urteko lehen asteetan, eta hurrengoak izango dira Tolosako Bonberenean (apirilak 4), Donapaleuko gaztetxean (apirilak 18) eta Amurrioko Burubio kultur elkartean (apirilak 24).