argia.eus
INPRIMATU
Montenegroko agintari autoritario maitagarriak
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2020ko martxoaren 03a

Azkeneko asteetan Montenegron mobilizazio erraldoiak izaten ari dira Parlamentuak onartu duen Erlijio Askatasunaren Legearen kontra. Alde batetik, legeak hainbat eliza-erlijioari derrigortzen dio 1918an baino lehenago eraikitako tenpluen jabetza frogak aurkeztera eraikinak nazionalizatuak izan ez daitezen, eta bestalde, legeak edozein elizari debekatzen dio atzerriko herrialde baten izena izatea.

Bi neurri horiek Montenegroko Serbiar Eliza Ortodoxoa eraso egitea dute helburu, herrialdeko populazioaren ia %75aren eliza. Lehen pausoa Eliza Ortodoxo Montenegroarra sortu eta honi serbiar elizari kendutako tenpluak erabiltzeko emakida egitea litzateke; bigarrena egun herrialdean nagusi den eliza legez kanpo uztea eliz-migrazioa bultzatzeko.

Historikoki montenegroarrek serbiarretan serbiarrena bezala kontsideratu dute beraien nortasuna, izan ere, hizkuntza eta erlijio berbera izateaz gain, Zetako printzerria, geroago Montenegroko Printzerria izango zena, Serbiako Erresumak sortu zuen.

XVI. mendean Otomandar Inperioak serbiar lurralde gehienak okupatu zituen, Montenegroko Printzerria izan ezik, hortik dator superserbiar sentimendua: inoiz ez okupatuak. 1918an Serbiak eta Montenegrok I. Jugoslavian batasuna lortu zuten. Ondoren, Jugoslavia sozialistak biak banatu zituen serbiarren boterea ahultzeko. Halere, bi errepublikek bandera berbera konpartitzen jarraitu zuten Montenegroko Printzerriak/Erresumak eta Serbiako Erresumak konpartitu zuten bezala XIX. mende amaieratik.
1992ko Montenegroko independentziari buruzko erreferendumean ia %97k Jugoslavian jarraitzearen alde egin zuen eta soilik %3k independentzia babestu. Baina, Montenegro turismoaz bizi da nagusiki eta 1990eko hamarkada amaierarako Jugoslavia herrialde paria bilakatu zen gerrengatik eta zigor ekonomikoengatik.

1999an NATOk Serbia eta Montenegro bonbardatu zituen eta orduan, Montenegron agintean zegoen elite politikoak boterea mantentzeko marko alemana moneta bezala hartu eta Mendebaldearen esanetara jarri zen. 2006an %55,5ak independentzia babestu zuen, boto albaniarra eta musulmana klabeak izan ziren garaipenerako.

Teoria instituzionalistek diote herrialde bat independente bilakatzen den unetik estatuaren nortasun nazionala indartu egiten dela. Montenegro salbuespena da. 1948an bere herritarren %90,7 montenegroar nazionalitatearekin identifikatzen zen, gehiengo oso zabal batentzat serbiar izateko modu bat zelako; 2011n, aldiz, %45 baino ez zen identifikatzen montenegroar nazionalitatearekin. Horregatik, gobernua montenegroar hizkuntza sortzen saiatu zen, nahiz eta azkenean bataila hau galdu egin duen. Orain ideia berria da eliza bat sortzea, baina erabakiak montenegroar nazionalista askoren artean hautsak harrotu ditu eta kalera atera dira protestatzera serbiar nazionalistekin batera.

Bost urte dira Montenegron mobilizazio masiboak daudela hainbat motiborengatik, baina ez da kasualitatea horiek guztiek Mendebaldeko hedabideetan oihartzun txikia izatea, izan ere, EBk eta NATOk babesten duten gobernuaren kontrakoak dira. Azken horiek garbi dute Milo Đukanović boterean egon ezean Montenegro ez luketela hain erraz kontrolatuko. Horregatik Mendebaldeari ez zaio gehiegi inporta Đukanovićek 32 urte betetzea boterean, neurri autoritarioak hartzea, oposizioari jazarpen judiziala egitea eta ustelkeria itsaso batean igeri egitea. Horiek guztiak barkatzeko modukoak dira baldin eta horrek segurtatzen badu Montenegro Mendebaldearen esanetara dagoela.