argia.eus
INPRIMATU
Mateo efektua
  • Kapitalismoaren “birfundazioaz” liburu berriak sortzen diren bitartean, kapitalismo horren kudeatzaileek 2019 urteak eman diena azaldu digute. Irabazi handiak izan dituzte enpresentzat eta, batez ere, zuzendaritzako buruentzat; irabazi globalak murriztu badira ere, haiek jarraitu dute soldata eta osagarri eskandalagarriak poltsikoratzen.

Juan Mari Arregi 2020ko martxoaren 11

Ibex espainiar indizeko 35 enpresa kotizatuek 507.822 milioi euroko salmentak izan dituzte eta 27.054 milioi irabazi, aurreko urtean baino %35,9 gutxiago. Enpresa horietako zuzendaritzako kideek 696 milioi euro jaso dituzte soldata eta osagarrien bidez, horietatik 323 milioi administrazio kontseilukoen poltsikora joan dira –iaz baino %7,75 gehiago– eta beste 372,7 milioi goi zuzendaritzakoenera. Madrilgo burtsako etengabeko merkatuko 79 enpresen irabaziak gehituz gero, 2019ko mozkin osoa –EAEko zenbait enpresa barne– 30.205 milioikoa da.

Enpresa handietako presidente batzuek kobratzen dutenaren adibide bi: 2019an, Iberdrolako Jose Ignacio Sánchez Galánek 10,43 milioi euro jaso zituen, eta Santander Taldeko Ana Botinek 9,95 milioi. Finantza-eskandalu hori handitzen ari den bitartean, gutxieneko soldata 950 eurokoa da, gutxieneko pentsioek ez dituzte 650 euro gainditzen, eta langabezia, prekarietatea eta gizarte-bazterketa areagotzen ari dira. Hori da sistema kapitalistak sortzen duena, “Mateo efektua” deritzona: “Gehien duenari, gehiago emango zaio, eta gutxien duenari, kendu egingo zaio, gehien duenari emateko”.

Kapitalismoa birsortzea ez da sistema berri bat sortzea, baizik eta “merkatuko gehiegikeriak” ezabatzeko formula kosmetikoak bilatzea, bizirik iraun eta iraultza sozial erradikalenak saihesteko. Kapitalismoa beti izango da injustizia, desberdintasun eta bazterketa sozialaren sortzaile.