argia.eus
INPRIMATU
Denok hilko gara
Uxue Apaolaza Larrea 2020ko martxoaren 17a

Koronabirusak, kezkatu edo ez, gure buruen zati bat hartu du. Zaila da barruak eskatzen dizkigun purrustadak botatzea, heriotza aipatzen digutenean. Eta zutabea osatuta bidaltzeko zegoenean, Max von Sydow hil dela irakurri, eta xake-taularen aurrean ikusi dut, heriotzari denbora lapurtu nahian, Izurri Beltzak jotako ingurunean.

Azken egunotan, hileta elizkizun bat izan da kutsatze-fokuetako bat. Ohartarazpen bat dirudi: guztiok hilko gara. Hain argi ez dagoena da, zenbatek izango duen bizitzeko aukera hil baino lehen. Baina hori galdetzea, ziur, demagogia da. Hiltzeko beldurrez, bizitzeari uzteko prest gaude: hori da zentzuduna izatea.  

Esango didazue bizitzeko, nahitaezkoa dela ez hiltzea. Tira, eta zerk hiltzen gaitu? Nork galdetzen duen. Eta non. Galderak zerk beharrean nork izan behar luke. Baina aspaldi utzi genion gure beldurraren kontrola izateari, eta denok Bagdadetik ihesi lasterka abiatu gara morroi haren antzera, eta horretan arituko gara, arduratsu, Ispahan zenbat kilometrora dugun jakin gabe, itsuan.