argia.eus
INPRIMATU
Cosa Nostrakoentzako txangoak agendan
Maialen Berasategi Catalán @mberasca 2020ko martxoaren 17a

Bada ohitura bitxi bat udalen, hedabideen eta abarren agenda-orrietako ekitaldiak kalifikatzeko eta klasifikatzeko: begiratu bat eman, eta “familientzako txangoa”, “familia osoarentzako pelikula” eta antzekoak ikusiko dituzu nonahi.

Halakoak irakurtzen ditudanean, ni neu, testuetan jartzen duena –eta ez jarri nahi duena– ulertzeko joera gogaikarria eta zoritxarrekoa daukan hau, zurturik eta pentsakor geratu ohi naiz “familia” horiei begira-begira, zer esan nahi ote duten asmatu nahian: Cosa Nostra-ko famiglientzako ekitaldiak ote dira? Ni izebarekin joateko modukoak? Zahar-etxeratuta dagoen bikote bat joateko modukoak? Nire parean bizi den lagun-hirukote estu hori joateko modukoak? Alegia, ia edonorentzako ekitaldiak al dira, kontuan harturik gehienok dugula senideren bat han edo hemen, dela odolekoa, dela hautatua? Eta hala bada, hots, ia edonorentzako ekitaldiak baldin badira, ze nezesidade familiarena nabarmentzeko?

Bai, 2020an gaude, eta, testuetan hitzez hitz jartzen duenari ez baizik jarri nahi duenari erreparatzen diodanetan, hau da, idazlariarekin ulermen-hitzarmena sinatu eta esan gabe doana kaskezurrean deszifratzeko ohitura komenigarria hartzen dudanetan, konturatzen naiz familia umedunentzako ekitaldiez ari direla halakoetan agenda-orriak, eta instituzioak ere familia umedunez ari direla maiz beren ohar eta datuetan familiak edo familia-unitateak aipatzen dituztenean, edo ofizialki formalizatutako bikote batez osatutako familiei buruz bestela. Moderno ustekoak gara oso, gustatzen zaizkigu tutti-frutti familiak, are toleratu ere egiten ditugu batzuetan, baina familia familia da, denok dakigu zer den definitu beharrik gabe ere, ondotxo dakigun bezala zeren alde dauden beren burua familiaren aldeko aktibistatzat daukaten talde erlijiosoak ere. Berdin dio feministek dozenaka urte badaramatzate ere esaten familia izan daitekeela odolekoa ez ezik aukeratua ere, umeduna ez ezik umegabea ere, maitasun erromantikozkoa ez ezik ahizpatasun- edo laguntasun-maitasunezkoa ere.

Kontua da zaila dela, zaila denez, halako familia arauz bestekoak osatzea eta praktikan iraunaraztea: ez ahalegintzen direnen borondate faltagatik, baizik lege- eta gizarte-babes eskasa izan ohi dutelako. Erreparatu, bestela, zure lan-itunari, lan-itunik baduzu behintzat: nor hiltzen denean daukazu baimen-egun batzuk hartzeko eskubidea? Nor gaixotzen denean daukazu hura zaintzeko edo medikuarenera eramateko baimena? Erreparatu arau sozialei: norekin pasatzen ditugu oporrak, Gabonak? Edo erreparatu legeari oro har: zer familia klasek ditu zerga-kenkariak eta halako beste laguntza batzuk?

Horrek denak gutxi du ausatik, noski. Sistema esaten diogun sorgin-gurpil honek ederki daki zer familia iraunaraztea komeni zaion guztia aldaturik ere ezertxo ere alda ez dadin, eta familia horixe sustatuko, lagunduko, bibatuko du beti, baita agian hura ispilatzen duten bestelako familia batzuk ere. Ordea, familia ez-nuklearrak edo tradizioz bestekoak osatzea benetan izan ledin aukera bat eta ez oztoparriz jositako ginkana amaigabe bat, familia nuklearrak edo tradizionalak benetan izan behar luke aukera bat huts-hutsean, beste askoren artekoa, eta ez familia antonomasikoa, ibai-laster sozioekonomiko guztiak itsasoratzen diren ozeanoa. Horretarako, lege-arauak aldatzea da noski mesedegarri, baina baita joko-arauak eta iruditeriak aldatzea ere: agenda-orrietatik bertatik hasita.