Elikadura osasuntsua defendatzen du Garazi Lizarraga Lertxundik (1989, Irun). Gasteizen burutu zituen elikadura ikasketak. Bi urtez ostalaritzan aritu ostean, bere kasa hasi zen elikadurari loturiko “bestelako mundu” batean murgiltzen. Ordurarte ikusi zuenarekin ez baitzuen bat egiten. Jaten denaz gain, nola jaten den ere aztertzen du Lizarragak. Dietista da, baina balantza bazter batean du kontsultan. Garrantzia kentzen saiatzen dela esan digu, defendatzen duen elikadura eredua, zenbakietatik haratago baitoa.
Zer da Fylab, laborategia?
Osasunari loturiko zentroa da. Hainbat espezialista ari gara bertan lanean, izan dietetika alorrean, psikologian ala fisioterapian. Ohartzen gara, gugana jotzen duten pertsonen arazoak lantze bidean, hainbat adarretatik egin daitekeela lanketa. Nire esparrura etorrita, adibidez, elikadurarekin loturiko arazo bat oso lotua egon daiteke psikologiarekin. Beraz elkarlan horrek aukera gehiago eskaintzen dizkio datorrenari, landu eta konpondu nahi duen hori errotik hartu eta modu integralean gainditzeko. Antsietate kasu asko, adibidez, elikadurarekin loturik egon ohi dira. Dieta ez egoki batekin. Beraz kasu horretan, kotsumitzeko bidea landu beharko genuke arazoa duen pertsona horrekin. Bestalde, lan paraleloa egin beharko luke psikologoarekin. Kasu horretan gainera, elikadura laguntza faktore bat litzake seguruena, iparrorratza lan psikologikoa izanik.
Zuk nola egiten duzu lana? Nolakoa da lehen kontsulta?
Nik heziketatik lantzen dut elikadura. Elikadura osasuntsua aldarrikatzen dut. Helburua izan ohi da, etortzen den orori, osasuntsu jatea zer den erakustea. Lehen kontsultan informazioa atera ohi dut. Bere egunerokotasuna eta ohituren inguruan galdetzen diot. Otorduetako ohiturak, noiz eta nola jaten duen, ariketa fisikoa egiten ote duen… Informazio oro da interesgarri eta garrantzitsua dieta osasuntsua izate aldera. Hala ere, pertsona bakoitzak bere erritmoa du, eta hori errespetatzea ezinbestekoa da. Zuritik beltzerako aldaketek ez dute luze irauten. Nahiago dut poliki eta sakon lan egin, emaitza azkar eta onak bortxatu baino. Hori ez baita epe luzerako izaten.
Normalean ez dut kalorien formula erabiltzen, hori baino sinpleagoa eta praktikoagoa den formula baizik: elikagaiak jan eta ultraprozesatuak kendu gure egunerokotasunetik. Hamabost kilo galtzeko premia duena etorri daiteke nigana noski, eta bere osasuna jokoan badago galduko ditu kilo horiek. Elikadura osasuntsuak ere pisua apaltzea bila lezake, baina behar den erritmoan. Obesitatea edota gehiegizko pisua ez baitira osasuntsuak.
Zure ikuspegitik, zein da dieta osasuntsua?
Nik plater nutrizionala erabiltzen dut. Garai batean oso modan egon zen piramidea ez dut gustuko. Izan ere, piramide goialdean jartzen diren goxoki, azukre edota alkohola ez daude dieta osasuntsu baten barruan. Beraz nire iritziz ez lukete agertu beharko. Horrek ez du esan nahi inoiz kontsumitu ezin direnik, baina nik nahiago dut ikusgarritasunik ez ematea dieta osasuntsu baten iruditegian, berez jendeak jaten dituelako. Uste dut osasungintzako profesionalok ez genituzkeela agerrarazi behar.
Plater nutrizionala batez ere bazkari eta afarietan zer jan beharko genukeen azaltzeko erabiltzen dut. Barazkiak dira dieta osasuntsuaren zutabe, eta gainontzeko osagarriak ere txertatuak daude noski.
Nola pasa ordea piramidetik plater nutrizionalera, “tentazioak” ezabatuz?
Nik ez dut inoiz deus kentzen dietatik. Nigana datorren pertsonak kendu behar ditu halakoak bere dietatik. Berak erabaki behar du zer kendu eta noiz arte. Berak hartu behar du konpromisoa eta ez nik. Bere osasunaren aldeko lana egiten ari da
azken finean. Berak gozatuko du emaitzarekin. Ni bide horretan laguntzeko nago. Badago bizkotxo osasuntsu bat etxean egiteko aukera, eta aukera hobea da bai, baina ezin dugu ezta ere horretara lerratu.
Zer jan eta zer ez erabakitzea, hautu politikoa dela esango zenuke?
Bai, noski. Baina ez dut uste une hauetan nigana etortzen direnek behintzat hala pentsatzen dutenik, edo horretaz kontziente direnik. Arazoa konpontzera etortzen dira gugana. Nik esan diezaieket jaten duguna garela, hala uste baitut, baina azken batean nahiko lan izan ohi du berak elikadura osasuntsu bat martxan jartzearekin. Ez baita erraza, ohiturak asko aldatzea eskatzen dio jende askori. Kontsumoa ere begiratzeko esaten diet. Sasoian sasoikoa jateko adibidez. Nik osatzen dizkiedan menuetan, hori errespetatzen ahalegintzen naiz.
Tranpak detektatzen dituzu?
Kar, kar, kar… balantzari garrantzia kentzen saiatzen naiz, baina normalean gehiengoak pisuaren jarraipena egin nahi izaten du. Hitz egiten hasten garenean dena errespetatu dela dirudi, egunez eguneko errepasoari ekin orduko aldiz, bateko eta besteko erorketak eta huts egiteak azaleratzen dira. Oztopoak gutxitzen doazen heinean, hilabetera luzatzen dugu kontsulta epea.
Haur obesitateak kezka piztu ohi du.
Kezkagarria baita. Haurrak pisuarekin arazoak dituela esanez etortzen dira guraso asko. Nik kasu horietan familia osoa ekarrarazten dut. Gehienetan familia osoak ikasi behar baitu osasuntsu jaten eta ez haurrak soilik. Gainera gaia oso bortitza izan daiteke haurrarentzat. Elikadura osasuntsua etxetik hasten dela esaten diet. Eta elkarrekin sukaldatzera animatzen ditut. Osagai ezberdinak erabiliz, modu dibertigarrian eginez, errazagoa izan ohi da txikienak ere dieta egokira bideratzea.