argia.eus
INPRIMATU
Biba ardoak
Topa ardoaren kultura osasuntsu eta herritarraren alde
Garazi Zabaleta 2020ko martxoaren 18a
Martxoaren 2an egin zuten proiektuaren aurkezpena Donostiako Tabakalerako Taba gunean.
Martxoaren 2an egin zuten proiektuaren aurkezpena Donostiako Tabakalerako Taba gunean.

Duela 10-15 urtetik aldaketa nabarmena izan du ardoaren industriak munduan: mahastizain eta ardogilearen figura berreskuratzen ari da eta berriro ere mahastira itzultzen ari dira, ardo garbiak eta ekologikoak eginez”. Arturo Villanueva Arteaga Biba Ardoak proiektuko koordinatzailearen hitzak dira. Ardoaren kulturan ematen ari den aldaketa hori Euskal Herrian ere ematea dute helburu. Horretarako batu dira hamalau mahastizain eta ardogile txiki, gurean agroekologiaren baitan sortzen ari den mugimendua ikusita, eraldaketa hori ardora eramateko baldintza egokiak daudela konbentzituta. Martxoaren 2an egin zuten proiektuaren aurkezpena Donostiako Tabakalerako Taba gunean.

Banaketarako proiektua   

Euskal Herrian ekoizten diren ardo ekologiko, biodinamiko eta naturalen banaketarako sortu dute Biba Ardoak. Ez du ardorik ekoizten: banaketarako eta lan komertzialerako kooperatiba da.

80 ardok osatzen dute katalogoa, horien artean hainbat jatorri deituratakoak: Arabar Errioxa, Nafar Errioxa, Irulegikoa, Nafarroakoa, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina. Guztiek lantzen dituzte mahastiak eta beraiek dira ardoak egiten dituztenak, proiektuan ezarritako minimo eta bermeak betez. “Giza neurriko proiektuak dira sare honetako ekoizpen guztiak, eta eredu agroekologikoaren aldeko apustua egin dute”. Eredu agroekologikotik harago, gainera, Bibako zenbait ekoizlek eredu biodinamikoan dihardute.

Sarea helburu

Jatetxe, taberna, kontsumo kooperatiba eta elkarte eta elikadura burujabetzaren alde lanean diharduten bestelako agenteekin saretzea eta dinamikak sortzea dute helburu. Bere bidea hasi berri du proiektuak, eta pixkanaka, pausoz pauso joanen dira aurrera egiten.

“Janariari garrantzia gehiago ematen zaio orokorrean, badirudi ardoarekin jendeari berdin zaiola. Ez gara ohartzen garrantzia bera duela, eta betiko ardo pozoitu eta kapitalista edaten jarraitzen dugu”, dio koordinatzaileak. Hemendik aurrera ez dago aitzakiarik: bibaardoak.eus webgunean aurki daiteke proiektuaren gaineko informazio guztia.